«Animaziozko film batean parte hartzea gustatuko litzaidake»

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 3a, 09:00

Arte Ederrak ikasteko hautua egin zuen eta ez da damutzen Maialen Zubizarreta. Marrazkietan «estilo errealista» duela dio, eta komiki mundua ere asko gustatzen zaio, horien artean 'Blacksad' izenekoa.

Maialen Zubizarreta (Albiztur, 1997) EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasten ari da egun, Bilbon. Txikitatik izan du artearekiko zaletasuna, eta bere asmoa da ikasketak lanbide bihurtzea. Bide horretan www.maialenzubizarreta.com webgunea sortu du.

Nola doaz ikasketak?

Orain hirugarren urtean nago, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko gradua egiten. Halere, uste dut hurrengo urtean beste gradu batera aldatuko naizela. Egiten ari naizena oso interesgarria da, baina sormenaren aldetik beste bi graduetan, Arteko graduan edota Sorkuntza eta Diseinukoan, erosoago sentituko naiz. Orain egiten ari naizen graduan, nire sormenerako eta marrazkiak-eta egiteko, aukera gutxiago ditut.

Zer egiten duzue orain egiten ari zaren graduan?

Koadroak eta eskulturak lantzen ditugu, horiek konpontzen ditugu. Normalean, fakultatean gutxien hartzen den gradua da. Gero, gainera, gradua bukatzerakoan masterra ez baduzu egiten, ezin duzu zaharberritzaile izan. Beraz, karga hori ere badu.

Gaur egun, halere, dirudienez edozein gradu egin ondoren, master bat edo graduondoko bat egitea ia derrigorrezkoa da, ezta?

Bai, derrigorrezkoa ez dakit, baina beti prestigio bat ematen du master bat egiteak. Hemen bertan badaude zenbait master, eta ez naiz aritu begiratzen kanpoan zer dagoen, baina seguru aukera bat baino gehiago daudela.

Dagoeneko baduzuna webgunea da. Nolatan eman zenuen pauso hori?

Duela gutxi egin dut, eta egia esan, familiakoek animatu ninduten nire burua ezagutzera emateko. Enkarguren bat edo beste egin didate, eta horri begira, zer egiten dudan eta zeintzuk diren nire interesak azaldu nahi nuen. Egia esan, denetatik gustatzen zait. Badut interes gehixeago marrazkian, baina denetik ukitzen saiatzen naiz.

Buruan baduzu zer bide jarraitu nahiko zenukeen behin ikasketak bukatuta? Ez du ematen erraza izaten denik sormena lanbide bilakatzea...

Nik uste dut faktore asko daudela. Norberaren eskuetan ere badaude. Norbaitek Arte Ederrak egin ditzake eta, hala ere, ez asko ikasi marrazkigintzan edo pinturan. Bakoitzak bere aldetik jarriz gero, azkenean aterako du lana, edo bestela master bat egingo du. Arte Ederretan irakasleen arabera ikasketak asko aldatu daitezke ere. Ikasgai bera irakasle ezberdinarekin, ez du zerikusirik.

Txikitatik pentsatu zenuen bide hau jarraitzea?

Egia esan txikitatik izan dut interes hori. Gogoratzen naiz Albizturko eskolan nengoenean plastilinarekin gauzak egiten edo lagunentzat marrazkiak egiten. DBH bukatu nuenean duda izan nuen batxiler artistikoa egin ala ez. Beti izaten da beldur pixka bat arte ikasketetan sartzerakoan, aukera gutxiago izango ote dituzun aurrera begira lanbide bat bilatzeko eta horrelako zalantzak. Baina azkenean, ez naiz batere damutzen batxiler artistikoa egin izanaz, oso irakasle onak izan nituen eta oso pozik nago.

Eta fakultateak laguntzen al du ikasitakoa lanbide bihurtzen?

Nik uste dut saiatzen direla, baina gero batzuetan ez da hain erraza izaten. Gero norberak ere batzuetan ez du oso garbi izaten zer egin; nik ere nire dudak ditut. Lehen esan dudan bezala, denetik egiten saiatzen naiz, eta egia esan gauza asko gustatzen zaizkit. Zerbait esateagatik, animazioa eta komikiak asko gustatzen zaizkit.

Hori izan daiteke arlo bat irtenbide gehiago izan dezakeena, adibidez, koadroak margotzea edo eskulturak egitea baino. Bideo jokoen mundua ere izan daiteke bide bat, ezta?

Gaur egun, esaterako, bideo jokoak zabaltzen ari dira, eta pentsatzen dut arlo horretan lan gehiago izango dela, eta zailagoa izango dela pintore izatea.

Webgunean ere azaldu duzu enkarguren bat egina duzula. Nola iristen zaizkizu?

Egia esan, hemen zabaltzen hasi naiz pixka bat nire izena webgunearen bitartez, eta nire lagunen edo anaiaren lagunen bitartez, oparitarako marrazkiak egiteko eskatu izan didate.

Eta erakusketa batean parte hartu izan duzu?

Txikitan, Donostiako Tamayoren lehiaketetan parte hartzen nuen, eta kalean denak margotzen jartzen ginen. Aspaldi ez naizela izan. Abenduan Bilbon egiten den Arte Solidarioaren Jaialdira aurkeztu nintzen. Batez ere norbera promozionatzeko ekitaldia da. Nire autorretratu bat eraman nuen, Arte Ederretan egindako margolanak, eta postal txikiak egin nituen nire zenbait marrazkiena.

Zer helburu duzu?

Burutik hainbat gauza pasatzen zaizkit, baina asko gustatuko litzaidakeen gauza bat animazio pelikula batean parte hartzea da, pertsonaien estiloan edota sormenean arituz. Margolanen erakusketa bat egitea ere ondo egongo litzateke.

Azaldu duzu denetatik duzula gustuko artean, baina baduzu bereziki gustuko duzun arloren bat?

Arloez gain, estiloa aipatuko nuke; nik berez estilo errealista daukat marrazkiak eta pinturak egiteko. Halere, saiatzen naiz batzuetan pintura solteagoak egiten. Marrazkia asko gustatzen zait, komikia ere, eta zientzia fikzioan interes asko izan dut, adibidez Alien pelikulan. Nire marrazkietan ikusten da gai hori askotan landu dudala.

Zein dira zure erreferenteak artearen munduan?

Komikiei dagokionez, Asterix eta Obelixenak irakurri izan ditut, eta Disney eta Pixar etxeko pelikulek niregan eragin handia izan zuten, eta artearekiko nire interesa piztu zuten. Gaur egun komiki autore ezberdinak irakurtzen ditut. Alex Alice da autore bat asko gustatzen zaidana estiloarengatik eta istorioak egiten dituen moduarengatik. Blacksad izeneko komikia, animaliak giza munduan bezala sartzen dituena, nire erreferente handi bat da ere. Askotan egiten ditut horren marrazkitxoak, estiloa eta adierazkortasuna lantzeko.

Nola ikusten duzu, gaur egun, artea? Batzuetan kritikak ere izaten dira zenbait artelan ulertzen ez direlako.

Nik uste dut gaur egun distantzia bat dagoela publikoaren eta egungo arte abstraktu edo modernoaren artean. Guri fakultatean erakusten zaiguna normalean arte zaharra da. Greziako artea ikasten dugu eta eskulturak ikusten ditugu, eta gero koadro gotikoak edo barrokoak. Figurak ikustera ohituagoak gaude. Arte modernoa iristerakoan hainbesteko berrikuntza edo ezberdintasuna dago, ez gaudela ohituta horrelako zerbait ikustera. Askotan ez da ez zaizula gustatzen, baizik eta ez duzula ulertzen zer esan nahi duen.

Artistaren azalpena beharrezkoa da, agian?

Bakoitzak bere interpretazioa egiteko askoz ere libreago dago, eta horixe da gertatzen dena, bakoitzak bere iritzia duela. Lehen arteak helburu jakin batzuk izaten zituen. Gaur egun edozein saiatu daiteke artea egiten eta bakoitzak bere esanahiak emango dizkio egiten duenari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!