«Erromerietan gazteen kopuruak gora egin du»

Iñigo Terradilos / Eneritz Maiz 2018ko urr. 12a, 13:00

Etenaldi baten ostean, larunbatean hasiko du denboraldi berria 'Hauspo Artean' trikiti saioak, 'Ataria Irratia'-n; hamabostean behin izango da eta Ander Malbadirekin batera Eneritz Aulestiak egingo ditu gidari lanak

Pasa den urteko geldialdiaren ostean indarberrituta dator ATARIA IRRATI-ra Hauspo Artean trikiti saioa. Ander Malbadi albizturtarrarekin batera, saioko gidari lanak egingo ditu Eneritz Aulestia zarauztarrak.

Trikitiarekin lotutako bi pertsona zarete. Nondik datorkizue harreman edo lotura hori?

Eneritz Aulestia. Txikitatik dudala lotura esan dezaket nik. Zarauztarra naiz ni, eta nire aitona betidanik izan da erraldoien eta buruhandien arduraduna. Txikitatik ikusi dut trikiti eta panderoarekin kalejiran, eta beti joaten nintzen pandero txikia eskuan hartuta jotzen. Hor hasi nintzen eta hortik egin nuen salto oholtza gainera. Ez dut lotsarik izan inoiz. Solfeoa ikasten hasi nintzen, eta argi neukan trikitia ikasi nahi nuela. Ikasten ari nintzela aukera eman zidaten txapelketetan panderoa jotzen hasteko eta hor egin dut ibilbide bat. Geroz eta lotura estuago sortzen joan da, eta gaur egun bada nire bizitzako zati garrantzitsu bat.

Ander Malbadi. Nik ere umetatik dut harremana. Nire aita trikiti irakaslea da, eta Tolosan jaio nintzen etxean bertan erakusten zuen trikitia. Ume-umetatik entzun ditut trikiti doinuak. Berak esaten du guk aukeratu genuela, baina nik ez dakit... erdi diktadura bat izan zen edo ez. Baina kontua da ume-umetatik hasi ginela ikasten eta bizitzan beti presente egon da trikitia.

Zure kasuan, Malbadi, aurreko denboraldian 'Hauspo Artean' saioko gidari izan zinen. Nola hartu zenuen erronka hori?

Gustura. Aurretik ibilia nintzen Telleria anaiekin irratian Gaztea-n kolaborazio batzuk egiten, eta hori bukatu zenean segidan etorri zen aukera hau. Alde batetik irratiarekin lotura bat zelako, eta bestetik trikitiarekin lotuta zelako, biak lotzeak pertsonalki gustu handia eman zidan. Eta asko balio izan zidan trikitiaren inguruan gehiago ezagutzeko, agian lehen oso azaletik ezagutzen nituen gaiak-eta. Pertsonalki oso erabilgarria egin zitzaidan.

Orain berriz biren artean egingo duzue saioa. Zuk nola hartu duzu Eneritz Aulestia erronka berri hau?

Gogoarekin. Eta nik uste dut beharrezkoa dela trikitiari buruzko horrelako saio bat egotea. Beti ohituta gaude musika komertziala dela eta irratietan trikiti oso gutxi entzuten. Gazte askoren artean ere esango dut trikitia gauza zaharkitu bat dela, edo gauza tradizionalarekin lotzen dela uste dut. Orain zorionez baditugu taldeak irrati komertzialetan ere entzuten direnak, baina uste dut atzera begirada hori egitea ere garrantzitsua dela eta badagoela jendea trikitia entzun nahi duena, eta horrelako historiak entzun nahi dituena, beraz, guztiz beharrezkoa da.

Trikiti klasiko zaleak gehiago zarete edo uztarketa zaleak?

E. A. Nik denetik entzuten dut, eta trikiti munduan dena dela libre uste dut. Dena gera daiteke ongi, bai trikiti eta panderoa soilik, baita trikitia musika elektronikoarekin nahastuta ere, edota gitarra edo biolin batekin. Musika batek funtzionatzen du benetan barrutik ateratzen denean, egiten denean benetan nahi dena eta gustatzen dena. Nire kasuan, Laja eta Landakanda, Esne Beltza, Gozategi, Koban... denetarik entzun dezaket. Hori da polita azkenean, trikititik gauza ezberdin pila bat ateratzen direla.

Tradizioari eustearekin lotutako eztabaida dirudi.

A. M. Trikitia beti lotu izan da tradizioarekin. Orain baino gehiago, lehen zatiketa moduko bat sortu zen berrikuntzak etorri zirenean. Batzuk tradizionalaren alde geratu ziren, berritasuna nolabait «inpuroagoa» zelakoan edota tradizionala galdu araziko lukeen zerbait bezala ikusten zutelako.

Gaur egun gaztetxoek ikasten al dute?

E. A. Ikasle asko daude. Trikitixa Elkarteak errolda egin du ikusteko ikasleen kopurua, eta asko daudela esan beharra dago. Hori bai, askotan errepikatzen den kontua izaten da ikasleak trikiti eskoletara joan eta hasieratik eskatzen dutela Huntza edota Esne Beltzaren kantuak jotzen ikasi nahi dutela. Baina, horretara iristeko bide bat egin behar duzu, eta oinarrizko piezak joz hasi behar duzu.

A. M. Beste instrumentuekin ere berdin gertatzen da. Pianoa ikasten duen batek ere oinarrizko piezak joz hasi behar du. Eta behin hori menperatuta erabili ahalko du pianoa iruditzen zaiona jotzeko. Azken batean, trikitia beste instrumentu bat gehiago da, eta erabili daiteke musika mota desberdinak egiteko. Posible da pertsona bati estilo bat ez gustatzea, baina, azkenean instrumentuarekin maiteminduta gaudenontzat, niri, esaterako, ez zait gustatzen aukeratu behar izatea estilo desberdinak. Gainera, musikazale garenok ez zait iruditzen genero bat modu errazean baztertzen dugunik, eta trikitiarekin gutxiago oraindik.

Zerekin uztartzen da egokien? Edozerekin nahastu daiteke?

A. M. Badirudi baietz. Baina, eta beste instrumentuak edozerekin uztartu daitezke? Pianoa edota biolina edozerekin nahastu al daitezke? Trikitia biolinarekin entzun dugu, musika elektronikoarekin... Gaur egun normaltzat dugu, baina hasieran, gitarrarekin nahastea pentsaezina zirudien.

E. A. Lehen trikitia panderoarekin lotzen zen, eta orain panderoaren ordez bateria izatea ederki ikusten dugu.

A. M. Perkusio batek laguntzerako orduan ez du zertan panderoa soilik izan aukera. Kajoia ere izan daiteke edo beste zerbait. Musikak berak ez du ulertzen bereizketarik. Musika notak elkarren ondoan jotzea da, eta instrumentuak bere tinbrea ematen dio, arpa izan edo trikitia izan. Melodia da, eta instrumentu bakoitzak bere berezitasuna ematen dio.

Urte okerragoak pasa al ditu trikitiak. Boladan dago gaur egun?

E. A. Ez dakit urte okerragoak pasa dituen. Agian bai. Nik Zarauzko Musika Eskolan ikasi nuen, eta musika tresna asko genituen aukeran, pianoa, akordeoia... Gogoratzen dut trikitia ikasi nahi nuela esan nuenean irakasleak berak gomendatu zidala solfeoa ikasi nuenez pianoa edo biolina ikasteko. Nire ustez, musika eskola batzuetan ez zaio hainbesteko garrantzia eman trikitiari. Orain trikitia edo panderoarekin hasten diren gazteek oso argi dute hori ikasi nahi dutela.

A. M. Agian trikiti munduan murgilduta egon garenok ez dugu aldaketa nabaritu, gu beti egon garelako trikitiaren atzetik. 90. hamarkadan gorakada izan zuen, eta gero agian jarraikortasuna falta izan zaio. Gaur egun, edo azken hamarkadan edo, Huntza edota Esne Beltza bezalako taldeekin trikitia beste genero batzuetan azaltzen ari dela ikusten ari gara. Eta horrek, agian, bai lagundu diola trikitiari gora egiten. Trikipoparekin geldialdi modukoa eman zen, eta zerbait berria behar zuela iruditzen zait.

E. A. Orain trikitia gehiago ateratzen da kalera. Lehen erromeri talde bat sortzea zailagoa zen, eta orain erromeri talde ugari dago.

Trikitiarekin lotutako ekoizpen berri bat dagoenean entzuteko irrikaz egoten zarete?

A. M. Bai. Gaur egun sare sozialei esker errazago da gainera. Sare sozialetan ditugun lagun asko mundu horretakoak dira, beraz, elkarbanatu egiten ditugu gure artean ekoizpen berriak. Gainera, zuk musika tresna hori jotzen duzun unetik beti duzu kuriositatea tresna horrekin sortutakoa entzuteko. Gero gustatuko zaizu edo ez. Tradizionala izan edo berria. Batek egin dezake fandango bat trikitiarekin eta oso polita iruditzen zaizu, eta beste batek, berriz, nahastu dezake hainbat tresnarekin eta agian ez dizu hainbeste graziarik egin. Beraz, denetarik dago. Trikitia izate hutsa ez da nahikoa gustatzeko. Trikitixa Elkarteak, bestalde lan handia egiten du zabalkundean, zerbait berria sortzen denean ezagutzera emateko.

Saioaren bigarren denboraldia berrikuntzez betea dator. Zer izango da?

E. A. Orain arte gonbidatu bat elkarrizketatzen zen saioan, eta trikitiaz zuen loturaz eta bere bizitzaz hitz egiten zen batik bat. Aurten horri buelta bat eman diogu eta pertsonetan zentratu ordez, gaiak aterako ditugu mahai gainera. Gai horren inguruan hitz egin dezaketen hiru pertsona elkarrizketatuko ditugu ikuspuntu desberdinak eskaintzeko.

Zer gai lantzen hasiko zarete?

A. M. Aristerrazuko erromerien hasiera saioaren hasierarekin batera zela ikusi genuen, eta gai egokia iruditu zitzaigun denboraldi berriari ekiteko. Gure asmoa da urtean zehar izaten diren beste trikiti ekitaldiak ere irratira ekartzea eta lantzea.

Erromeriak aipatu dituzuela eta, zer egoeratan daude egun?

E. A. Helduak dira oraindik ere protagonista erromerietan, baina, gazteen kopuruak gora egin duela esango nuke. Ni ahal dudanetan joaten naiz Aisterrazura eta gazte asko ikusten ditut, eta ez soilik trikitia jotzen dutenak. Helduen artean ere esaten digute gazteen artean gorakada eman dela.

Zergatik eman da gorakada hori?

E. A. Ez dakit zergatik izango zen.

A. M. Faktore askorengatik izango da. Trikiti ikasle direnek ikusi nahi izaten dituzte ondo jotzen duten trikitilariak. Ikasten ari diren pieza horiek nola jotzen dituzten ikusi nahi dute. Bestetik, dantzariak daude. Dantza ikasten dutenek praktikatu nahi izaten dute. Herriko festetan izan dezakete aukera, baina, gisa honetako erromeriek aukera handiagoa ematen dute horretarako. Bi mundu horiek uztartzen dira eta horrek erakartzen du jendea.

Trikitixa Elkartearen babesa du saioak.

E. A. Elkarteak lan handia egiten du trikitiaren arloan. Trikitiak zer behar duen, jendeari zer gustatzen zaion... Gaiak proposatzerako orduan, esaterako, laguntza handia izango da guretzat.

A. M. Saioa ez da Trikitixa Elkarteak sortutakoa izan, baina beste ekimenekin egiten duen moduan, saioaren berri izan duen unetik babesa eta laguntza eman du. Gaiak proposatzean, kontaktuak... laguntza handia da. Beraiei guri baino informazio gehiago ere iristen zaiela kontuan hartu behar da, beraz, babes hori izatea garrantzitsua da.

Horrelako trikiti saio bat egitearen garrantzia nola baloratzen duzue?

A. M. Beti dugu joera bertsolaritzarekin konparatzekoa, eta beraien kasuan beti izan dute saioren bat telebistan edota irratian. Trikitiak, ordea, falta zuen. Trikitiari bere lekua ematen dio. Azken batean gazteei nekez gustatuko zaie trikitia entzuten ez badute. Agian euren borondatez ez dira hasiko entzuten, baina, ATARIA IRRATIA entzuten ari badira, eta Hauspo Artean irratsaioa egokitzen bada eta trikiti piezak entzuten badituzte horrek bultza lezake gustatzera, eta ondoren Aristerrazura joatea. Izan ere, agian, askok ez dute Aristerrazuren berririk, beraz, nekez joango dira hara. Azken batean, presentzia hori garrantzitsua da, eta hortik aurrera norberak aukeratuko du gustatzen zaion ala ez.

Nolako harrera espero duzue?

A. M. Harrera oso ona izan zuen eskualde mailan, eta batez ere sare sozialetan. Trikitizale asko dago zain zer egiten den entzuteko, eta horregatik, sare sozialetan asko elkarbanatu zen. Iruditzen zait lehen denboraldia gustatu zitzaion jendeak entzuten jarraituko duela. Gainera, Eneritzekin egiteak lagunduko du saioa gehiago zabaltzen.

E. A. Trikiti munduan gabiltzanok asko jarraitzen ditugu trikiti kontuak sarean, eta ezagunen elkarrizketak-eta ikusten ditugunean segituan sartzen gara.

Nori zuzendutako saioa izango da?

A. M. Mundu guztiari. Trikiti zaleentzako saioa izan beharko lukeela dirudi, baina, trikiti zale ez direnak ere gonbidatuko nituzke. Musikazaleak, esaterako, baina, ez soilik musika zaleak, baita kulturzaleak ere.

Zer botatzen duzue faltan trikiti munduan?

A. M. Agian gurea bezalako ekimenak eskualde mailako komunikabideetan soilik sortzen dira, eta ondorioz, zabalkundea mugatuagoa da. Trikitixa Elkartea ari da horretan ahaleginetan. Baina, hori bai, Hauspo Artean bezalako proiektuak eskualde desberdinetan egitea beharrezkoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!