[GUTUNA] Ibilgailu historikoen tasa Albizturren

Xalba Zubizarreta Arizeta 2017ko eka. 7a, 17:00

Albizturren otsailean udalak aurten ezarri duen ibilgailu historikoen tasaren aurka protesta antolatu genuenetako bat izanik, gure alkateak ATARIAn berriki egin zaion elkarrizketan esandakoei erantzutea da gutun honen helburua.

Matxinandiarena andereak Albizturren %25 kobratzen dela eta hau gutxi dela Tolosan kobratzen denaren aurrean (%50) esaten du bertan. Hasteko, Albizturren %25 ez baizik %30 kobratzen da, eta berak jarritako adibidea baino ugariagoak eta argiagoak badaude Gipuzkoan (Donostia edo Eibar tartean), non ibilgailu historikoak inolako tasarik ez duten ordaintzen.

Asko edo gutxi den eztabaidatzea guztiz antzua eta norberaren poltsikoaren araberakoa izanik, bere gogoetak ez dio inolaz ere arazoari heltzen. Ondare kultural bat eusten laguntzen ari gara, herriari eta udalari inolako kosturik suposatu gabe, eta udalak lagundu beharrean, edo gutxienez bake-bakean utzi beharrean, gure lepotik dirua egiteko aukera bat bezala ikusi du.

Matxinandiarena andereak dio «jendeak protesta egiten duen bakoitzean erabakiak aldatzeak iniziatibarik eza agertzea» dela. Albizturren tasaren aurka antolatu zen protestaren ondoren udaletxean sartu zen idatzia ia berrogeita hamar herritarrek eta beste hainbeste kanpotarrek sinatu zuten. Hau da, herritar askori eragiten ez dien gaia izanik, Albizturko erroldaren ia laurdena eta beste hainbeste kanpotar ibilgailu historikoei tasa ez ezartzearen alde agertu ziren. Udal korporazio baten lehenengo betebeharra herriari entzutea izanik, gure agintariek gogoeta serio bat egiteko kopuru nahikoa ez al da?

Bukatzeko, gure alkateak kontu honi buelta bat ematea eta herrian ibilgailu historikoen erakusketa bati udalak laguntzeko aukera aipatzen du. Guk sartutako idatzian tasa ez ezartzearen truke hori ber-bera eskaintzen zenik ez du esaten. Orain dela hiru hilabete guk sartutako idatziari inolako erantzunik eman ez zaionik ere ez du esaten. Eta gurearen moduan azken aldian Albizturko udaletxean sartutako idatzi asko erantzun ez direnik ere ez du esaten.

Hori bai, Albizturren udalak iniziatiba daukanik ezin da ukatu.

Xalba Zubizarreta Arizeta Albiztur

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!