Maskarak egiten hasi dira Albizturko Zelatun enpresan

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 23a, 19:59

Teelmask proiektua sortu du Albizturko enpresak, eta FFP2 motako maskarak ekoizten ari dira; Gipuzkoan bakarrak dira, eta Markel Olano ahaldun nagusiak bisita egin du bertara

Albizturren dagoen Zelatun enpresak egoerara egokitzen jakin du, eta lantegia dibertsifikatuz Teelmask proiektu berria sortu du FFP2 motako maskarak ekoizten hasiz. Jon eta Julen Tejeria Elola dira enpresako arduradunak, eta, gaur, Markel Olano ahaldun nagusiaren eta Imanol Lasa Ekonomia eta Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatuaren bisita jaso dute.

Zelatun enpresan batik bat mota ezberdinetako gutun-azalak eta poltsak egiten dituzte, eta apirilean ekin zioten bi anaiek Teelmask proiektua sortzeari. «COVID-19ak eragozpen eta traba asko ekarri du gure eguneroko bizitzara eta enpresen eguneroko martxara, baina, era berean, aukera berriak ere eman dizkigu», aitortu du Julen Tejeriak. Aukera horiei heldu nahi izan diete Albizturren, eta Zelatun enpresan, momentuz, FFP2 maskarak ekoizten ari dira, 18.000 egunero. «Gure gutun-azalak eta maskarak egiteko prozesua antzekoak direla ikusi dugu», azaldu du. Era berean, «osasun materiala dela-eta, merkatuan zer nolako anabasa zegoen ikusita, eta zein gabezia zeuden aztertuta, maskara hauek ekoizten hastera animatu ginen», dio Tejeriak.

Ekainaren amaieran hasi ziren maskarak egiten, eta dagoeneko ehuneko ehunean ari dira fabrikatzen. Ez dira soilik pandemia garaira mugatuko; «aurrera begira ere lan egin nahi dugu egunerokoan izango diren behar horietarako, eta material hauek fabrikatzen jarraituko dugu».

Une honetan, FFP2 motako maskarak ari dira ekoizten; «baina azaroan oso proiektu garrantzitsu bat jarriko dugu martxan IIR maskara kirurgikoak fabrikatzen hasteko», diote.

Proiektu hauek martxan jarri ahal izateko ekarri duten makineria guztia Europan eginikoa dela azpimarratu nahi izan du Tejeriak. «Maskarak fabrikatzeko materialaren ere bai, hau da, Europa eta Turkiakoak dira». Asmoen artean jarri dute Txina eta beste nazioekiko menpekotasuna nolabait ekiditea; «eta horrekin batera, gure beharrak asetzeko dena ahalik eta gertuena ekoiztea».

Enpresaren arduradunek «eskerrak» eman dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari «honelako proiektuak martxan jarri ahal izateko emandako babesa eta laguntzengatik».

«PROIEKTU AITZINDARIA»

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bere ohiko aktibitatearen dibertsifikazioa dela Teelmask proiektua azpimarratu du, eta urrats hori ematea «oso interesgarria» dela azaldu du. «Gipuzkoan bakarra da, eta Espainiar penintsulan ere gutxi dira, beraz, proiektua aitzindaria da», dio Olanok, eta gaineratu: «Gure enpresak bizirik daudela ikusten da COVID-19aren testuinguruan ere, eta gure helburua hori ezagutzea eta errekonozitzea da, eta aldi berean, gipuzkoarren izenean eskerrak ematea proiektu hauek egiten dituztelako».

Osasun materiala egiteko ere «funtsezkoa» izango dela argitu du «ahalmen industrialak» baliatzea, «beharrezkoak izango diren material horiek egiteko». Enpresengandik «gertu» egon nahi dutela adierazi du ahaldun nagusiak, eta ahal duten neurrian «babesa» ematea dela asmoa: «Enpresa txiki eta ertainei laguntza eskaini nahi diegu, eta oro har, Gipuzkoako enpresa guztiei, garai zail hauetan aurrera egin behar dugulako».

Ildo horretatik, gogoratu du Foru aldundiak Gipuzkoako Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Plana aktibatua duela: «Guztira 28 milioi euroko inbertsioa egin du, 10.000 lanpostu baino gehiagotan eraginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!