Bertako produktuak goraipatu eta herri giroa sortzeko

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 8a, 10:30
Iaz egin zuten lehenengo aldiz babarrun jate herrikoia.

Babarrun jatea egingo dute azaroaren 18an eta txartelak Elanen edo udaletxean eros daitezke; epea igandean amaituko da.

Babarrun jate herrikoia antolatu dute Albizturren azaroaren 18rako. Bigarren urtea dute, iazko arrakasta ikusi eta gero. Bizkor guraso elkarteko kidea den Nagore Leonek azaldu duenez, «aurreko urtean oso ondo atera zen, eta ehundik gora herritar bildu ginen. Esan beharra dago ere lan handia dagoela atzetik».

Bertako produktuak goraipatu eta herri giroa sortzeko jarri zuten abian ekimena. «Kontuan izanik Albizturko babarruna oso famatua dela, oso ona dela, ikusten genuen aitzakia ona zela babarrun jatea antolatzeko. Horrela bertako babarruna indartu, bertako produktuak indartu, eta bide batez guraso elkarteak herriari eta familiei begira zerbait egiteko aukera ematen du», esan du Leonek.

Bazkaria Bizkor guraso elkartea ari da antolatzen, udalaren eta herriko elkartearen laguntzarekin. Babarrun jatea 14:00etan hasiko da eta ondoren hainbat ekitaldi izango dira: 15:30ak aldera kantuan ariko dira, aurretik banatuko diren paperak erabiliz; haurrentzat 15:15ean ipuin kontaketa izango da eta horren ondoren herri jolasak egingo dituzte; arratsaldean txokolate jatea izango da. Bestalde, barra bat jarriko dute, musikarekin, bazkariaren ondoren giroarekin jarraitzeko.

Babarrun jaterako izena emateko epea igande honetan, hilaren 12an, bukatuko da, eta txartelak Elanen edo udaletxean eros daitezke. Helduek 22 euro ordaindu behar dute eta haurrek, 12 urte arte, 10 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!