Pozarren etsitzea

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2019ko irailaren 8a

Tesia bukatu osteko egunak umildade ariketa ederrak izaten dira. Munduak gogorarazten dizu zu izan zarela ermitauarena eginez ibili dena, eta berak bere martxan jarraitu duela asko kezkatu gabe.

Bazoaz, lurreratu berri den astronautaren tankeraz, lauzpabost urtean lehentasun absolutua izan duzun harria bizkarretik kendu duzula adierazten diozu norbaiti, eta, «baina zehazki zer da tesia egitea?» desarmatzen zaitu nahi gabe.

Tesia egitea da paradoxa itzel batean bizitzea, gauza inportantea egiten ari zarela eta ea laster benetako lan bat izaterik duzun aho beretik entzuteraino. Ogi metako txoria zarela sinestera heltzea, gustatzen zaizun horretaz irakurtzetik bizi zaitezkeelako (mileuristaki). Jende baten begietan, arrastoan sartzeko unea 30 urteetatik atzera botatzea da, beste batzuentzat bizitza abenturazale bati ekiten diozun bitartean.

Tesia egitea, astean behin bada ere, lehoietara botea sentitzea da, arma gisa liburu soil bat hartuta. Umetan egiten genituen kortxozko baltsen pare ibiltzea, errekan behera zanbuluka. Negarra barrurantz egiten ikastea da. Orri zuriaren bertigoa izatea, baita orri betearen aurrean ere.

Tesia egitea da zure mundutxoan errege sentitzea, zure ahotsak berak erregea biluzik dagoela esaten dizun bitartean. Arkeologoek egiten duten bezala, inoiz bukatzen ez den indusketaren aurrean, «ni honaino» batekin pozarren etsitzea. Gero, defentsa-aurkezpeneko gidoiarengan fede itsua izatera iristea eta, harriduraz, antzerkiari gustua hartzea, zure jarduna publikotik ikusiko bazenu bezala. Eta, azkenean, kontua bukatu dela sinistuko bada, norbere burua oporrak hartzera behartzea.

Tesia bukatu osteko egunak umildade lezio ederrak izaten dira. Eta komeni da lezio horiek hartzeko prest egotea. «Bueno, bueno, gustura gelditu bazara...» edo «Ea lanik ateratzen zaizun ba!» moduko esaldi ustez hutsalek asko erakuts baitezakete. Horien bitartez hartzen zaio ondoen neurria egindakoari eta ematen zaio merezi duen leku justua: neguko eguzkiaren antzekoa, zorterik bada gorputza epeltzen duena, baina beheko suak itzalarazi gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!