Berrogeitik gora baserri huts zenbatu dituzte Albizturren

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 23a, 19:59

Albizturko Udala etxebizitzen gaiarekin kezkatuta dago, eta belaunaldi berriek herrian bizitzeko aukera izan dezaten, lanketa egiten hasi da baserri hutsen jabeekin.

Albizturko Udalak kezka du herrian azken urteetan etxebizitzarik egin ez, eta herritarrek herritik kanporako bidea hartu dutelako. Herrian bizitzeko aukera izan dezaten, lanketa egiten ari dira orain eta dauden baserri hutsei jarri diete arreta.

«Ia belaunaldi oso bat alde eginda dago herritik, eta datozenei begira zerbait egin nahiko genuke», azpimarratu du Iñaki Orbegozo alkateak. Herritarrek herrian bizitzen jarraitzea nahi dute, horrek zerbitzu askotan eragina duelako. Adibidez, eskolan. Herri batek bizirik jarrai dezan haurrak behar ditu, eta gazterik gabe, ez dago haurrik. Haurrik gabe, eskola soberan legoke, eta eskolak bizirik jarrai dezan, haurrak behar ditu.

Egoera ikusita, eta baserri huts asko dagoela kontuan izanda, udalak Gorka Egia aholkularia hartu du gaia landu eta bitartekari lanak egiteko. Egia ari da proiektua garatzen. Apirila aldera hasi ziren, uda aurretik egin zuen diagnostikoa eta uda ostean hasi zen jabeekin harremanetan jartzen. Berrogeitik gora baserri huts zenbatu dituzte Albizturren. Egiaren lana izan da horiek guztiekin hitz egin eta saltzeko edota alokatzeko prest egongo liratekeen zerrendatzea.

Ondarea ere mantendu nahi dute, «historia eta kalitate handiko baserriak» daudelako.

Bi gunetan banatu dituzte baserriak. Alde batetik herri kaskoan dauden baserriak egongo lirateke, eta bestetik landa eremukoak. Trataera ezberdina emango diete. Landa eremukoen kasuan, lehen sektoreari garrantzia eman, eta bizimodua bertatik atera nahi dutenekin harremanetan jarri nahi dute. Dagoeneko lehen fruituak ematen hasi direla aitortu dute, eta «pozik» agertu dira. Landa eremuan bizi nahi duten lehen interesdunak badituztelako.

Herri kaskoan daudenen kasuan, lehenik eta behin, Albizturko Udalak dituen plan orokorreko arauetan aldaketa puntualak egin dituztela azaldu du Orbegozok, eta dagoeneko martxan dituztela. Honela, etxebizitza bat baino gehiago egiteko aukera izango dute baserrietan. «Irtenbide ona da honela herriguneko lurretan gutxiago eraikiko delako», dio Egiak.

Herritarrekin bilera bat egin zutela azaldu du alkateak lanketaren berri emateko, baina esku artean zerbait segurua izan arte itxarongo dute proiekturen bat aurkeztu ahal izateko.

ZUBI LANA

Egia Aholkularitza zerbitzuak zubi lana egiteko dago Albizturren, eta baserria saldu edo alokatu nahi dutenekin eta erosleekin lanean ariko da. Mugimendua sortu nahi dute, eta baserri jabeei eta interesdunei lanak errazteko nahia dute.

Salmentak erraztetik hasi nahi dute, eta garbi dute, gaur egun, baserri bat saltzea ez dela erraza, eta erosleentzat ere horrek zein lan karga duen.

Hori dela eta, herrigunekoen kasuan, baldintza batzuk betetzeko prest dagoen baserri jabeari aurreproiektu bat egingo liokete udaletik: «Herriko arkitektoarekin aurreproiektu bat egingo litzateke, eta horrela interesdunek garbi ikusiko lukete baserri horretan nolako etxebizitzak egingo liratekeen».

Bukatzeko, Egiak adierazi du baserri jabe asko «eskertuta» agertuta dela udalak hartu duen erabakiarekin, eta positiboki baloratu dutela prestutasuna eta laguntza eskaini izana. «Jende asko dago baserriak saldu nahi dituena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!