«200 zaldi ditut, guztiak, gainera, kontrolpean»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 24a, 07:59
Besteak beste, Zizurkilgo Mugaranch zalditegian aritzen da lanean Aitor Larzabal ferratzailea. J. ARTUTXA

Aitor Larzabalek ferra du lan-tresna; lantegia, berriz, autotik ia inoiz askatzen ez duen atoia. Egunean hiruzpalau zaldi ferratzen ditu, eta bizi guztia igaro nahi du lanbide honetan, pasioz bizi baitu. Belaunaldi aldaketarik ez badago ere, ogibidea mantenduko dela dio.

Maiz erabiltzen diren zaldien, astoen, mandoen, behien nahiz idien osasunerako, ezinbestekoa izaten da animalia horien oinak baldintza onetan mantendu eta babestea, horiek higatzea ekiditeko. Horretarako, garrantzitsua da aurreko nahiz atzeko oinetara ferra ondo lotzea; eta hori ondo lotzeko, ezinbestekoak dira ferratzaileak. Horietako bat da Aitor Larzabal (1969). Irundarra izatez, Albizturren bizi da gaur egun.

Nondik sortu zitzaizun ferratzaile izateko gogoa?

Zaldi munduan murgiltzen hasi nintzen, zaldi gainean ibiltzen. Asko gustatu zitzaidan, eta aldaketa bat nahi nuen nire bizitzan; hortaz, probatzea erabaki nuen, eta ordutik aurrera horretan nabil.

Non ikasi zenuen ferratzen?

Estatuan ez dago ferratzaile izateko ikasketa arauturik, beste herrialde batzuetan ez bezala, hala nola, Frantzian, Alemanian edo Erresuma Batuan. Hemen eskola ezberdinak daude, eta ni lau hilabetez egon nintzen Madrilen, 2002an, bertan oinarrizko ikasketak egiteko. Gero, ikastaroen bitartez eta urteen joan-etorriarekin gehiago ikasi nuen.
 

Ondo ferratzeko zer da ezinbestean jakin beharrekoa?

Ez da soilik ferrak kendu eta jartzea. Azazkalaren higadura babestea eta zaldiak biomekanikoki dituen gabeziak hobetzea da ferraketaren funtzioa: gaixotasunak ekiditen ditugu, zaldiak sendatzen ditugu… Zaldiaren anatomiaz zenbat eta gehiago jakin, lan honen ertz gehiago ezagutu ditzakezu. Oro har, ferraren eta animaliaren oinaren arteko lerrokatzea erabat perfektua izatea da garrantzitsuena. Apur bat aldenduz gero, animaliaren kalterako.

Zein izaten da ferratze prozesuko pauso garrantzitsuena?

Ebakina edo galgatzea. Ezinbestekoa da, horrekin lortzen baita artikulazioa orekatzea.

Erraza egiten al zaizu?

Pazientzia handia eskatzen du, ordubete inguruko lana delako. Zaldiaren arabera, batzuek besteek baino exijentzia handiagoa eskatzen dute. Kirol probetarako prestatutako zaldien kasuan, exijentzia-maila oso handia da. Kontuan izan behar da, zaldia behatz baten gainean joaten dela. Aurrera nahiz atzera mugimendu handia du, baina alboetara ez hainbeste, gizakiok bezala. Hortaz, oin guztiek presio bera izan dezaten, eta artikulazioan lesioak ekiditeko oso garrantzitsua da prezisio handiarekin lan egitea. Paseoetarako zaldien kasuan, aldiz, exijentzia-maila ez da hain handia izaten; horiek ferratzeko nahikoa da oinarrizko erremintak erabiltzea.

Ferratze mota ezberdinak al daude?

Batetik ferratze higienikoa dago, bi hilabetean behin egiten dena. Azazkala babestu eta higatzea ekiditen da. Ferratze terapeutikoa ere badago, baita kiroletakoa ere. Kasu horretan, higienikoaren berdina da, baina lasterketa edo saio bati begira egiten da, eta beraz, maizago egiten da.

Animalia bakoitza, gainera, ezberdin ferratuko da...

Animalia bakoitza mundu bat da, eta animalia bakoitzeko espezie bakoitza ere bai. Anatomia erabat ezberdina da, eta ondorioz, baita ferratze prozesua ere. Zaldiez gain, mandoak, astoak nahiz idiak apustuetarako edo ikuskizunetarako ferratu ohi dira. Idien kasuan, esaterako, espezializatutako ferratzaileak izaten dira.

Zu zaldiekin aritzen zara. Zenbat zaldi dituzu?

200 bat. Denetarako izaten dira, gehienak paseorako.

Eta guztiak kontrolpean dituzu?

Bai.

Nola lortzen da hori?

Ferratzaileon kasuan, kalitatezko materiala erabiltzeaz gain, ezinbestekoa da agenda txukun antolatuta izatea.

Eta non ibiltzen zara lanean?

Ez daukat lantegi propiorik eta leku batetik bestera mugitzen naiz: zalditegietan, baserrietan... Eremuari dagokionez, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian ibiltzen naiz. Baserrien kasuan bada bitxikeria bat. Baserritarrentzat etekinik ematen ez duen animalia da zaldia. Behiei edo ardiei garrantzia handiagoa ematen diete, elikagaiak ematen dituztelako. Zaldiak lehen hobeto zaintzen zituzten, garraio modura erabiltzen zituztelako, baina orain beti kokatzen dituzte ukuiluko txoko ilunenean.

Zure ordutegia, baina, ez da finkoa izango, ezta?

Autonomoa naiz, eta beraz, bezeroen ordutegietara moldatu behar izaten dut askotan. Badira nire ordutegira moldatzen diren bezeroak ere.

Eta zein izan ohi da urteko garairik oparoena?

Berez, ez litzateke garaiaren araberako lan bat izan behar, zaldia erregularki ferratu beharko litzatekeelako. Baina, egia da, udara aldean gehiago ferratzen dela, jende gehiago ibiltzen delako zaldi gainean. Neguan, berriz, eguraldiaren araberakoa izaten da ferratze kopurua. Azken neguan, adibidez, beste negu batzuetan baino maizago ferratu dira zaldiak, gehiago ibiltzearen ondorioz, ferrak gehiago higatu direlako.

Osasun pandemiaren eraginez, eremu irekietan egiteko ekintzak bilatzen ari da jendea; beraz, ez du beste sektore batzuetan izandako ondorio bera pairatu, eta jarduera mantentzea lortu da. Egoera okerrera joaten ez bada, neguan oraingo martxa mantentzea espero da.

Garestia al da ferratzaile bat kontratatzea?

Nik 70-75 euro kobratzen dut ferratze prozesu bakoitza. Ferraketa bereziagoa egiten dudanetan, ordea, gehiago kobratzen dut. Ez nuke jakingo garestia den ala ez esaten, baina kontuan izan behar dira ferratzaileon gastuak ere: batetik bestera ibiltzea, materiala erostea…

Azken urteetan, ferratzaile kopurua nabarmen gutxitu dela esaten da. Egia al da?

Ez da ohiko lanbide bat. Garai batean zeuden ferratzaileak desagertzen joan dira, eta une honetan, Gipuzkoan, 5-6 ferratzaile ibiltzen gara. Hala ere, kontuan izan behar da gu beste probintzietara joaten garen bezala, beste probintzietatik ere etortzen direla ferratzaileak.

Eta zein da eskualdeko egoera?

Nik ezagutzen ditudanetatik behintzat, Bidanian nahiz Alegian badira beste ferratzaile bana.

Gaur egun lan honetan aritzen zaretenak, gainera, adinean aurrera egindako langileak zarete, ezta?

Gipuzkoan gaudenon artean 40 urte izango ditu gazteenak, eta ni naiz hurrengo gazteena. Hemen behintzat ez dago belaunaldi aldaketaren arrastorik. Gazteentzat ez dirudi ofizio erakargarria denik.

Zergatik izan daiteke hori?

Oso gustuko izan behar duzu, eta agian, ez da beste asko bezain erakargarria. Fisikoki ere lan gogorra da.

Indartsu egotea eskatzen du?

Indartsu egotea ezinbestekoa da, baina garrantzitsuagoa da alderdi teknikoa menperatzea. Zaldi batekin borrokatzea inozokeria bat da, beti aterako baita irabazle.

Noizbait desagertuko al da ferratzailearen irudia?

Mantenduko da. Inguru honetan ez dago urte luzeko tradizioa; beste herrialde batzuetan ohitura handiagoa dago, eta kopuruz, zaldi gehiago izaten dira, beraz, eskaria badago. Frantzian, esaterako, zaldi lasterketek mugitzen duten diru kantitate guztia BPG-ren bigarren diru-sarrera handiena da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!