Albizturko jaiak 2019

Ume nahiz helduentzat badago festa

Irati Urdalleta 2019ko abu. 10a, 11:00

Ama Birjin egunean hasi eta igandera arte luzatuko dira jaiak. Bitartean, umeentzako ekitaldiak, musika eta kirolak nagusituko dira Albizturren.

Iaz egindako apustuari eutsiz, aurten ere lau eguneko egitaraua antolatu dute Albizturren. Deskantsurako astirik gabe, ostegunean hasi eta igandean amaituko dituzte jaiak.

Ama Birjin egunarekin, indartsu hasiko dituzte festak. Goizean, txistulariak, txupinazoa, meza nagusia eta erretirodunentzako hamaiketakoa egongo dira. Hortik aurrera, kirolak hartuko du protagonismoa eguerdian herriko haurrek jokatuko dituzten pilota partidekin eta arratsaldeko herri kirol saioarekin. Indarrak berreskuratzeko afaldu egingo dute eta hankak airean ibiliko dituzte Jone Uria eta Julene Otegiren erromeriarekin.

Indartsu hasi eta indartsu jarraituko dute beste hiru egunez ere. Umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi ostiralean, baina helduagoentzat ere egongo da aukera patata tortilla lehiaketarekin edo pintxo potearekin. Gero eta garrantzi handiagoa duen Albiztour bizikleta lasterketa ere egun horretan egitea erabaki dute.

Larunbatean mozorroek hartuko dute herria. Umeak eta gazteak izango dira protagonista eta bazkaria, jokoak eta karaokea izango dituzte. Iluntzean, herri afaria egingo dute eta Kupelaren erromeria izango da.

Azken egunean ere, kirola izango da nagusi. 11:15ean meza nagusia egongo da eta 13:00etan toka herrikoia izango dute. Festak amaitzeko, hiru pilota partida jokatuko dituzte: Zubizarreta eta Elola, Arandia eta Insaustiren aurka; Aranzadi eta Aramendi, Iraeta eta Elolaren kontra; eta Elola eta Telletxea, Labaka eta Etxeberriaren aurka.

EGITARAUA

ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
09:00. Txistulariak.
11:00. Txupinazoa.
11:15. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa erretirodunentzat.
12:00. Herriko umeen pilota partidak.
18:00. Herri kirolak.
Ondoren. Barrikotea.
22:30. Erromeria Jone Uria eta Julene Otegiren eskutik.

ABUZTUAK 16, OSTIRALA
12:30. Altxorraren bila herri guztian zehar.
16:00. Haur tailerrak.
19:00. Patata tortilla lehiaketa.
19:00. Albiztour.
Ondoren. Pintxo potea plazan, Antsorregi eta Larrañaga trikitilariek alaiturik.

ABUZTUAK 17, LARUNBATA
Mozoro eguna
12:00. Triki poteoa.
14:30. Ume eta gazteen bazkaria.
16:30. Ume eta gazteen jokoak eta karaokea.
21:00. Herri afaria.
Ondoren. Erromeria Kupela taldearen eskutik.

ABUZTUAK 18, IGANDEA
11:15. Meza nagusia.
13:00. Toka herrikoia.
18:00. Pilota partidak:
Zubizarreta-Elola /Arandia-Insausti. Aranzadi-Aramendi / Iraeta-Elola.
Elola-Telletxea / Labaka-Etxeberria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!