«Ea nire maila ematen dudan eta partida asko jokatzen ditudan»

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 3a, 11:59

Albizturtarrak poza hartu zuen Garferekin hitzarmena sinatzean. Pilotan bere ibilbidea luzatzeko aukera emango diola uste du.

Garfe enpresarekin hitzarmena sinatu du Eneko Labakak (Albiztur, 1994). Maiatzaren 1ean egingo du debuta Errioxako enpresaren kamisetarekin.

Nola iritsi zitzaizun hitzarmena sinatzeko proposamena?

Orain dela hilabete deitu zidaten. Tainta pilotaria lesionatu egin zen, eta bere ordez txapelketa batean parte hartzeko eskatu zidaten. Hasiera batean ezezkoa esan nuen, hemen ere txapelketa batzuk jokatzen ari nintzelako. Baina aurrera bidean esan nion interesatzen zitzaidala, eta hortik hasi da gure harremana.

Gerora berriro etorri zitzaizun eskaintza, beraz.

Esan zidaten oso interesatuta zeudela nirekin, eta Calahorrara (Errioxa) joateko hitz egitera. Azkenean, arazorik gabe hitzarmena sinatu dugu, eta oso gustura nago. Urte bukaerara arteko epea eman didate.

Aspe eta orain Baiko izena duen enpresetatik behin ere izan duzu eskaintzarik?

Entrenatzera behin edo behin joan naiz, baina entrenamendua osatzeko bakarrik. Jendeak pentsatu izan du baietz, baina ez da horrela izan.

25 urte eginda, espero zenuen horrelako aukera bat izatea?

Azken urte hauetan pentsatzen nuen ezetz. Gustura nago lanean Irizarren, eta buruan beste plan batzuk nituen. Nire egunerokotasunean lana egin eta hortik aparte pilotan jokatzea afizionatu mailan. Garfek deitu zidanean, bi aukera horiek, lana eta pilotan jokatzea, bateratu daitezkeenez, hitzarmena sinatu dut.

Zer suposatzen du hitzarmen horrek? Beste pauso bat da zure pilotari ibilbidean?

Bai, poza hartu nuen. Profesionaletatik jaisten diren pilotari asko hor hasten dira eta azkenean aukera ematen dizu pilotari handi batzuekin jokatzeko. Alde horretatik oso gustura nago. Horretaz gain, pilota ibilbidea luzatu egingo zaidala uste dut. Azkenean, hemen inguruko txapelketetan gazte asko hartzen dituzte, eta 25 urtetik gora dituztenak gutxiago begiratzen dituzte edo ez dituzte nahi izaten. Garfe enpresarekin ea nire maila ematen dudan eta partida asko jokatzen ditudan.

Noiz jokatuko dituzu partidak?

Batez ere, erakustaldiak izaten dira, festetan egiten diren partidak-eta. Nafarroan eta Errioxan izaten dira asko. Aurten, binakako txapelketa egiten hasi dira. Debuta maiatzaren 1ean egingo dut, Alesbesen (Nafarroa), eta arratsaldean Naiaran (Errioxa). Badakit Usurbilgo Xabier Santxoren aurka jokatuko dudala. Atzelariak ez dakizkit zein izango diren.

Afizionatu mailan ere ari zara pilotan. Zertan?

Orain, Xabier Telletxearekin, herrikoa eta lagun handia, Grabni txapelketa jokatzen ari naiz, Gipuzkoa ordezkatuz. Hurrengo partida Arabaren kontra daukagu, eta hori irabaziz gero finalerdietara goaz. Horrez gain, Añorgako txapelketa hasten zaigu. Garfetik uzten didate hemen inguruko beste txapelketak jokatzen, baina haiek jartzen dizkidaten egunak errespetatuz.

Telletxea ere Garfen izanez gero, gustura ezta?

Garfen ibili zen urte batzuk. Azkenean, Garfetik ateratzea erabaki zuen, baina pilotan jarraitzen du, eta ardoa bezala da, zahartzean hobetzen ari da.

Zer nabarituko duzu afizionatu mailatik Garfen jokatzera?

Nik uste dut afizionatutan maila altua dagoela. Garfeko pilotariekin nahiko ondo ibiltzeko moduan ikusten naiz. Material aldetik nahiko antzekoa izaten da. Erakustaldiak direnez, jendeari hori eskaini behar zaio, eta ezin duzu gehiegizko pilotarik erabili, partida itsustu daitekeelako.

Zerbaitek bereziki ilusioa egiten dizu ibilbide berrian?

Profesionaletan aritutako pilotari horiek ezagutzea, harremana izatea, eta gero jendea gustura geratzea ikusten dituzten partidekin. Titinek Garfen jokatzen du, eta denok dakigu zein izan den. Orain ez da izango lehen bezalakoa, eta espero dugu beraren aurka jokatzean irabaztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!