Albizturko Andramariak 2017

Babarrunaren aitzakian, ezer ez eta festa Albizturren

Abuztuaren 15era arte, lau egunetako egitaraua zabala osatu dute Albizturko Andra Mari jaietan. Larunbatean lehertuko da suziria, asteburua aprobetxatzeko asmoz.

Tolosakoak omen dira onenak, baina Albizturren ere badira babarrun zaporetsuak. Gainera, txupinazoa botata eta, jaki horren jaitsierarekin, hasten dituzte festak bertan. Albiztour izeneko txirrindulari proba bat ere ospatzen dute; aurtengoa, laugarren edizioa izango da. Gauean, berriz, herri afaria egingo dute eta ondoren Kupela talde ospetsuarekin dantza egiteko aukera izango da.

Igandetako biharamuna goxatzeko, ez dago txistularien diana entzutea baino gauza hoberik, eta hori da Albizturko jaietako bigarren egunean egingo dutena, meza nagusiaren eta toka txapelketa herrikoiaren aurretik. Arratsaldean, berriz, helduen pilota partidak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta nahi duenak, Zesuma taldea entzuten, erromeriaz gozatu ahalko du gauean.

Abuztuko hirugarren astea, gazte egunarekin hasiko dute. Triki-poteoa egingo dute goizean, haurren eta gaztetxoen bazkarirako girotzeko. Bazkal ostean, txikienek, abesteko eta jolasteko aukera izango dute. Gero helduko da tortilla txapelketaren txanda, sagardoarekin sabela betetzearekin batera, eta bertso saio ederraz gozatu aurretik. Gauean, Elustondo anai-arrebek, trikiti doinuak eramango dituzte.

Meza nagusia izango da, herri askotan bezala, Ama Birjin eguneko lehen ekitaldia. Ondoren, adinekoen hamaiketakoa eta gaztetxoen pilota partidak helduko dira. Arratsaldean, herri kirolek hartuko dute garrantzia, gaueko Oinargi dantza taldearen ikuskizunaren eta babarrun igoera baino lehen.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!