«Auto lasterketek frontoiko adrenalina askatzeko balio dute»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko urt. 31a, 12:20

Betidanik galtza zuriak jantzita, frontoian sartuta. Orain, berriz, bi kirol ezberdin uztartzen ditu. Izan ere, pilotaz gain, bere kart cross berriaren bolantea ere hartzen baitu eskutan. Garrantzitsuena hala ere: «Lana».

Automobilgintza ikasketak burutu eta Irizar enpresan lan egiten du egun Eneko Labakak (Albiztur, 1994). Kirolari gazte honek, ordea, ez ditu berehalakoan ahaztuko pasa den urteko azken hamar egunak. Izan ere, abenduaren 22an, Bankoa Credit-Agricole Diario Vasco txapelketa irabazi zuen, Eskiroz atzelariarekin. Bestetik, Urtezahar egunez, Aiako III. slalomean, garaipena lortu zuen, kart cross modalitatean. Gaurkoan, inoiz kenduko ez zaion irribarre eta guzti sartu da plazaraino, bere auto berriarekin, herriko haur guztien idolo bihurtu delarik.

Noiztik zenuen buruan, autoa hartu, eta lasterketa ezberdinetan aritzeko ideia?

Betidanik gustatu zait motorraren mundua, eta adinez nagusi izatera heldu nintzenetik, kotxeekiko zaletasuna areagotu egin zitzaidan. Orduan, BMW markako auto bat erosi nuen, kalean erabiltzeko asmoz, baina ohartu nintzen, ezin nuela edozein lekutan txorakerietan aritu. Ondorioz, duela bi urte kart cross modalitateko autoa ekarri nuen, eta orain, oso gustura nago. Ordutik hona, lasterketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dut, baita zirkuitu eta arerio ugari ezagutzekoa ere, eta asko gozatzen ari naiz. Gainera, lagun eta ezagun batzuek, slalom modalitateko lasterketetan parte hartzera bultzatu ninduten, eta horrela ekin nion bide berri honi. Denboraldi honetan, lehen aldiz egin dut proba, eta oraingoz, oso ondo irten da.

Hala ere, oso gaztetatik, pilotan aritzeko hautua egin zenuen zuk; gero etorri zen kart crossarena. Zerk edo nork bultzatuta?

Azken batean, pilota munduan, eta batez ere frontoi barruan sentitzen dudan adrenalina hori askatzeko modu oso egokia dela iruditzen zait. Presio hori guztia deskargatu ahal izateko, zirkuituetara egin behar da jauzi, eta lagunek ere zeresan handia izan zuten bere garaian, txapelketetan parte hartzeko erabakia hartu aurretik. Beraiek pilotu ona nintzela esaten zidaten, eta behingoagatik behintzat, probatu egin behar nuela.

Eta kart crossaren munduan, zein da orain arte izan duzun ibilbidea?

Horri buruz gutxi daukat esateko, izan ere, pasa den denboraldiko kontua izan da, honakoa. Orduan lortu nuen lizentzia, eta horri esker nago federatuta. Hala ere, nahiko galduta nenbilen hasieran, kirol honi buruz hitz egin zidatenean, eta automobilismoaz dakiten inguruko ezagun askoren bitartez eskuratu ahal izan dut laguntza. Esaterako, aipatu nahiko nuke, Azkoitiko Errebueltie taldearekin parte hartzen dudala, enpresako lankide bati esker. Autoa, berriz, sarean erosteko aukera izan nuen.

Duela gutxi hasi, eta jada lehen garaipena. Aiako III. Slalomean. Nolakoa zen proba eta zeintzuk izan ziren zure sentsazioak hura amaitu ondoren?

Lau kategoria ezberdinetako 22 pilotu aritu ginen lehian, erlojupeko saioan. Antolatzaileek, oztopo eta guzti eraiki zuten zirkuitua buruz ikastea zen egin beharreko lehen lana. Horretarako, beraiek paperean ibilbidearen marrazki bat eman ziguten parte hartzaile guztiei. Ondoren, entrenamenduko itzuliekin hasi aurretik, pista kanpotik ikusteko aukera izan genuen. Esan beharra dago, kart cross modalitateko autoak txikiagoak direla, eta hortaz, errazagoa da haiekin edozein traba ukitu gabe igarotzea. Eta egia esanda, denboraldi hasieran, Azpeitian jokatutako proban hirugarren postua lortu ondoren, neure burua horrelako zerbait irabazteko kapaz ikusten nuen. Berez denbora onena egin nuen, baina oztopoak ukitzeagatik zigortu ninduten. Ondoren, aitak bultzatuta joan nintzen Aiara, eta bertan, garaipena lortu ondoren, oso gustura geratu nintzen, sentsazio oso onekin.

Esan duzunez, lau klase ezberdinetako pilotuak zeundeten: 1, 2, 3 eta 4. Zer dela eta klase ezberdinak?

Autoak zilindradaren arabera sailkatzen direla esango nuke. 4. kategoriako autoak, kart cross kategoriakoak dira, eta gainerakoak, berriz turismoak; gero, turismoak bestelako ezaugarri batzuen arabera sailkatzen dira hiru mailatan.

Erlojupeko proba izanik, bi itzuli izan zenituzten entrenatzeko eta beste bi puntuagarriak, ahalik eta denbora onena egiteko. Ez al ziren gutxi?

Aitortu behar badut, bai. Niretzako gutxi ziren, aurreneko bi itzulietan, sentsazio txarrekin irten nintzelako, oztopo batetik bestera denbora-tarte gutxi zegoelako, eta asko kosta zitzaidan bakoitza non zegoen eta nolakoa zen ikastea, ahaztu egiten zitzaidalako. Itzuli ofizialetan, ordea, marka oso onak egitea lortu nuen, eta beraz, ez nago itzuli kopuruaz kexatzeko moduan.

Orduan, modalitate honen ezaugarriak, teknika eta memoria dira.

Bai, halaxe da. Noski, zirkuitua kanpotik ikustea edota auto barruan zoazela, abiada bizian zeharkatzea, ez dira gauza berdina. Bolanteari helduta zoazenean, oztopoak segituan igarotzen dira, eta agian ez zara oroitzen non zegoen hurrengoa. Bestetik, geroz eta azkarrago zoazenean, jotzeko arriskua ere handiagoa da. Hori gutxi ez eta, ahalik eta gertuen igaro behar duzu, denbora handirik ez galtzeko, eta zorionez, nik ez nuen bat bera ere jo, eta hortaz, ez ninduten zigortu.

Azkenean, 52 segundo eta 733 milarenetan geratu zenuen kronometroa, eta lehen hiru sailkatuen artean, segundo t'erdiko tartea besterik ez zen izan. Ezagutzen zenituen gainerako aurkariak?

Beste pilotuak ez nituen asko ezagutzen, baina banekien oso ondo ibiltzen zirela, eta ibiltzen direla. Esango nuke, ni baino hobeak direla, esperientzia handiagoa dutelako. Hala ere, kasualitate hutsari esker edo ez, baina ni izan nintzen azkarrena.

Aurretik bazenekien denbora hobea egin behar zenuela edota beraiek gainditu behar izan zuten zure marka?

Pilotu guztiek beren lanak amaitu arte, ez dute sailkapenik ematen. Orduan, 22 autoek bi itzuli ofizialak eman ondoren jakin nituen nire denborak, baita gainerakoenak ere. Orduan, sorpresaz betetako proba izaten da; sentsazio onarekin geratzen bazara, posible ikusten duzu, edo behintzat, badakizu aurreko postuetan ibiliko zarela, bestela, ez.

Bestalde, pilotari dagokionez, XXVI. Bankoa-Credit Agricole Diario Vasco afizionatu mailako binakako torneoan, txapela janztea lortu zenuen. Bi zati izan zituen finalak, 12na jarri zineten artekorakoa bata, eta 22-14ko azken emaitzara bitartekoa bestea. Hala bizi izan zenuen zuk?

Egun hura, bere osotasunean, bereziki ikaragarria izan zen. Bagenekien, partida gogorra izango zela, eta aurreikusitako gidoia bete egin zen. Lehen zatian, oso ondo hasi ginen, eta lan erditara aurretik iristea lortu genuen. Hala ere, ondoren, akats batzuk tarteko, 12na berdintzea lortu zuten haiek. Atzelari izan nuen Eskirozek sekulako partida egin zuen, hasi eta buka. Bigarren zatian, gainera, gehiago agintzea lortu zuen atzeko koadroetan, eta aurrean, nik gehiago asmatzea lortu nuen. Horrela, eta mantendu genuen erritmo eta intentsitate erregularrari esker, diferentzia areagotu eta txapela irabaztea lortu genuen. Bazirudien, beraien susperraldi horretan, gauzak zaildu egingo zirela, gainera etorri zirelako, baina guk lanean aritzen jarraitzea besterik ez genuen buruan.

Hala ere, nola uztartzen ditu Eneko Labakak, laneko orduak, pilota entrenamenduak eta kart crosseko lasterketak? Guztia ondo antolatzea zaila izango da, ezta?

Printzipioz, lana besterik ez daukat buruan, une honetan, hori ez dago uzterik eta. Gero, pilota da niretzat garrantzi handiena duen kirola, eta kart crossa, afizio moduko bat izango litzateke. Lehenean, oso gustura aritzen naiz, gozatu egiten dut. Beste kasuan, ordea, lasterketen kontuekin, adrenalina deskargatzeko edo askatzeko baliatzen dut nire astia, eta oraingoz behintzat, ez dut asmorik serioago edo modu profesionalago batean hasteko. Agendan lekutxoren bat dudanean, ez dut aukerarik galtzen, eta lagunekin ere joaten naiz itzuliren bat edo beste ematea. Gainera, beraiekin nahi baino gehiago egoten naiz, izan afari edota parrandetan, horiek ere nire egunerokoan sartzen baitira. (Barreak)

Ba al duzu zerbait autoek eman ez dizutena, baina pilotak bai?

Pilotak sekulako afizioa eman dit, herrikoa gainera. Bertakoek, asko lagundu didate eta zorretan nago beraiekin. Agian, hori falta izan zaio, orain arte, nire kart crosseko ibilbideari.

Eta alderantziz?

Ez dakit zer esan. Agian, pilotan dudakoak diren tantoetan, epaileek askotan zure aurka egiten dutela. Auto lasterketetan, berriz, hori ez da gertatzen, egiten dituzun arau-hausteak errazago ikusten direlako, eta guztietan harrapatzen zaituzte. (Barreak)

Datozen hilabeteetarako zeintzuk dira dituzun asmoak eta nahiak? Pilotan ea enpresa baten deia jasotzen duzun, autoarekin nazioarteko lasterketetan parte hartzera joateko asmorik duzun…

Dagoeneko oso zaila da deiren bat edo beste jasotzea. Printzipioz behintzat, lanpostua eusteari eman nahi diot garrantzia, eta gero ikusiko litzake, nirekin kontaktuan jarriko balira, zein izango zen hartuko nuen erabakia. Baina, berriro diot, ia ezinezkoa ikusten dut, atzetik ere gazte ugari datozelako, maila oso onean jokatzen. Nire buruari mugak jarri gabe jarraituko dut, presiorik ezarri gabe. Kart crossari dagokionez, orain arte bezala jarraituko dut, libre nagoen bakoitzean, lasterketetan parte hartzen, baina hemen inguruan, kanpora joan gabe. Izan ere, horietan aritzeko diru kantitate handia behar izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!