«Ehiztari zabarra asko izan da»

Asier Imaz 2018ko mai. 20a, 10:04

Apirilaren 15eko manifestazioa bertsoekin amaitu zen. Anjel Mari Peñagarikano (Albiztur, 1957) eta Iñigo Gorostarzu berastegiarra izan ziren bertsolariak.

Zein izan zen bertsoz zabaldu zenuen mezua?

Ehiza bai, ehiza ez. Hori dela aspaldiko tema, baina ehizak, behar bezala eginez gero, ez duela hondatzen ekosistema. Tema eta ekosistema erabili nituen errima bezala, behar bezala eginez gero ekosistema ez duela hondatzen esateko.

Ehiztari bezala bat egin al zenuen manifestazioarekin?

Bai. Baina garbi esango dut. Ni herri txiki batean jaioa eta hazia naizenez, guk txikitatik dugu ehiza sena hori. Hori beti esango dut. Gu ume bihurriak izanda, gerezi garaian zepoa jartzen eta hasi ginen, eta aitak txiki-txikitatik erakutsi zigun hori ezin zela egin. Garai horretan xoxoek eta birigarroek txorikumeak eta arrautzak zituztelako. Txiki-txikitatik nik ia banekien neguan ehizan ibiltzen zirela, baina udaran ez. Gero, ehiztaria baldin banaiz eta ehizaren aldekoa izanda ere, beti esango dut, guztiz kontra nago orain arte ehizan egin diren gauza askorekin.

Adibidez?

Nik neronek ezagutu dut, postuan etortzen den guztiari tiroa eman eta libre. Eta jasotzera joan ere ez. Txoria, txorleroa edo edozeri. Hori da itsusia eta salatzekoa. Salatzekoa den bezala ikusi zapelatza, gabiroia…, tiroa eman eta kito. Ehiztariak horrelako gauzak asko egin ditu, gehiegi. Ni horien kontrako amorratua naiz.

Hortik zure bertso amaiera.

Ehiza egin behar da egin behar den bezala, eta behar bezala ez dabilenari: zigorra. Nik hori esateko lotsarik ez daukat. Aitortu behar dut ehiztari zabarra asko izan dela. Besteak beste, tiro asko egin mendian eta kartutxorik jaso ere ez; edo edari latak bertan utzi. Itsusikeria asko.

Zuek Albizturren ehiza postuak zozketatzen dituzue. Araurik jartzen al duzue?

Paperean eta dena, garbi esaten diegu zozketan parte hartzen dutenei kartutxoak biltzea obligazioa dela. Postuak garbi uztea obligazioa dela. Bestela, hurrengo egunean ez dutela zozketan parte hartuko.

Ehizak izan dezakeen ospea eta arrantzak duena, ez al dira desberdinak?

Donostiara joan eta edozein zubitan arrantzan ikusiko duzu norbait, noiznahi. Inork ez du esaten hori gaizki dagoenik. Gehiago esango dut: behin baino gehiagotan ikusi dut pieza handi xamar bat atera eta jendea txaloka. Badira taberna edo jatetxeak igerileku bat ondoan dutenak. Amuarraina bertan harrapatzen duzu, ondoren etxera eraman edo bertan jateko. Ehizaren aurka daudenak han ikusten dituzu kaina hartuta umeekin, guk egiten dugun bera egiten. Zerk molestatzen die, bolborak? Tiroak? Ekintza bera da. Bata salatu eta bestea ez? Hori da nik egiten dudan galdera. Eta bukatzeko, ekologian egiten den kaltea baino handiagoa iruditzen zait futbol zelaietan egiten dena. Izugarrizko itsusikeriak, baina beldurgarriak, botatzen ibiltzen dira umeen aurrean; horrek bai eragiten diola kaltea gizarteari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!