Hori esan dut zeren hau izango da, denbora batean behintzat, Atariarako idatziko dudan azkeneko iritzi-zutabea. Autoa geratu, «Atariarako zutabeak» maleta hartu eta penaz utziko dut lurrean. Gero, berriro abiatzen naizenean, begiak bakarrik joango zaizkit atzerako ispiluan urruntzen den maletara. Normala izango da nostalgia puntu bat jartzea horrek guztiak. Azken batean, maleta horrek bost urte t'erdi eman ditu nirekin; 30 zutabe, beste hainbat zirriborro eta Eneritzekin, Itzearekin eta Naiararekin mezu-truke polita dauzka barruan. Bada zerbait.
Berez, gainera, nostalgiak ez du zertan txarra izan. Edo bai, zeren azkenaldiko revival giro honek ez dit bibrazio onik ekartzen. Ez dakit 80-90eko hamarkadako talderik geratzen den oholtzara itzultzeko eta, zer esango dizuet, dibortzioa gaizki daraman 45 urteko betigazte itxura hartzen diet askotan, bigarren nerabezaroa bizi nahian (edo hobe, lehenengoa berriro, ezer aldatu gabe). Eta, aldi berean, gehienok badakizue istorio zaharrak entzutea eta irakurtzea zenbat gustatzen zaidan. Agian, kontua zera da: atzeko ispilutik begiratzea berez ez dagoela gaizki, ona ere izan daitekeela gidatzerakoan, baina atzean geratu den horretan bizitzea... ez dakit ba. Erretrobisoreari begira bakarrik gidatuko ez genukeen bezala, ezta? Diot.
Ez dizuet esan, baina 'Ataria'-ren maleta metaforikoa uzten dudanean, 'Ataria'-ren koadernoa aterako dut handik, azalean «Hemen unibertso oso bat kabitzen da» eta «Hasiko gara idazten?» esaten duena. Auto metaforikoaren atzeko aldean jarriko dut, atzeko ispiluari begiratutakoan ikusteko moduan.
Ez dizuet esan, baina Atariaren maleta metaforikoa uzten dudanean, Atariaren koadernoa aterako dut handik, azalean «Hemen unibertso oso bat kabitzen da» eta «Hasiko gara idazten?» esaten duena. Auto metaforikoaren atzeko aldean jarri dut, atzeko ispiluari begiratutakoan ikusteko moduan. Horrela, atzera begiratzen dudanetan, iraganeko maleta bat beharrean, hasi nintzeneko grina etorriko zait burura. Eta inoiz zutabeetara itzultzen banaiz, gogo horretatik itzuliko naiz, nostalgiatik baino.