Ibilgailu historikoengatik Albizturren zergarik ez ordaintzeko eskatu dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 11a, 14:35

Sinadura bilketa egin dute gaur goizean Albizturko plazan, udalari zerga lehen zegoen bezala uzteko eskatuz, hau da, kobratu gabe uztea. "Urtearen azkeneko astean deitu ziguten udaletik esanez ibilgailu historikoei hasiko zirela %30eko zerga kobratzen", azaldu du Xalba Zubizarretak. "Ibilgailu hauei azken 25 urteetan ez zaie sekula kobratu zerga herrian, eta inolako arrazoirik gabe, udalak erabaki du kobratzen hastea".

Hiru familiak abiatu dute sinadura bilketa, ibilgailu historikoen inguruko zaletasuna dutenak. Horietako bateko kidea da Xalba Zubizarreta: "Betidanik izan gara oso zaleak. Iruditzen zaigu ibilgailuen zerga erabilpenarekin lotuta dagoela, eta hala egon behar duela, eta historikoei kobratzea ez daukala zentzurik, urtean zehar oso gutxi ateratzen diren ibilgailuak dira eta". Horrez gain, ondare kultural bat dutela eta hori mantentzen ari direla diote: "Ez diogu inori kalterik egiten, gure poltsikotik ordaintzen dugu dena. Historiaren zati bat gordetzen laguntzen dugu, eta herriari onura besterik ez diogu ekartzen. Beste zaletuekin taldean elkartzen garenean, saiatzen gara askotan herria kokatzen irteeretan. Herrian egiten ditugu bazkariak. Jendea etortzen da guri bisitatzera asteburuetan eta azkenean herriari ere bizia ematen diogu".

Zerga kobratzen hasteko erabakia hartzerakoan udala ez dela beraiekin harremanetan jarri azaldu dute. "Azken unean egin ziguten dei bat, esanez erabakita zegoela, eta esanez abisatzen zitzaigula nahi izanez gero baja emateko", esan du Zubizarretak. "Urtea bukatu baino hiru egun lehenago izan zen, eta zerga urtez urte kobratzen denez, ez zegoen fisikoki hori egiteko denborarik. Gainera, ibilgailuari baja ematea askotan esan nahi du txatarrera kondenatzea".

Ibilgailu historikoak dituzten familiak prest daude ekitaldi gehiago antolatzeko. "Udalari azaldu diogu, eta gure idatzian jasotzen dugu, prest gaudela beste zenbait ekitaldi antolatzeko", zehaztu du Zubizarretak. "Orain egiten direnekin onura ekartzen diogu eta gehiago eranstea da asmoa, jendeak gehiago goza dezan. Gauza polita da, eta gainera ondare bat babestea da. Historia duen eraikin bat zaintzen aritzea bezala, edo eskultura bat. Azkenean gure historia industrialaren parte dira".

Albizturko plazan erakutsi dituzte beraien ibilgailu historikoak. "Hemen daude ibilgailu batzuk harremana dutenak herriarekin. Ibilgailuetako bat herriko igeltsero eta bizarginarenak izan zen", esan du Zubizarretak. "Auto bat dugu, bere antzeko modelo batekin, kamioi bihurtuta, herriko gazteak 30eko eta 40eko hamarkadan eramaten zituela festaz festa herriko okinak". Beste moto bat dute Euskadiko txapelduna dena motokrosean, ibilgailu historikoen mailan. Beste bat Guardia Zibilak erabiltzen zuen Errepublika garaian. "Azkenean ibilgailu bakoitzak du bere historia pertsonal bat eta baita kontatzen du historia industriala. Lotuta daude sortu zireneko garaiarekin".

Sinadura bilketaren ondorengo pausoa jasotakoa udalera eramatea da. "Guk ulertzen dugu sinadurak biltzen ditugun heinean, udalak gutxienez pentsatu egin beharko lukeela zein diren arrazoiak zerga hori aldatzeko, eta ea aurrera jarraitu behar duten horrekin. Gure azken jomuga da zerga kentzea eta lehen bezala izatea, debalde izatea ibilgailu historikoetan", zehaztu du Zubizarretak.

Iraitz Ezeiza da sinadura bilketa antolatu duen beste herritarretako bat: "Guk jarraitu nahi dugu ibilgailu horiek mantentzen. Baina ez bada aldatzen zergarena, azkenean kendu egingo ditugu horietako hainbat, familia batentzat dirua delako horiek guztien zergak ordaintzea, %30a bada ere. Albiztur txikia izanik, eta ibilgailu historikoen zaleak gutxi izanik, horrek udalari ematen dion dirua irrigarria da. Guretzako kaltea da eta udalari ez dio suposatzen diru iturririk". Ibilgailuak mantentzea lan asko suposatzen diela dio Ezeizak: "Dirua ere sartu behar da, eta bere alde txar hori ere badu. Guretzako polita da, txikitatik gustatu zaigulako. Orduan eta gehiago sartu, orduan eta gehiago gustatzen zaigu eta zure bizitzaren parte egiten da".

Sinadura bilketarekin batera, moto historikoen zaleak biltzen dituen Bost elkartekoak ere Albizturren izan dira goizean. Tolosaldetik egin dute moto irteera, eta Albizturtik hasi dira, sinadura bilketari babesa emanez. "Ez da zerbait arraroa elkartekoak Albizturren izatea", esan du Zubizarretak. "Askotan etorri dira edota pasatzen dira hemendik. Lau aldiz edo izaten dira urtero bazkariak egiten herrian. Gaurkoan etorri dira 30 bat motozale, bere moto historikoekin, eta herrian horiek ikusteko aukera izan da".

Sinadura bilketan herrikoenak alde batetik eta kanpokoak bestetik jaso dira, eta gero udalean bi zerrendak aurkezteko asmoa dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!