Koronabirusa

Fausto paseoan

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2020ko api. 19a, 19:43

Garai xelebre hauetan aterpe ematen didan Leipzig hiriak paseo mota ugari dauzka egun huts hauek betetzeko. Clara Zetkin sozialista ezagunaren parkea dauka, auzo hipsterra ere badu, zentro dotorea, etorbide luze-luze- ak kanpoaldeko auzoetaraino... 

Ez gaizki hartu mesedez, bost hilabete zuei ezer idatzi gabe egon eta justu orain, itxita zaudeten bitartean, paseoekin etortzen banaiz. 25 m2-ko etxe batean erdi-konfinatuta, bakarrik, Internet mugatuarekin, Netflix errazionamenduan eta alemanez soilik dakien telebistarekin esanahi berezia hartzen dute paseotxo horiek niretzat, hankak eta burua pixka bat libratzeko.

Gaurkoan zentroan barrena ibili naiz. Berez turistek edo ikasleek hartuta behar zuena, egunotan ia hutsa dago eta errazagoa da imajinazioa piztea. Horrela, bidean dauden brontzezko estatuei begira egon naiz. Goethe idazle alemaniar ezagunak dauka bat, duela 250 urte hemen ikasle izan zela eta. Estatuaren polita da gizonak burua unibertsitaterantz begira badauka ere, hankak tabernara doazkiola nahi gabe bezala. Bere paseoak ere tabernan gehiago bukatzen ziren seinale.

Haiei segituz gero Auerbachs Keller sotoa topatuko dugu, Goethe ikaslea joan ohi zen taberna. Orain birusak eta lehen turistentzako prezioek eragozten zidaten sarrera, baina sarreran dagoen brontzezko beste estatuari bisita inork ezin dit kendu. Fausto eta Mephisto deabrua dira, Goetheren Fausto. Tragedia bat laneko pertsonaiak, taberna hartantxe girotuta dagoen eszena irudikatuz. Antza, hemen deabruak teilatuetan ez, baina sotoetan agertzen dira.

Istorio interesgarria da Faustorena. Deabruarekin tratua egin zuen: munduan nahi zuen guztia egingo zuen Mephistok Faustorentzat, behin hildako- an hark deabrua bera zerbitzatzen bazuen. Gainera, inoiz deabruak Faustori erabat asebetetzen zuen zerbait eskaintzen bazion, hainbeste non Faustok denbora geratu eta betiko momentu horretantxe iraun nahi lukeen, instant horretan hilko zela ere adostu zuten. Esan beharrik ez, tragediari tragedia zor, azkenean Faustori gauzak erabat okertzen zaizkio.

Horrela hotzean erraza da Faustori juzgua egitea. Baina batzuetan gertatzen da orainaldia hain dela monotonoa, hain astuna errutina, hain aseezina barruko indar hori...

Horrela hotzean erraza da Faustori doktoreari juzgua egitea. Baina batzuetan gertatzen da orainaldia hain dela monotonoa, hain astuna errutina, hain aseezina barruko indar hori...

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!