Eneko Labaka, Garferen binakako txapelketako irabazle

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko uztailaren 12a

Eneko Labaka albizturtarrak Garfe pilota enpresako binakako txapelketako finala irabazi zuen, larunbatean, Aranda de Dueroko (Burgos) Udal Pilotalekuan. Joseba Aldaverekin bikotea osatuz, 22 eta 7 hartu zituzten mendean Ugaitz Elizalde eta Iosu Bergera.

Hasieratik bukaerara, bikote nafarra baino sendoago aritu ziren Labaka eta Aldave. «Uste genuena baina errazagoa izan zen. Lehen tantoetan berdintasuna izan zen nagusi, eta 7 eta 6 jarri ginen irabazten». Bigarren zatian, ordea, nahi bezala aritu ziren irabazleak. «Beraiek hutsegite asko egin zituzten, eta guk ere gehiago asmatu genuen. Aise lortu genuen markagailuan alde egin eta 22ra iristea». Albizturtarrak, gainera, izan zituen aukera ia guztiak aprobetxatu zituen.

Labakak nabarmendu duenez, erregularrak izateak eraman zien partida irabaztera. «Urduritasuna faktore esanguratsua izan ohi da finaletan, eta urduritasun horrek eragin handia izan zuen aurkariengan». Irabazleek bikote oso sendoa osatu dute txapelketa osoan zehar, eta are gehiago, finalean.

Txapelarekin nahikoa ez, eta aurrelari albizturtarra izendatu zuten txapelketako pilotari onena. «Oso gustura nago, sorpresa handia izan baita, baina Josebak (Aldavek) ere txapelketa bikaina egin du». Aurrerantzean, ahal den partida gehien jokatzea da bere asmoa. «Partidarik ezean, alperrik da entrenatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!