«Ez dira froga errazak, baina denak animatuko nituzke»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 14a, 08:00

Oihan Ostolaza Albizturko idazkari-kontuhartzailea izateaz gain, Beizamakoa ere bada.

Idazkari lanetan hasi berria zarela esan daiteke.

Martxoan egin nuen urtebete. Orain egon den geldialdia tarteko bada ere, urtea pasatxo. Hemen lana zikloka edo urteka doa, eta behin jada urtea pasata, hemendik aurrera gauza asko errepikatuak izango dira.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Positiboa, baina ez da erraza izan. Administrazio publikoan ez neukan inolako esperientziarik, eta zerotik hastea izan da. Kasu hauetan idazkariak utzia izaten du zu iristerako, eta tartean beste bat egoten da urgentziazkoak eta ezinbestekoak direnak egiten, eta horrek konplikatzen du. Baina era berean laguntza handia izan dut beste idazkarien aldetik, eta baita udaletxeko langileen aldetik ere; administrariaren partetik batik bat.

Beste idazkariekin harremana duzu, beraz?

Ezinbestekoa da. Lanbide bakoitza mundu bat da, eta hemen ez duzu inor idazkari moduan laguntzeko, eta behartua sentitzen zara laguntza eskatzera; Bidanikoak asko lagundu dit.

Ikasketez, zer duzu ikasia?

Enpresaritza, eta lan hauetan jendea gehienean Zuzenbidetik etorria izaten da. Albiztur moduko herri bateko idazkari-kontuhartzaileak bi zereginak bete behar ditu. Zuzenbide arloko ardura du, baina aldi berean kontabilitate eta ekonomiako ardura ere badu. Ni erosoago nago kontabilitatean, eta zuzenbidea arrotzagoa egiten zait. Legeak hor daude, eta nola interpretatu asmatzea da. Bi esparru oso ezberdin dira.

Zuk hartu duzun bidea ez da ohikoena, ezta?

Gaur egun administrazioan sartzeko bidea oposizioak egitea da. Eta oposizioak dira legeak. Zuzenbidea ikasi duenak erraztasun gehiago edo du, lege horietan oinarritutako oposizioak izaten dira.

Nolatan animatu zinen?

Bizitza kasualitatez beteta dago. Lanez aldatzeko beharra sentitu nuen, eta oposizioen mundura egin nuen salto, baina ez nuen jarri helburu zehatzik. Orokorra zen. Idazkarien kasuan EAEn lan poltsa bat egiten da, eta kasualitatez, garai hartan, lan poltsa hori ireki zen. Apustua egitea erabaki nuen. Akademia baten bidez apunteak lortu, eta prestatzea erabaki nuen. Egia esan esperientzia oso gogorra eta frustragarria izan zen. Zein konplikatua den konturatu nintzen. Bizitzako kasualitateak, Albiztur eta Beizamako deialdia atera zen, eta aurreko azterketa egin ez banu, ziurrenik hemengo azterketa ez nuen gaindituko.

Eskualdeko hainbat udaletxetan idazkari postuak hutsik daude. Zer esango zenioke aurkezteko zalantzan dagoenari?

Nik mundu guztia animatuko nuke. Hona azterketa egitera etorri nintzenean ez nuen inondik inora espero hemen bukatuko nuenik, eta oso gustura nago. Gutxiena espero duzunean suertatzen dira. Ez dira froga errazak eta lana egin behar da, baina aukerak badaude. Eskualdean hiru postu aterako dira, baina administrazioan, orokorrean, postu pila bat daude hutsik. Lan bat eskatzen du, baina denak animatuko nituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!