Hirugarren urtez egingo dute babarrun jatea

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 16a, 10:00

Albizturko Bizkor guraso elkarteak antolatu du ekitaldia, eta egun osorako egitaraua prestatu du.

Aurten ere babarrun jatea antolatu dute Albizturren, eta dagoeneko hirugarren urtea da. Bizkor guraso elkarteak antolatzen du, udalaren eta Arkaitz elkartearen laguntzarekin. «Guraso elkartearentzako garrantzitsua da, alde batetik familia giroan egoteko egun bat delako, adin ezberdinetako jendea batuz eta jai egun bat sortzen dugulako. Bestalde, elkarteak baditu hainbat ekintza urtean zehar bermatu behar dituenak, adibidez, goizeko zaintza jarri eta irteeretan autobusa ordaintzea, eta babarrun jatetik diru sarrera bat lortzen dugu gastu horiei aurre egiten laguntzeko», esan du Nagore Leon Bizkor guraso elkarteko kideak. «Horrez gain, Albiztur inguruko babarrun ekoizle garrantzitsuenetako bat da, eta egun horrekin hori ere nabarmendu nahi dugu».

Egitarau nahiko betea antolatu dute, eguerditik arratsaldera arte jarduerak izango baitira. Hasteko, triki poteoa egingo dute: herriko ostatuaren eta plazan jarriko duten barraren artean egingo dute poteoa, trikitilariek lagunduta. Bazkaria frontoian egingo dute, Albizturko babarrunekin batera, odolkia, txorizoa eta saiheskia izango dute. Ondoren, kantatzeko aukera izango da, orriak banatuko baitituzte eta trikitilarien doinuek lagunduko die. Hori eta gero, jolaserako txanda izango da: lehenengo haurrak eta ondoren helduak, tartean txokolatea jateko aukerarekin.

Bazkarian 150 pertsona inguru izango direla espero dute. «Kopuru handia da, kontuan izanik Albizturrek 300 biztanle inguru dituela», esan du Leonek. «Gehienbat herriko jendea izango da, eta tartean seguru izango direla kanpotik etorritako lagunak ere».

Hirugarren urtea izanik, eskarmentu pixka bat izaten ari direla dio Leonek, eta horrek antolakuntza aldetik kudeaketan lagundu egiten duela. «Pixka bat lasaiago ibili gara zentzu horretan. Aurreko urtekoa hobetzen saiatu gara», esan du Leonek, eta nabarmendu du «jendeak gustura hartzen duen eguna» dela. «Lana suposatzen du, baina gero bere fruituak ematen ditu».

EGITARAUA

III. BABARRUN JATEA

12:30. Triki poteoa.

14:00. Bazkaria.

16:00. Bazkalostea kantuan.

17:00. Haur jolasak.

17:45. Txokolatea.

18:00. Helduen jolasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!