Ur zikina eta garbia bereiziko dituen sarea egiten hasiko dira

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 6a, 19:00

441.420 euroko aurrekontua du Albizturko Udalak, eta esku artean proiektu ezberdinak dituzte; aurreikusi gabe izan arren, ur zikinak bideratzeko sareko lehen lanei ekingo die.

441.420 euroko aurrekontua onartu du Albizturko Udalak 2021 urterako. Hasiera batean aurtengorako ur zikinen sarearen lanak aurreikusi ez bazituzten ere, aurten hasiko dira lehen zatiarekin. Urteetako lana izango dute aurretik, eta zatika osatu beharko dute. «Sare osoa egitea asko luzatuko da, eta dena batera egiteko gaitasunik ez dugu», dio Iñaki Orbegozo alkateak.

Udal guztien moduan, Foru Funtsetik diru gutxiago jaso dute. Hala ere, Albizturko Udala «osasuntsu» dago diru aldetik, eta gerakinean dirua baduela aitortu du Oihan Ostolaza idazkariak. Aurten aurrekontu defizitarioak onartzeko baimena zutela kontatu du, baina Albizturko Udalak defizitik gabeko aurrekontua onartzea erabaki du. «Herrian beharrak badaude, gastatuko da», adierazi dute.

Iazkoari begiratu diote hasteko, eta iaz, gastatu gabe utzitako partidetako bat inbertsioena izan zuten. Urtero egiten duten errepide konponketa bat izan zen eta aurten baliatuko dute. Bestea, hilerriko konponketak dira. Hilerrian lan batzuk egin zituztela aurreratu dute, baina egin beharreko proiektu nagusia ez zela egin pandemia tarteko.

Idazkariak aurrekontuaren ia %85 herriak «funtzionatzeko» behar dituen gastuetara bideratzen dela azaldu du, eta %10-15 inbertsioetarako geratzen dela.

Aurtengo inbertsioetan sartuta lehena hilerrikoa izan da. Dagoeneko ez zuten horma hilobirik libre, eta horietako batzuk libratzea izan zen egin zuten lanetako bat. Bigarren fasean, kolunbarioak jarri nahi dituzte: «Obra zibil bat egin nahi da, eta hilerria pixka bat gehiago txukundu. Obra nahiko serioa da egin nahi dena». 24.805 euro aurreikusi dituzte.

Albizturtik Urkizura doan bideko errepide zati bat ere konpondu nahi dute, baina horretarako diru laguntza eskatuko dute, eta diru laguntza jasota bidea berritzea espero dute. Kasu honetan, 15.000 euro jarri dituzte konponketa lan horietarako. Hilerrirako ere diru laguntza lortzen ahaleginduko dira, baina «zail» ikusten dute laguntzarik jasotzea, eta lan hauek gauzatu ahal izateko, ur hoditeriarako diru laguntza lortzea beharrezkoa izango dute.

HERRIKO URA

Albizturko Udala Gipuzkoako Urak-en sartu gabeko herri gutxi horietako bat da. Herrian ur asko, eta bere garaian, udalak ez sartzea erabaki zuen. Gaur egun, udal langileak kudeatzen du herriko ura, baina ura hornitzeak ez du ekarri arazoa, baizik eta ur zikinen kudeaketa guztia egin beharrak. Orain, ur zikinak eta garbiak erreka berean doazela azaldu dute. «Asko gogortu da arautegia eta zentzuzkoa da, eta hori zuzendu egin behar dugula exijitu digute», dio Ostolazak.

«Ur garbiaren kudeaketa bera ere gero eta zailagoa da», dio idazkariak. «Herriko langilearentzat lan asko da, eta egin beharreko lana ere gero eta zorrotzagoa da». Eusko Jaurlaritzako Ura Ur Agentziatik iritsi zitzaien errekerimendua, eta «bai ala bai» aldatu beharra dagoela Albizturren duten egoera eskatu zieten.

Udalari dagokio herriko ur zikinak bereizi eta bideratzea. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dute egoeraz, eta Gipuzkoako Urak-en sartzeko erabakia ere bideratua dute. «Hizketan hasita gaude dagoeneko, eta momentu honetan beraien zain gaude», esan du Iñaki Orbegozo alkateak. Urrian sartzea espero dute.

Gipuzkoako Urak eta aldundia Albiztur eta Tolosa arteko bideaz arduratuko dira. «Horra iristeko egin behar diren adar ezberdinak guri egokituko zaizkigu egitea», azaldu dute udaletik.

Albizturren araztegia egiteak ez duela zentzurik, eta Tolosara bideratuko dituzte ur zikinak. Hori bai, proiektu handia izango da Albiztur herriarentzat eta hainbat urtetan egingo dituzte lanak, baina aldundia lan horiekin hasten denerako, herriguneko sarea prest izan beharko dute Albizturren.

Aurten hasiko dituzte lanak herrigunean etxe berri bat egiten hasi direla aprobetxatuz, eta gune horri dagokion zatia prestatuko dute. Udalaren asmoa, honelako mugimendu bat dagoen bakoitzean hoditeria lanak aurreratzen joatea izango dela azpimarratu dute. Eta mugimendurik egon gabe ere, leku zehatzetan obrak egiten joan beharko dutela diote.

Hasiera batean aurrekontuan aurreikusi gabeko obrak direla esan dute ur zikinen hoditeriako lanak, baina etxe berri bat egiten hasita, orain egin beharrekotzat ikusi dute. Gerakinean duten dirutik 100.000 euro bideratuko dituzte obra horietara. Hala ere, Leader programara diru laguntza eskatu dute obrara bideratzeko, eta jasotzea espero dute.

UDALA BITARTEKARI

Herriko beharrei tiratuz, gazteei begira e gin nahi diren etxebizitzen gaia lantzen ari da Albizturko Udala. «Ez da udal aurrekontuaren barrukoa, baina, ahal den neurrian hemendik lagundu beharrekoa dela ikusten dugu», gaineratu du Orbegozok. Udalak bitartekari lanak egiten lagunduko du baserri jabe eta gazteen artean, eta lau bat etxebizitza egitea izango litzateke helburua. Orain etxebizitza zein izango litzatekeen aukeratze lanetan ari dira.

Era berean, pandemia tarteko, nabarmendu dute baserri zahar asko saldu direla azken urtean.

FESTA NAHI

Albizturko Udalak urtero moduan aurreikusi du diru kopuru bat festak antolatu ahal izateko, baina alkateak garbi utzi du ez dela ohiko festarik izango. Ama Birjinaren egunean herrikoentzat zerbait egiteko intentzioa badutela aurreratu badu ere, egoera zein den ikusi beharko dutela azaldu du. Hala ere, festak abuztu erdian izanda «itxaropentsu» daude, eta herritarrei begira zerbait egiteko «beharra» badagoela adierazi du.

Horrez gain, herriko ikasleei begira ikasturtea amaitu eta udaleku irekiak egingo dituzte hiru astez. Kasu honetan, ez dute zalantzarik egin antolatzerako orduan. Irteerak egin ohi zituztela azaldu dute, eta aurten, ia ziur, herritik atera gabe ibili beharko dutela esan dute.


ZENBAKITAN

SARRERAK                                         EUROAK

Zuzeneko zergak                                          85.700

Zeharkako zergak                                        20.000

Tasak eta bestelako zergak                         50.150
 
Transferentzia arruntak                          284.3206

Ondare sarrerak                                              1.250

GASTUAK                                               EUROAK

Pertsonal gastuak                                       193.000

Ondasun arrunt eta zerbitzuetan             137.510

Finantza gastuak                                           1.000

Transferentzia arruntak                            66.105

Inbertsio errealak                                       30.805
 
Finantza pasiboak                                      13.000

GUZTIRA                                                 441.420

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!