Matxinandiarena da udal batzordeko lehendakari berria

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 1a, 07:55

Frontoian berrikuntzak egin dira, toldo finkoak jartzeaz gain, harmailei egurrezko taulak ipiniko zaizkie. I. G. L.

Udal batzorde kudeatzailean Xabier Maizak utzitako lekua Feli Aranguren herritarrak hartu du.

Albizturko Udalean hainbat aldaketa izan dira azkenaldian. Horietako bat udal batzorde kudeatzailearen lehendakari kargua, praktikan alkate kargua dena, Maria Isabel Matxinandiarenak hartu duela izan da. Kargu horretan zegoen Karlos Ugartemendiak batzordean jarraitzen du. «Batzordean erabaki dugu ardurak aldatzen joatea, eta orain pentsatu dugu lehendakaria edo alkatearen kargua aldatzea», azaldu du Matxinandiarenak.

Batzorde kudeatzailean dagoeneko ez dago Xabier Maiza. PSE-EE alderdiaren ordezkaria zen Maiza, baina honek alderdia uzterakoan, PSE-EEtik eskatu zioten Albizturko udalbatzan zuen kargua uztea. Maizak utzitako lekua Feli Aranguren herritarrak bete du; aurreko astean hartu zuen kargua. Horretarako aurretik aldundiak bere onespena eman zuen, eta erakundeak lehenagotik PSE-EE alderdiari eskatu zion bere iritzia, alderdi horrek irabazi baitzituen herrian azken udal hauteskundeak.

HAINBAT PROIEKTU

Aurreko hilabeteetan hainbat proiektu gauzatu dituztela azaldu dute udaletik.Horietako bat izan da haur parkea berritzearena. Abuztuko herri festen aurretik egin zen aldaketa. «Aurretik zeuden jolasak auzolanean kendu genituen batzordekoek eta berria jarri ondoren margotu ere auzolanean egin genuen», esan du Matxinandiarenak.

Bestalde, frontoian ere berrikuntzak egiten ari dira. Batetik, toldo finkoak jarri dituzte aurten. «Herri bazkariak-eta egiten direnerako, eskatzen zitzaion enpresa bati toldoak jartzeko, eta ikusi dugu hobea zela finko batzuk jartzea», azaldu du batzordeko lehendakariak. Horrez gain, harmailetan egurrezko taulak jarriko dira aurki, eserlekuak erosoagoak izateko.

Argiteria publikoan ere aldaketak egin dituzte.Kontsumo baxuko bonbillak jarrita zeuden, eta horiek aldatu eta led argiak jarri dira herriko farola guztietan, aldundiaren diru laguntza baliatuz.

Urari lotutako proiektuei dagokionez, batetik Santa Marinako ur biltegi berria egin da. Biltegi zaharrean, Santa Marinako jatetxearen eskaerarengatik ur maila jaisterakoan, azterketa egitean ura arrea zegoela ateratzen zen. «Uraren azterketetan diru asko joaten zen, eta erabaki zen ur biltegia berria egitea», esan du Matxinandiarenak. Zaharra eta berria elkartuta geratu dira, eta orain ez dira hondarrak izaten. Azpiegiturei azken ukituak ematea falta da, margotze lanak esaterako.

Bestetik, herriko iturrietan udan ur eskasia zegoela eta, horri irtenbidea bilatzea lortu dutela azaldu dute udaletik. «Herriko ura dugu, eta Igarango biltegi batetik herriko bost iturrietara bideratzen da ur hori. Baina hodi bat puskatuta zegoen, eta ura galtzen zen. Hodi berria sartu da, eta orain ur freskoa dago iturri guztietan. Lan handia egiten ari gara hoditeria berritzen», esan du Matxinandiarenak.

 

 

Mugikortasunari lotuta, Olateaga bailaran bide berri bat egiteko asmoa dago, bertatik herrigunera zuzenago joateko. Gaur egun bost kilometroko bidea dute bailaran dauden etxebizitzetatik plazara joateko eta bidearen zati bat nahiko hondatuta dago. «Aurten egingo dugu parte bat, bidea irekiko dugu. Uraren kanalizazioa ere egingo da, eta datorren urterako geratuko da hormigoia botatzearena.Hori dena diruaren arabera izango da», azaldu du Matxinandiarenak. «Bizitza asko hobetuko zaie bertako bizilagunei».

Hondakinei dagokionez, organikoaren bilketaren inguruan aldaketaren bat egin nahi dute. «Gaur egun dugun bezala, kostu handia du, eta aztertu nahi ditugu bilketak egiteko beste modu batzuk».

Beste lanketa bat etxebizitzen arloan egiten ari dira. Epea ireki dute herrian etxebizitza bat izateko asmoa duten gazteen kopurua jakiteko. «Ikusi nahi dugu zer interes dagoen herriko gazteen artean», esan du Matxinandiarenak. «Garrantzitsua ikusten dugu gazteek aukera izatea herrian geratzeko».

Udal batzordeko lehendakariak gogora ekarri du herri txikietan ezin direla «sekulako proiektuak» egin: «Aurrekoak ere mantendu egin behar dira». Eta gogora ekarri du, esaterako, Saiaz Mankomunitatearen bitartez martxan dagoen eguneko zentroa. «Oso gutxik dute guk adinekoentzako dugun zentroa», esan du, «eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako zerbitzuak izatea».

IBILGAILU HISTORIKOEN TASA

Herritar batzuk protesta egin zuten otsailean, udalak ibilgailu historikoen tasa igo zuelako. Aurretik ez zen ordaintzen eta orain tasaren %25a ordaintzen da. «Tolosan %50eko kobratzen da,eta Albizturren %25ean jarri da. Iruditzen zait ez dela kopuru handia», esan du Matxinandiarenak. «Protesta egitea ondo dago, baina jendeak protesta egiten dizun bakoitzean aldatu egin behar baduzu erabakitakoa, orduan ez duzu iniziatibarik. Ez gai horretan bakarrik, edozeinetan».

Matxinandiarenak gaineratu duenez, «goazen buelta bat ematera kontu honi. Zergatik ez antolatu erakusketaren bat herrian dauden ibilgailu historikoekin eta baita kanpotik etorritakoekin? Udalaren laguntza ere jaso dezake aukera horrek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!