Udal Batzorde Kudeatzailea osatu zuten, 2015eko irailean, Albizturren. Batzorde Kudeatzaileko lehendakari gisa, alkate baten eskumenak eta ahalmenak bere gain hartu zituen, hasiera hartan, Karlos Ugartemendiak. 2017ko martxoaren 31n aldaketak gertatu ziren, lehendakari aldaketa eginez. Orduan hartu zuen kargua Maixabel Matxinandiarenak, eta Karlos Ugartemendiak kide izaten jarraitu zuen. Lau urte «oso zailak» izan direla azaldu dute, eta gogora ekarri nahi izan dute, talde eragilea sortzea bera zaila izan zela: «Boluntario geunden 17 pertsona, eta zazpi atera behar ziren taldea osatzeko, eta nahikoa lan izan genuen; boluntario ginen guztiak». Eta Matxinandiarenak aitortu du: «Zazpigarren bat falta zen, eta esperientzia falta eta beldurra nuen, baina animatu egin nintzen».
Talde eragileak, administraria barne, sinatzeko txosten bat jarri ziela kontatu dute, eta ez zutela onartu: «Nola onartuko dugu, bada, atzeko pertsona batzuek guztia erabakitzea, eta guk hori betetzea. Ezezkoa esan genuen, eta jarraian etorri ziren bi dimisio. Haiek agindu eta guk egin, hori ezinezkoa zen», azpimarratu du Ugartemendiak. «Atzetik maneiatu» nahi zituztela argitu dute. Hor hasi zen haserrea, eta lehen egunetik administrariarekin gaizki hasi zirela azaldu dute.
«Udaletxera sartu, eta administraria eta idazkariarekin ez baduzu talde bat egiten lanerako, ez daukazu zer eginik. Eta guk dugu galtzeko guztia. Ez dugu informaziorik izan eta ezjakintasuna genuen. Espediente pila bat genituen irekita, eta bere erara eginda firmatzeko jarri zizkidan», esan du Ugartemendiak, eta «ez nituen sinatu». Idazkariak eragozpenak jarri zizkion, eta «egoera jasanezina» egin zitzaion, eta kargua utzi behar izan zuen.
Administrazio aldetik erabateko «gutxiespena» jaso dutela salatu nahi izan dute. «Inongo diru laguntzaren berririk ez ziguten ematen, lortu duguna, kanpotik lortutako informazioari esker izan da». Foru aldundia egoeraren jakitun zen eta, zuzenean, informazioa Matxinandiarenari bidaltzen hasi ziren.
Ilegalki egindako obrak
Matxinandiarenak eta Ugartemendiak kontatu dute, aurretik, obra baimenak errazte aldera, tramiteak arindu zituztela: «Ideia txarra ez da, baina legea bete egin behar da. 50 euroren truke eman dira baimen asko. Enpresa, teilatu, igerilekua, borda... Dena 50 euro, eta hori administrariak bideratzen zuen».
«Aurreko alkateak nahi zuena egiten zuen, eta administrazioa ere oso lasai ibili zen. Baina, momentu batean idazkaria konturatzen da, eta gero zer? Eta espediente pila bat egin zituzten. Baina beraiei komeni zitzaienei egurra eta beste batzuei ez», azaldu dute aho batez. Gregorio Iraolaren agintaldiko kontuak dira espediente gehienak, eta horiek, batzorde kudeatzaileak hartu behar izan ditu: «Iraolak espediente guztiak sinatu zituen, eta guk eman behar izan diegu jarraipena. Legeztatu, isunak,... Guztia legearen barruan egin behar izan dugu. Orain, ematen du legeak guk egin ditugula. Kontua da, orain artean, mundu guztiak nahi duena egin duela, ni barne. Legea egina dago, eta Euskal Herriko 2/2006 lurzoru legea denentzako berdina da», dio Matxinandiarenak, eta jarraitzen du: «Espedienteen barruan nik bi nituen. Nekazal borda eta estalpea egiteko baimena eman zigun Iraolak hitzez; nahiz eta arauek onartu, ez nituen legezko paperak. Ez nuen informaziorik momentu hartan, eta ez ziguten eman. Ondoren, baimenik ez baduzu idatziz, onartu egin behar da egindakoa, eta isunak, proiektua, tasak eta hori dena egin dut nik gerora».
Beste bi zinegotzik ere, egindakoa onartuz legeztatu dituzte baimen legalik gabe egindako lanak.
«Alkate izateak badu bere ardura, nahiz eta batzuk oso arin ibili diren. Eta, orain, legez hasi nahi izan dugunean, txarrak gu gara», diote: «Administrazioaren gehiegikeria eta kaosa izan da. Obra txikien baimenak eman dituzte, eta gero izugarrizko obrak egin dira. Desoreka handia daukagu obrekin, eta herri bat ezin da horrela aurrera eraman».
Matxinandiarenak apirilaren amaieran dimisioa aurkeztu zuen, etsita: «Idazkariak beste jende batekin hitz egin zuen lanera etorri aurretik, eta geldituta egon da udala». Gerora, martxoan hasi berria den idazkariari «oso jarrera ona» ikusi diola dio: «Herrian gauzak ondo egin nahi ditu, eta gustuko du landa eremua», dio. Kargua utziz geroztik, aste hauetan, «herrian jendea aprobetxatzen ari da gauzak egiteko», azaldu dute.
Egoera bideratzeko bilerak
Gipuzkoako Foru Aldundia jakitun izanik, egoera konpondu nahian, bertako atea jo zuten albizturtarrek. Lehen bilera 2016ko abenduren 21ean egin zuten, Imanol Lasa eta Luis Elizegirekin. 2017ko irailean iritsiko zen bigarren bilera; kasu honetan, Maite Berruetabeña eta Josune Aldaberekin elkartu ziren. Baina entzun bakarrik egiten zietela salatu dute, inongo konponbiderik bilatu gabe. Eta, azkena, 2018ko urtarrilaren 29an, Lasa eta Berruetabeñarekin egindakoa izan zen.
Handik gutxira, idazkariak lana utzi zuen Albizturren, eta urtebetez egon dira idazkaririk gabe, eta horrek lana geldotzea ekarri du. «Nire aurkako idatzia egina utzi du, bereganako tratu txarrak leporatuz. Ez dago eskubiderik», azaldu du Matxinandiarenak.
Oletako bidea eta 102 etxebizitza
Albizturko Oleta auzoko bidea egitea lortu dute, nahiz eta bukatu gabe gelditu: «Administrazioari ez zaio batere gustatu, ni zazpi lur-jaberekin adostasunera iritsi izana. Birekin kostatu zitzaidan gehien. Baliagarri izateko, udaletxean elkartu eta sinatu behar nuen, eta idazkariak ez zuen nahi izan. Abokatu bat eraman genuen, eta sinatutako orriak eskuetatik kendu, puskatu eta zakarrontzira bota zizkion. Ez zituzten paperak egin nahi izan», dio dimisioa aurkeztutako alkateak.«Jende pila batekin hitz egin nuen, eta batzuetan pentsatzen nuen niretzat ari nintzela, baina, azkenean, lortu nuen bertako baserritarrekin adostasunera iristea», azaldu du.
Katastroaz eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaz (OHZ) ere kexu dira, «ez daudelako eguneratuta». Nabarmendu dute, 102tik 29 etxebizitza baino ez daudela behar bezala.
Herri bideak eta tasa
1989. urtean egindako ordenantzaren arabera, basoa ustiatzen duten enpresek fidantza jarri behar zuten, eta lur jabeek %15eko tasa ordaindu behar zuten. «Idazkariak nahi duena egiten du, eta ez da ezer pasatzen. Askori ez zaie ez tasa kobratu, ez eta fidantza eskatu ere. Edota fidantza jarritakoei, ez zaie itzuli. Orain, bideak konpontzeko dirua jarri behar izan du udalak», argitu du Matxinandiarenak. 2009an ordenantza hori aldatzen saiatu zirela diote, tasa %20ra igo, eta 19. artikulua sartu zuten; hau da, baserrietarako bideak egiteko bere garaian lurrak utzi zituzten jabeak salbuetsita leudeke tasa horietatik.
2009an hasiera eman ziotela argitu dute, baina ez zutela indarrean jarri ordenantza. Legeztatu 2015ean egin zela gaineratu dute.
«Idazkariarekin borroka handiak izan ditugu, eta guk beti eskatu dioguna izan da, guk herrian nahi duguna dela, obligazioak eta betebeharrak denentzat berdinak izatea, legeak esaten duen moduan. Kontua da, beraiek agindu nahi izan dutela; eta ez, erabakiak, udal gobernuak hartzen ditu», azaldu dute. Eta, gaineratu: «Esaterako, diru laguntzetara aurkeztu ditugun aurrekontu guztiak nire etxeko ordenagailutik pasatu dira, nahiz eta, gero, udaletxetik bideratu», dio Matxinandiarenak. «Egin nahi izan ditugun gauza guztietan, mozten saiatu izan dira», gaineratu du Ugartemendiak. «Udaletxeak soldata ordaintzen dien pertsonek nola boikoteatu dezakete udal gobernuaren lana? Ez gaituzte gu izorratzen, baizik eta herria. Herrirako da galera».
Bukatzeko, «oraingo taldeari zorterik onena opa diogu, eta beraiek, gutxienez, idazkaria laguntzeko izango dute».
Albizturko Udalak 255.307,37 euroko gerakina du 2018an
Herrian bolo-bolo dabilen kontuari ere erantzuna eman nahi izan diote: «Udaletxea zorretan utzi dugula esaten ari dira herritarrak, eta ez da egia. 2018 urtea, 225.307,37 euroko gerakinarekin itxi genuen».
Horrez gain, Oletako 3. fasea bukatzeko, edota prestamora bideratzeko, 54.056,27 euro dituzte.
Bestetik, esan behar da, 2017an hartu zuten prestamo bat duela udalak: 111.765,75 eurokoa. Eta hau hamar urtetan amortizatu beharko dute.