Urteko gainerako egunen antzekoak dira, festa egunak, herri txikien sarreretan: errepidea lasai, txoriren baten hotsa eta bizilagunen bat, mendi-buelta egin eta etxera bueltan. Jai zaporea, ordea, herriaren bihotzera gerturatu ahala aditu lezake edonork: plazara, frontoira iritsitakoan.
Halaxe gertatu da gaur Albizturren, herri txikienen egun handienean. Lotsati esnatu da herria, baina tradiziozko eta ohiturazko hitzorduen zain ziren albizturtarrak, besterik ez. Fedenunenek meza nagusiarekin ekin diote Ama Birjin egunari, eta elizakoak bukatu eta gero bete da herria, festazalez.
Mendikute pilotalekuak zabal-zabalik zituen ateak herritarrentzat, eta Albizturko helduenentzako hamaiketakoa hartu du, lehenik. Salda beroarekin hasi, eta bazkarirako goserik gabe geratzeko moduko oturuntza eskaini diete gizon-emakumeei, herriko gaztetxoenen pilota partidak hasi bitartean.
Batzuk hamaiketakoa egiten ari ziren bezala, beste askok pilotalekuko harmailetako lekurik onena hartzea izan dute gogo bakar, lagun, lehengusu, alaba, seme, anai edo arreba jokoan gertu-gertutik ikusteko. Neskak hasi dira norgehiagokekin, palaz, eta 18 tantora jokatu dute partida, tanto luze, polit eta txalotuekin. Ondoren, mutilen txanda iritsi da, eta eskuz aritu dira, frontisaren eta ezker paretaren arteko artean trebatzen.
Urteko bazkari garrantzitsuenen zerrendan da gaurkoa, zalantzarik gabe, albizturtarrentzat, baina bazkalondoaren soka luzatuko du egitarauak, arratsaldetik gauera.