Aurtengo proiektu nagusia, Olateaga auzoko bidea bukatzea

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 28a, 07:59
Albizturko Olateaga auzoko ikuspegia, aurreko astean aterako irudian.

Mahai gainean hainbat proiektu ditu Albizturko Udalak: haur eskola beste gune batera eramatea, eta etxebizitzekin eta urarekin lotura duten gaiak jorratzea.

Albizturko Udalak 400.000 euro inguruko aurrekontua du 2018rako. Gauzatuko den proiektu nagusiena Olateaga auzoarentzat egiten ari diren bide berriaren bigarren zatia amaitzea izango da. Maria Isabel Matxinandiarena alkateak azaldu duenez, «lehenengo zatia bukatuta dago eta orain bigarrena egin behar da».

Olateaga auzoko baserrietatik behera egiten ari dira bidea, Aizkorri Haundi auzora. Urkizutik gertu dagoen auzoa da Olateaga, eta gaur egun bost kilometroko bidea egin behar dute auzoko bizilagunek bere etxeetara iristeko. Ibilbide hori guztia egin behar ez izateko, bide berria egiten ari dira orain. «Bertako baserri guztiak konponduta daude, eta hutsik zeudenak ere bete dira. Egun auzoan sei haur bizi dira. Bertan bizi direnei eguneroko bizimodua errazteko egiten ari gara lan horiek», esan du Matxinandiarenak.

Eguraldia hobetzeko zain daude lanei berriro ekiteko, eta espero dute irailean lanak bukatzea. «Aurtengo negua oso txarra izaten ari da horrelako lanak burutzeko», azaldu du alkateak. Bestalde, urtean zehar ezusteko asko sortzen direla eta horiei ere dirua bideratu behar dela nabarmendu du Matxinandiarenak. «Orain dela gutxi harkaitz handi batzuk mugitu ziren eta bide bat oztopatzen zuten. Horri ere irtenbidea eman behar zitzaion. Uharridi bat egin behar izan zen. Beti sortzen dira horrelako kontuak eta horrek ere gastu bat izaten du».

HAUR ESKOLA LEKUZ ALDATZEA

Mahai gainean beste hainbat proiektu ere baditu Albizturko Udalak. Horietako bat haur eskolarena da. Egun udaletxean dago kokatuta, bigarren solairuan. «Haurreskolak Partzuergotik azaldu digute ez dituela segurtasun neurri guztiak betetzen, batez ere bigarren solairu batean dagoelako», esan du Matxinandiarenak. Partzuergotik bilera eskatu dute, segurtasunaren aldetik kezkatuta daudelako. Horren aurrean, udaletik irtenbidea bilatzen ari direla azaldu du alkateak, haur eskola beste leku batean kokatzeko.

Gaur egun zazpi haur daude haur eskolan. «Herri txikietan haur eskola izatea oso garrantzitsua da, ikusita gainera Albizturren egun dagoen haur kopurua», esan du Matxinandiarenak. «Horrelako zerbitzuak mantendu egin behar dira». Partzuergotik azaldu dietenez, Albiztur haur eskola behe solairuan ez duen herri bakarra da.

Udalean lantzen ari diren beste gaietako bat etxebizitzena da. Plan Orokorrak aurreikusten ditu zenbait eremu urbanizagarriak direnak. Herritarrei iaz galdetu zitzaien interesik ote zuten etxebizitzen bat erosteko, eta zortzik baiezkoa eman zuten. «Ikusten ari gara Plan Orokorraren barruan ze etxebizitza mota egin daitezkeen. Eta aurrera begira bilera bat deituko dugu honen inguruan», zehaztu du Matxinandiarenak.

Etxebizitzekin lotura duten gaiekin jarraituz, zehaztuta dagoen bilera eraikinen inspekzio teknikoari buruzko da. Apirilaren 13an izango da bilera hori, 19:00etan, udaletxean. «Herritarrei azalduko zaie inspekzio horren inguruko informazioa, besteak beste, zeinek egin behar duen jakinarazteko», azaldu du alkateak. «Herrian etxebizitza asko daude 50 urte baino gehiago dituztenak, batez ere baserriak, eta jendeak ere bere kezkak ditu. Horregatik antolatu dugu bilera».

Urarekin zerikusia duten gaiak ere ari dira lantzen udaletik. Batetik, ur zikinak bideratzeari dagokiona. Mendiko urak eta ur zikinak Salubieta errekatik doaz, tarte batean herriaren azpitik doana. «Ur saneamenduaren ardura duen erakundeak bi aukera ematen ditu, herrian araztegi bat jarri, edo Oria ibaitik igarotzen den saneamendu sistemari lotu. Gure aldetik nahiago dugu Tolosarekin lotzea», zehaztu du alkateak.

Urarekin lotura duen beste egitasmoak, egun ur sarera lotuta ez dauden baserriekin du zerikusia. Aldunditik informazioa biltzen ari dira udalaren bitartez, eta ikusi da 37 baserritan dagoela behar hori, hau da, 63 herritarri eta euren ustiaketei eragiten diela arazo horrek.

Bestalde, orain gutxi herrian egin diren Udaberri Festak antolatu dituztenei zorionak eman dizkie alkateak: «Guztia beraiek antolatu dute, eta udalak gutxieneko batean lagundu du. Beraien borondatez antolatu dute, eta eskertzekoa da jendea mugitzea besteentzako gauzak antolatzeko», esan du Matxinandiarenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!