Albizturko Andramari jaiak 2018

Babarruna behera, herritarrak gora

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 11

Albizturko Andre Mari festei, gaur arratsaldean eman diete hasiera. Festa, txupina lehertzearekin batera hasi da. Ondoren jaitsi da babarruna, eta baita trikitilari eta txirrindulariak ere, VI. Albiztour bizikleta lasterketa ospatu aurretik.

Batekin nahikoa ez, eta behin eta berriz txapliguak piztu eta piztu aritu dira albizturtarrak, arratsaldean, herriko jaiei hasiera emateko. Pregoiko mezua laburra bezain argia izan da: "Ondo pasa festak!". Ondoren, bero sargoriari aurre egiteko, urezko globoak jaurtitzen aritu dira udaletxeko balkoitik.

Asko izan badira ere, lehen suziria lehertu bezain laster jaitsi da babarruna, eta orduan hasi dira lanean trikitilariak. Kalejira doinuekin, herrian behera jaitsi dira. txirrindulariak atzean zituztela. Hauek, VI. Albiztour lasterketan hartu dute parte beranduago. Lehia estua izan da, baina ez lehen posturako, hortik atzera baizik.

Txirrindulariek ederki izerditu dute, beraz, jaiak hasi eta berehala. Gauean ere, izerdi gehiago botatzeko aukera izango dute albizturtarrek, Ostolazarekin erromeria izango baita plazan. Aurretik, ordea, sabela ongi bete beharko dute, une honetan ospatzen ari diren herri afarian. Bihar, berriz, egitarau xumea badute ere, goiz-goizetik alaituko dute herria, eta arratsaldean pilotariak izango dira protagonista.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!