Eboluzioa eta kirolaren subkultura (serio ez hartzeko zutabea)

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2021eko uztailaren 10a

Esango dizuet nola azaltzen zuen 1809an Jean-Baptiste Lamarck zientzialariak jirafek daukaten lepo luzea. Urte luzeen poderioz, zuhaitz altuetako hostoak jateko egiten zuten ahaleginagatik eta jartzen zuten posturagatik, pixkanaka gaur egungo forma hartzen joan omen zitzaien jirafen lepoei.

Handik hamarkada batzuetara etorri zen Darwin esatera ezetz, jirafei lepoa ez zitzaiela ahaleginagatik luzatu, kontua makabroagoa zela: luzera desberdineko lepoekin jaiotzen ziren jirafak, lepo-luzeek beheko eta goiko hostoak harrapa zitzaketen, baina lepo-motzak, koitaduak, ahaleginik handiena eginda ere, ezin iritsi goiko hostoetara. Lan handirik ez asmatzen zer gertatuko zen eskasia zetorrenean: lepo-luzeak bapo, lepo-motzak papo; lehenak ugaldu eta bigarrenak galdu. Kontua ez zen, beraz, lepoa luzatzen zitzaiela pixkanaka, baizik eta etorkizun beltzaren aurrean hobeto prestatuta zeudela.

Duela urte batzuk asko entzuten zen dena elektriko, erraz, eskuragarri eta eskailera mekaniko izanda etorkizuneko munduan gaitasun fisikoak eskastuko direla. Nik horren kontrako erreakzio lamarckiar gisa ulertzen dut gaur egungo kirolaren subkultura. Badakizue nortzuei buruz ari naizen: hasi igerian tope, gero bizikleta modan dagoela eta eman horri, mendian korrika, ultratrailak… Te bat, te bi, te hiru ere bai, detox eta beste nik dakit zenbat gauza healthyrekin osatzen da subkultura hori. Eta zer nahi duzue esatea, niri lepo motxeko jirafa koitaduak iruditzen zaizkit, eskasia aurreikusi eta lepoari bultzaka patua atzeratu nahian. Ultrakirolzaleak! Alferrik ari zarete «sufrituz gozatzen», alferrok jada etorkizunean bizi garenean!

Disclaimer / esku-garbiketa: titulutik abisatuta zeundeten zutabeari kasu handirik ez egiteko. Ni ez bainaiz ez eboluzioan, ez osasunean, ez etorkizunean aditua [...] Baina, tira, kirola ere... Erotu ez dugu egin behar.

(Disclaimer/esku-garbiketa: titulutik abisatuta zeundeten zutabeari kasu handirik ez egiteko. Ni ez bainaiz ez eboluzioan, ez osasunean, ez etorkizunean aditua, nekez topatuko duzue gomendio txukunik gai horietaz. Izatekotan, oso serio ez hartzeko gauzak azaltzen dira: lehenik eta behin, nire zutabea. Baina, tira, kirola ere… Erotu ez dugu egin behar).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!