Talde gaztea da Albizturko udal gobernua osatu duena, eta alkate kargua Iñaki Orbegozok hartu du.
Hilabete gutxi batzuk daramatzazu alkate karguan. Zer moduz?
Oraingoz ondo. Ez da inongo arazorik izan orain artean, eta ea horrela jarraitzen dugun.
Talde gaztea zaudete. Kokatzen ariko zarete, ezta?
Bai, hori da. Oraindik galduta sentitzen gara, baina badugu laguntza idazkariaren aldetik eta, denon artean zerbait egingo dugu.
Nola hartu zenuen alkate izatearen erabakia?
Talde gazte bat elkartu ginen, eta beharra ikusi genuen. Inor ez zegoen jarraitzeko prest, eta herria inor gabe gelditzea baino hobea zelakoan hartu genuen erabakia.
Zinegotzion artean arduraka banatu dituzue?
Bai, bakoitzak bere gaiak ditu, eta gero, guztien artean erabakitzen ditugu. Denok jabetzen gara guztiaz, baina bakoitzak bere lanak ditu.
Nolakoa da Albizturko alkate izatea?
Momentuz erraza. Badaude gorabeherak, baina ondo doa; herritarrek ez dute gerra handirik eman. Beraien eskariak eta egiten dituzte, eta guk ohiko martxan lantzen ditugu.
Orain zein gaiekin ari zarete lanean?
Momentuz pare bat gai aurreko agintalditik datozenak ditugu: obra bat eta bideak.
Lau urteei begira jarrita zer asmo edo nahi dituzue?
Gazteak bertan bizitzen geratzeko beharra ikusten da, eta etxebizitzaren bat egiteko ideiaren bat darabilkigu buruan. Hori landu nahiko genuke behintzat. Baserri handiak eta baditugu, baina gaurko gazteek ez dituzte horiek ikusten, eta gutxienez gazteak bertan geratzeko bidea bilatu behar dugu. Horrez gain herri bideak txukuntzen ere lan handia dago, eta baita mendietako pistetan ere.
Nola dago udala ekonomia aldetik?
Ondo dago, eta ez dugu zorrik, eta ea horrela eusten diogun.
Eta herria osasuntsu dago?
Nahikoa arazo baditugu haur eskolan. Haur kopuru minimoarekin zailtasunekin gabiltza, baina oraingoz, aurtengoa salbatu dugu, eta espero dugu hurrengo urtean ere horrela izatea. Eskolan, berriz, ume dezente dago, baina soka bat da hau.
Bada kezka, beraz?
Orain dauden umeak, eginiko azken etxeetako umeak dira, eta horrek garrantzia du. Beharrezkoa da gazteak herrian geratzea, herria biziberritzeko.
Nolakoak dira herritarrak?
Denetik dago, baina parte hartzen duen jende asko dago, eta beharra ere badago horrelako herri txikietan.
Zer eskatuko zenieke?
Orain arte bezala jarraitzeko. Festetan-eta laguntzen jarraitzeko, eta zalantzaren bat izan dugunean ere hor izan ditugu laguntzeko. Galdetuz gero, aurretik egon diren alkateek ere laguntzen dute. Gu baino gehiago dakite, eta babestuta sentitzen gara.