"Joxe Azurmendi nazioa ulertzeko modua da"

Leyre Carrasco eta Eneritz Maiz 2020ko urt. 16a, 11:59

Joxe Azurmendiren lanari tiraka eginiko doktoretza tesia defendatu zuen albizturtarrak pasa den udan; Euskal Pentsamenduaren Ur-jauzia izeneko kongresuaren antolaketan aritu da abenduan.

Filosofiako gradua burutu ostean, doktoretza tesia egitera animatu eta uztailean aurkeztu zuen. Joxe Azurmendi euskal filosofoaren pentsamenduari buruzko lehen tesia egin du. Joxe Azurmendi Katedraren bueltan dabil, eta buru-belarri aritu zen lanean Euskal Pentsamenduaren Ur-jauzia kongresuarekin.

Bestalde, Udako Euskal Unibertsitateko Filosofia Saileko arduraduna izateaz gain, Galtzaundi euskara taldeko jakintza eta formazio arduraduna ere bada. Egun Alemanian bizi da, bertara joan baita lanera.

Noiz erabaki zenuen filosofia ikastea?

Txikia nintzenean filosofia zer zen ere ez nekien. Behin batxilergoan klaseak hartzen hasi ginenean, hor bai erakarri ninduela. Aukeratuko genituzkeen karreren zerrenda bat eginarazi ziguten, eta bertan filosofia zegoen baino geologia ere bazegoen. Gogoan dut campus bakoitzera bisitak egiten hasi ginela eta han institutu berdinetik joanda Imanol Artola Felixzegoen. Harekin hizketan aritu nintzen, bisita ere berak egin zigun eta gustatu zitzaidan zegoen giroa. Beraz, une hartan erabaki nuen bertara joan nahi nuela.

Filosofiako ikasketak egin, eta doktorego tesia egitea erabakitzen duzu.

Bai, tartean nik nahiko garbi nuen euskarazko pentsamendua eta gauza gehiago sakondu nahi nituela. Ohartu nintzen UEU-k (Udako Euskal Unibertsitatea) gradu ondoko bat zuela horri buruz eta hor apuntatu nintzen. Astea nahiko libre uzten zidan, zeren astean bitan bakarrik jasotzen nituen klaseak eta nire asmoa Bilbora joan, astean bitan klase horiek hartu eta besteetan nire aldetik sakontzen jarraitzea zen. Zoritxarrez gradu ondoko hori erori egin zen jende gutxi zegoelako, beraz, hor bai, zirt edo zart erabaki behar izan nuen, eta doktoretzako bidean sartu nintzen. Euskal nazionalismoa masterra antzekoa zelako hartu nuen, eta hortik bai pentsatu nuela ikerketa masterra eta tesia egiteko aukera izango nuela.

Joxe Azurmendiren bueltan pasa dituzu urteak. Zer dela eta, edo nolatan aukeratu zenuen?

Tesiaren sarreran, Joxe Azurmendi lehenengo aldiz ikusi nuen historia kontatzen dut. Fakultateko pasiloen artean nindoan, irakasleen bulegoak dauden lekuan eta Joxe Azurmendi izena ikusi nuen; nire abizen bera zuen bat zegoela konturatu nintzen. Etxera joan nintzen kasualitate hori kontatzera. Aitak esan zidan bere liburu bat zuenaren ustea zuela, eta Espainolak eta euskaldunak izeneko libururekin etorri zen. Amak, berriz, hori Txilardegiren laguna zela kontatu zidan eta garai horretatik ezagutzen zuela, Joxe bera ez, baina bere gertukoak bai. Espainolak eta euskaldunak 18 urte nituela irakurri nuen. Zuen euskara, idazkera eta jakinduria oso erakargarria egin zitzaizkidan. Horren ostean, bere liburu gehiago irakurtzen saiatu nintzen eta karrerako gai desberdinetan erabiltzen. Joxek nazionalismoaz asko idatzi du, beraz, masterrean ia-ia naturalki lerratu nintzen.

Nor dela esango zenuke Joxe Azurmendi?

Joxe Azurmendi Zegamako semea da. Frantziskotarrekin apaizetara joan zen Arantzazura, baina batez ere, Arantzazutik hasita euskal kulturaren modernizazioan lan ikaragarrizkoa egin duen pertsona da; bere belaunaldiarekin batera, baita beste jende askorekin ere. Baina, Joxe Azurmendi bertan egon da, ia-ia euskal kulturaren azken 50 urtetako funtsezko momentu guztietan.

Ezagutzeko aukerarik izan duzu?

Bai, master amaierako lana aukeratu nuenean. Paulo Agirrebaltzategi ezagutzen zuen amak eta haren bitartez joan ginen hirurok, Paulo, ama eta ni, Joxerengana, eta oso ondo hartu gintuen. Ni bere lanak ikertzeko baimena eskatzera joan nintzen, eta askatasun osoa eman zidan.

Orokorrean, uste duzu euskaldunok ezagutzen dugula Joxe Azurmendi ?

Neurri batean bai, esaterako, filosofoak ezagutzen ditugun heinean. Joxe Azurmendi ziurrenik filosofoen artean ezagunetako bat izango da, eta azken urteetan gainera sariak jaso ditu. Baina egia da, fakultatera sartzen diren ikasle gehienek, euskal adarrekoak barne, gutxi ezagutzen dutela. Batzuk izenez bakarrik, beste batzuek hori ere ez, baino konparatzen duzunaren araberakoa da hori. Aresti batekin konparatuz gero, agian, gehiago, eta Unamunorekin edo Ortega y Gassetekin konparatuz gero gutxiago. Besteak beste, batxilergoan Ortega y Gasset aipatzen delako, eta Joxe Azurmendi ez.

Joxe Azurmendiri tiraka adar asko ukitzeko aukera izango zenuen, baina zuk nazioa eta naziogintzari tira diozu zure tesia egiteko.

Bai, nolabait ikerketako eremua murriztu egin behar zen. Gai horrekin masterretik nentorrenez, nazionalismoaren teoria ezberdinak hartu nituen, modu baten landuta nituelako eta horiek Joxe Azurmendirekin konparatu nituen. Nahiko naturala izan zen masterretik Azurmendiren obrarako salto hori.

Zaila da urtetan egin duzun lana laburbiltzea, baina zer pentsamendu dago Joxe Azurmendiren edo zure tesiaren atzean?

Batez ere definitzen dena Joxe Azurmendiren nazioa ulertzeko modua da, eta nazionalismo ikerketetan edo unibertsitate mailako teorien borroka horretan oso antzekoa da nazionalismo kultural deitzen denarekin, izan ere nazionalismo kulturalaren ezaugarriak dira. Ez da nahitaez estatua helburu, baizik eta komunitatea gaurkotzea, berrindartzea edo erreproduzitzea eta hori batez ere kulturaren bitartez egin nahi izaten da, abertzaletasun kultural horretan.

Euskal gizarte batean kokatu zara edo orokortasun batean?

Tesian zati historikoa dago, naziotasunaz Euskal Herrian azken 50 urteetan zein eztabaida egon diren jasotzen duena. Baina hori Joxe Azurmendiren lana historikoki kokatzeko modu bat zen. Nire ekarpena esan dezagun testuinguru historikoari lotua doala gehiago, baina Joxe Azurmendiren lana hartu, lan teorikoa edo pentsamendu mailakoa, eta hori unibertsitate mailako teoria akademikoekin konparatzea izan da. Aspektu historikoa landuta dago, baina salto hori nolabait ematen saiatu naiz; gure arteko eztabaida horietan ere, badagoela pentsamendu bat elkarrizketan jarri daitekeena, munduko beste teoriekin eta beste elkarrizketekin.

50 urte hauetan asko aldatu da gizartearen ikuspegia?

Bai, eztabaidak aldatu egin dira. Esan dezagun, gorabeherak egon direla. Eztabaida nahiko potolo bat egon zen, ezkertiar eta abertzale izan zitekeen edo ez, eta nola lortu sintesi hori, batez ere, 60 eta 70. hamarkadetan piztu zena. Ondoren, 90. hamarkadaren bueltan, 2000. urte horietan badago Azurmendiren obretan argi ikusten den estatuarekiko kezka bat, nazionalismo edo ez nazionalismo esaten zioten hori, edo konstituzioa eta guzti horri lotuta. Bigarren eztabaida moduko bat ere egon zen, eta gaur egun hirugarrena. Naziotasunari dagokionez, Euskal Herrian badago sentsazio bat, ziklo moduko bat edo halako zerbait amaitu dela, eta bertan itzuli da berriz, euskalduntasunaz eta naziotasunaz errotik pentsatzeko beharra azken urteetan.

Gizartea aldatzen doa, gizarte mugimenduak, baina Joxe Azurmendiren ideiek bizirik jarraitzen dute?

Bai, neurri batean baietz uste dut. Perspektiba historikoa aztertu nuenean lagundu zidan. Joxe Azurmendi eta hauek, 60. hamarkada horretan euskal kultura erabat krisian topatzen dute, eta hor hainbat hautu hartu behar izan zituzten; hizkuntzaren inguruan, kultura modernizatzearen alde eta beste testuinguru batean egonda ere, kezka eta eginbehar horiek bertan egoten jarraitzen dute. Eta neurri batean, Azurmendik 50 urteetan zehar sortu duen pentsamendua kezka horietatik abiatuta egin du. Beraz, nik uste dut nahiko positiboa dela oraindik ere Azurmendi irakurtzea, eta urte luzetan izango da. Alde batetik, kezkak oso gaurkoak direlako, ia hasi zireneko berberak direlako, eta bestetik, Azurmendik gaitasun ikaragarria daukalako Europako tradizio filosofikoa elkarrizketan jartzeko, eta zuri gorputzean gertatzen zaizun edozein amorru eta gutxiespen sentsazioarekin.

Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresua egin zenuten abenduan. Bertan, antolaketa lanetan aritu zinen.

Bai, bi gauza desberdindu behar dira. Bat Joxe Azurmendi katedra edo esaten duguna da, eta bestea, katedra horren barruan izan zen lehenengo ekintza publiko handia, kongresua bera. Eta hori aipatu dudan sentsazio horretatik sortu zen, hau da, bi gauza sortu ziren. Joxe Azurmendiren inguruko pentsamendu sendo bat dago, baina bere belaunaldiaren inguruan, beraz filosofia gradua egiten dutenen artean ez da ezagutzen, ikasleen artean eta irakasleen artean ere nekez. Orduan, hasi ginen Joxe Azurmendi katedra sortzeko proiektu horrekin eta gero, irailetik abendura bitarteko hilabeteetan kongresuarekin buru belarri ibili ginen lanean.

Zer lortu nahi zenuten?

Joxe Azurmendiren aitzakian edo landu dituen gai-ideien aitzakian, kultura mahaian, pentsamendu mahaian eta politika mahaian euskaraz pentsatu eta jarduten duten pertsonen komunitate batekin elkartzea. Jendeak sentitzea Joxe Azurmendiren lanetatik, belaunaldi horren lanetatik, ados egon edo ez, zer aprobetxatu handia daukala. Iruditzen zait Joxe Azurmendik konkretuki idazten duenean, horretarako aukera ematen duela. Gauza bat da berarekin ados egotea edo ez, eta bestea irakurtzen zoazen heinean, erakusten dizkizun bide desberdinak dira. Kongresuak euskarazko pentsamendu horren inguruan jende desberdina elkartzea lortzea arrakasta da.

Behin igaro denean zein balantze egin duzue kongresuaz?

Alde batetik nekatuta eta lan gogorra izan zen, lan askorekin ibili ginelako bai aurretik eta bai izan zen egunetan. Baina egia esan, egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Jende asko ibili zen. Uste baino jendea gehiago. Guk hasieran ez genuen pentsatzen hainbeste jende etorriko zenik. Nik uste dut gaiak bazuela mamia, eta jendea gogoarekin zegoela. Kanpotik jaso ditugun mezu guztiak onak izan dira, eta jendeak nahi zituen gaiak ukitu genituen alde batetik ez bada bestetik; hori izan zela uste dut krongresuaren puntu garrantzitsua. Prestatzerako garaian ikusten genuen zerbait sendoa aterako zela, eta horregatik izan zuen horrelako oihartzuna kongresuak. Nahita atera genuen unibertsitatetik, eta kultur ekitaldi bat izan zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!