Ez alferrik, moda gogorra jarri da plangintzak eta tesiak eta txostenak eta komunikatuak idazten dituzten erakundeek hitz santu hori sartzeko eginahalak egin ditzaten. Euskaltzaindiak ere onartuta omen dauka sare modura antolatzearen esanahi hori sareturentzat, baina ea, orain gutxi arte eta hemen inguruan behintzat, beste esanahia zabalduago zegoela ez ukatu niri.
Galtzerdiak, alkandorak, galtzen hankarteak eta horrelakoak saretzen dira ezer baino lehen neure buruan. Saretzea entzun eta josturak askatzea edo ehunak laxatzea etortzen zait.
Galtzerdiak, alkandorak, galtzen hankarteak eta horrelakoak saretzen dira ezer baino lehen neure buruan. Saretzea entzun eta josturak askatzea edo ehunak laxatzea etortzen zait. Edo, bestela, Andoni Aizpuru hodeitzak saretzera egingo duela esaten. Dena dela, trinkotasuna galtzea behintzat, zerbait xare-xare eginda egotea. Hortaz, entzuten badut euskaltzaleak saretzea dela helburua, langile klasea saretzera deitzen dela edo antzeko zerbait, buruak mezu kontrajarriak ekartzen dizkit.
Euskaltzaleak saretu? Gehiago? Langileak ere bai? Berez nahikoa mezu ez balego bezala horretarako: telebistan agertzen diren hiritar neutro horiek grebek eragin dien kalteaz hizketan, hitzarmen kolektiboen edo sindikatuen kulpaz sortu gabe geratzen omen diren lanpostuak nahiz beste sutxakur asko. Noski, motz-motza ere ez naiz eta badakit mezua hori ez dela. Baina, hala ere, gaizki afinatutako akorde bat entzuten dut nahi gabe.
Hori bai: hitz eta esamolde kutsakor horiek ez, baina autoantonimoak gustatzen zaizkit. Esaldi jostalari asko sor daitezke eurekin («Herrietako bizitza saretu ez dadin, beharrezkoa da belaunaldi, talde, eragile desberdinak saretzea»). Gustatzen zaizkidan bezala euren zilborrari begira bizi ez direnak, kontzientzia kolektiboa daukatenak. Eta ikusita horietako askok saretu desberdin erabiltzen dutela, agian merezi du hitz baten esanahia saretzeak, kolektiboki pentsatzearen truke. Ikasi behar da borrokak aukeratzen ere.