Jakina da egungo koiuntura [koiuntúra] okerra urte luzeetan aurrera eraman den saretze baten emaitza dela, non hitzartze zein idatzi ulergaitz bezain desegokiak direla medio, nahiz lanketa okerreko ildoen bidez, zeinaren bitartez mahaigaineratu [mahaigainerátu] egin diren hutsune eta gabezia anitz, horrekin batera hedatuz euskaraz ondo egitea esaldi luze konplikatuak eta esamolde «jaso» ponposoak erabiltzea delaren ideia.
Orain hori irakurrita barre egingo duzue, baina libratu, hemen inor gutxi libratzen da. Birusak berdin erasaten die kaxeroei, gekaeseroei eta filosoferoei; berdin jotzen ditu doktoreak, liberatuak eta funtzionarioak (euskara teknikari zenbait ez azkena). Nolabait sartu zaigu buruan hobe dela goiko paragrafo hori, nik zer dakit ba, prestamo dudosoren bat ibiltzea baino. Eta hortxe denok, turismo bulegoko planoekin bezala, esaldiak nondik eta nola tolestu asmatu ezinik, desesperatuta.
Ondo ulertu behar da arazoa: hau ez da euskaldun berri/zahar, euskalki/euskara batu edo euskara garbi/mordoilo eztabaidaren beste kapitulu bat. Hizkuntza bixi jostariaren eta tramankulu-hizkeraren arteko gerra da; ez dena euskaran bakarrik gertatzen, gainera.
Ondo ulertu behar da arazoa: hau ez da euskaldun berri/zahar, euskalki/ euskara batu edo euskara garbi/mordoilo eztabaidaren beste kapitulu bat. Hizkuntza bixi jostariaren eta tramankulu -hizkeraren arteko gerra da; ez dena euskaran bakarrik gertatzen, gainera.
Hemendik ere egin daiteke zerbait, ordea. Zuzentasun korrektisimo batekin jendea eta gure burua ez itotzea, esate baterako. Errazago izango da hizkuntza nahieran erabiltzen duenari, behar denean eta behar den lekurako, zuzentasun gida batzuk ematea, no? ezta? Edo iturri egokietatik edatea. Zeren, benetan, gaztelaniazko zortzi kilometroko esaldiak oinarri hartuta egin behar ditugu idatziak? Has gintezke berrikasten hizkuntzak lehen-lehenik jolasteko, konbentzitzeko, limurtzeko direla. Eta gero, oso bigarrenik, emakidak izapidetzeko.