«Euskaldun zintzo baserritarra jada ez da existitzen»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko abe. 11a, 11:54

Ur handitan sartuz gaurkoan. Abertzaletasuna edo nazionalismoak asko eragiten du herritarron bizitzan, eta zer esanik ez munduko txoko honetan jaiota. Sabino Aranaren garaitik hona hala ere, aldaketa eta ezaugarri desberdinak izan ditu, eta gaurkoan ere, antzematen da abertzaletasuna fase berri batean sartzera doala. Jada ez dute balio atzoko ideia eta sinboloek, baina ez dakigu zein diren biharkoak. Hausnarketa eta birpentsatze garai hauetan hainbat ideia mahai gaineratuko dira Haritz Azurmendi Arrue Albizturko filosofoarekin (Albiztur, 1991). Joxe Azurmendi filosofoaren lanean oinarrituta, tesia burutzen ari da abertzaletasuna erdigunean jarrita. «Identitateak beharrezko diren kaka dira», esan zuen norbaitek, eta hori arakatzeko elkarrizketa da honakoa.

Haritz Azurmendi, Joxe Azurmendiren obra aztertzen. Familiakoak?
Ez, uste dut abizenak –axuri+mendi esan nahi omen du–  Zegama inguruan duela jatorria eta handik izango dugu lotura. Azurmendi lizentziaturan irakurtzen hasi nintzen, Donostian, Filosofia ikasten ari nintzela. Lehenengo urtean Espainolak eta euskaldunak topatu nuen etxean eta benetan interesgarria egin zitzaidan. Harrezkero etengabe itzuli izan naiz bere lanetara, gaia edozein izanda ere. Ikaragarria da zenbat gauzari buruz eta ze sakontasunekin idatzi duen bizitza osoan zehar.

Joxe Azurmendiren lana aztertzen ari zara. Zer zehazki?

Gizarte Zientzietan bada diziplina bat Nazionalismo Ikerketak izena duena. Bertan nazioaren eta nazionalismoaren inguruan hainbat teoria argitaratu dira zer diren, zergatik dauden eta nola jokatzen duten azaltzeko. 50. hamarkadatik aurrera gorpuztu zen eta gaur egun ere ikerketa berriak ematen ari da. Masterrean hori lantzen hasi eta hasiera-hasieratik sentsazioa izan nuen agertzen zitzaizkidan ideiak Joxe Azurmendik bere lanetan tratatzen zituela. Horregatik pentsatu nuen doktoretza tesirako interesgarria litzatekeela nazionalismoaren teoria horietako ideiak Azurmendiren lanetan bilatzea, zein kritika egiten dizkion ikusteko. Hortik tiraka tesia bere bidea egiten joan da, baina galderak hor daude: Zer esaten da mundu akademikoan nazionalismoaz? Azurmendik zer erantzuten dio esaten den horri? Non daude bien arteko zubiak?

Azurmendiren lana topikoen, ulertzeko modu okerren eta ikerketako faltsifikazioen aurkakoa da.

Bai. Azurmendik ez du teoriarik sortzen «honi buruz nik hau pentsatzen dut» esanaz. Beste era batera egiten du lan. Uste zabalduenak hartu, katedretan, prentsan edo eztabaida politikoan aurki daitezkeenak, eta egundoko irakurketa egiten du horren inguruan: Zergatik dago uste hori zabalduta? Zein ondorio dakartza hori onartzeak? Zein pentsamendu dago atzean? Gero, lerro artean irakurtzeko gaitasun handia dauka eta gainera liburutegi oso bat irakurtzeko gai da. Ez du teoria berririk aurkeztuko agian, baina daudenak goitik behera aztertuko ditu puntu ahul guztiak seinalatu arte.
Nire ikerketako adibide bat jartzearren. Nazioari dagokionez, ikuskera zabalduena honakoa izan da orain gutxi arte: nazioak eraikitzen direla estatu bat sostengatzeko, kultura berdina izango duena bere lurralde guztian zehar eta bertako hiritarren leialtasun osoa izango duena, behar izanez gero armadan sartu eta hura defendatuz hiltzeko. Ikuskera hori zabalduena badago, bistan da, estatu-nazioen ideologia delako da, Frantzia edo Espainia bezalakoen eredua eredu bakartzat jartzen duena. Benetako nazio izateko nahitaez horien antzeko estatu bat behar duzula eta identitate nazional-kultural bakarra hobe dela defendatzen baduzu, baztertuen indartzea (izan katalanena edo feministena) nekez egin dezakezu, dominazioa bilatzen duen pentsamenduarekin baitzabiltza. Horrela pentsatuz Gabriel Aresti baztertuko da «espainolista» delako, Herrialde Katalanetako galdeketa debekatuko da estatu-nazio espainolaren aurka doalako edo emakumeekiko praktika kultural baztertzaileak justifikatuko dira euskal kultura jatorraren parte direlako.

Elkarrizketaren nondik norakoak argitzeko, adierazi modu laburrean nazioa eta nazionalismoa kontzeptuak.

50 urtean ikerlariek lortu ez dutena eskatzen ari zara [kar-kar]. Ez dago adostasunik eta honez gero definizio trinko bat emateko intentziorik ere ez. Esan dezagun nazioaren definizio orokor bat ez dagoela, baina badaudela zenbait elementu esanguratsuak izan ohi direnak. Hasteko, nazioak giza-taldeak dira, jenderik gabe ez dago naziorik. Jende horrek ezaugarriren bat partekatzen duenaren ustea du (arraza, historia komun bat, hizkuntza, estatu bat, etorkizun bat…) eta hala izan dadin nahi du. Nazionalismoa, berriz, nazio hori indartzera bideratzen den mugimendu edo ekintza politikoa da. Ikuspegi klasikoan nazioaren mugak eta estatuarenak bat egitera bideratzen da, baina bistakoa da beti ez dela hala gertatzen. Badaude mugimendu nazionalistak independentziarik nahi ez dutenak, nahikoa errekonozimendu badutela iruditzen zaielako edo beste arrazoiren batengatik.

Gainera, nola jendez osatuta dauden, aldakorrak dira. Katalunian ez zen independentziarik nahi duela 20 urte, orain bai. Lehen euskal nazioarentzat erlijioa nahitaezkoa zen, orain ez. Konparazioz egiten da lan, kasuak hartuz eta ikusi zer partekatzen den eta zer ez. Normalean talde-izaera, izaera ematen duen elementuen multzoa eta jorratzen dituen bide politikoak hartu ohi dira kontuan.

Joxe Azurmendi: «Iraganak badu bere pisua, baina oraina ez du iraganak determinatzen, etorkizunak baizik (askatasunak)». Zer esan nahi du honekin?

Joera oso bat dago nazioari dagokionez iraganera, historiara jotzeko. Herrialde guztiek dituzte beren mitoak: Asterix galiarra, komikietara iritsi aurretik ere, frantziar herriaren mitoa zen, Erromatarren aurrean tinko iraun zuten arbasoena. Gogoratu, baita ere, Nafar Erreinuarena konkista edo borondatezko bat egitea izan zenaren eztabaida. Historialarien eztabaida akademiko bat baino gehiago zen, kontakizun baten edo bestearen ezarketa. Wikipedian edozein herrialderen izena sartu eta milaka urte atzera hasten da haren jatorria beti. Hain atzera joan gabe ere, Espainiako gerrak edo karlismoak presentzia handia du oraindik gure artean. Normala da. Jatorriari, iraganari buruzko kontakizunek oraina azaltzen eta ulertzen laguntzen diote.

Baina bistan da historiak ez zaituela ezertara determinatzen. Albizturrek armarririk ez zuela eta Gaztelarena hartu omen zuen. Eta zer? Horregatik inor baino castellanoagoa izan behar al dut? Santxo Handiaren ondorengoa naizela frogatzen badidate inor baino abertzaleago bihurtu behar al dut horregatik? Ba ez.

Azken batean, tokatu zaizun iragana izanda ere, egitea erabakitzen duzun horrek eragiten du egunerokoan. Zenbat kristau jatorren seme dira ateo? Eta Retegi euskaldunaren seme erdalduna? Hasierako ETAko zenbat kidek amaitu dute euren iraganeko pentsamenduaren guztiz bestaldera? Etorkizunari begira egindako hautuak dira bidea egiten dutenak, horiek iraganaren izenean egiten direnean ere. Horregatik zara aske, inoren etorkizuna ez dagoelako idatzita. Nik uste Azurmendik hori azpimarratu nahi duela.

Hobsbawm historialariak dio, «nazioak berriak dira, eta historiaren irakurketa interesatua egiten dute».

Hor sartzen da nazioaren definizioaren arazoa. Hobsbawmentzat benetako nazioak estatu-nazioen itxura hartzen dutenak dira, estatu batean nazio bakarra ezartzea lortzen dutenak. Gainera estatuari beste ezaugarri batzuk ere esleitzen dizkio: ekonomia integratu bat, barne mugarik ez izatea,… Gauzak horrela definituta, bai, nazioak XIX. mendean hasten dira. Baina kontua da bai talde izaera berezi horren zantzuak, baita nazio hitza bera ere lehenago sortzen direla. Joanes Leizarragak, XVI. mendean beraz, bere Itun Berriaren sarreran, azkenean, beste nazio guztiek bezala euskaldunenak ere bere itzulpena izango zuela esaten du, adibidez.
Historiaren irakurketa interesatuaz… Estatu baten existentzia justifikatzeko historia erabiltzea oso ohikoa izan da XIX eta XX. mendeetan eta horretarako historiaren irakurketa jakin batzuk egiten ziren. Lehen esandakoaren haritik, Espainiarentzat Granadako Emirerrikoa Reconquista izan zen. Nolatan? Zein Espainiak galdu zuen ba? Baina historiaren irakurketa horrek justifikatzen du (edo izan du) gaur egun Andaluzia Espainia kontsideratzea. Irakurketa interesatua dela? Bai, noski. Baina historiak bide ematen du irakurketa desberdinak egiteko. Azkenean auzia ez da historikoa, politikoa da. Historialariek erakutsi dute Kolonen aurretik europarren bat iritsia zela Ameriketara. Berdin dio, ordea, espainiarrek Amerika deskubritu izana ospatzen dute urriaren 12an. Baina Ameriketako Estatu Batuetako italiarrek ere ospatzen dute, Kolon Genevarra zelako jaiotzez. Zer eta Italia 400 urte geroago batu zenean!
Esandakoa, nazionalismoari dagokionean, normalean kontua ez da egia historikoa izaten. Errelatoa ezartzeko gaitasunak eta jendearen ahanzturak egiten ditu historia nazionalak.

Nazioaren inguruko gogoeta ahalik eta aberatsena izatea aldarrikatzen duzu.
Lehen ikusi dugun historia bakarraren ezarketaren aurka erremedio ona iruditzen zait. Alferrikakoa da komunitate batek nazioaren ideia bakarra bilatzea haren inguruan antolatzeko. Alferrikakoa eta okerra. Alferrik da, beti daudelako ideia desberdinak borrokan komunitate batek bere burua imajinatzerakoan. Historian zehar ideia desberdin horiek nahastuz, elkarrekin borrokatuz eta hedatuz edo galduz joan ohi dira. Ez dakit non entzun nuen Bidaniara lehen aldiz ikurrina bat heldu zenean «hara, bizkaitarrak iritsi dituk» esan zuela norbaitek. Ikurrina, gaur egun euskal nazioaren sinbolo nahiko hedatu bat, orduan bizkaitarrena soilik zen. Esandakoaren adibide garbia iruditzen zait. Eta askoz gehiago topa daitezke, hemen eta mundu osoan zehar.
Baina gainera, okerrekoa da. Niri beldurra ematen dit nazioaren irudi bakarra ezarri nahiak. Askoz interesgarriagoa da beste ulerkera: naziokideek hainbat gauzei buruz (euskararen etorkizuna, bertan hartutako erabakiak errespetatzea edo «euskal arrazaren» defentsa, berdin dit) sentikortasuna partekatzen dutela dioena. Horrek, noski, beste galdera batzuk sortzen ditu: Nola jakin zein diren sentikortasun-puntu horiek? Nola mantendu talde izaera lausotutako ideia horren inguruan?
Bai, lehen errazagoa zen, bazenekien euskalduna teilatu gorrien pean eta mendi berdeen artean bizi zen baserritarra zela, jatorra eta langile ona, bekaturik gabea... Baina horixe da Azurmendik Orixeri egiten dion kritika, euskaldun hori ez dela existitzen. Orain, gutxienez, badakigu ez dela existitzen; edo bestela esanda, hori baino askoz aldaera gehiago daudela euskaldunon artean. Eta eskerrak!

Joxe Azurmendi: Estatuaren aurrean kulturaren eta herrien autonomia lehenesten du. Nola?

Tira, nik nola ulertzen dudan esango dizut. Estatuak bertako kideen leialtasuna behar du iraun dezan. Horregatik, eskura dauzkan baliabideak erabiltzen ditu hiritarrak bere proiektura lotzeko. Kultura da horietako bat. Norbaiten kultura estatuarena bada, harenganako leialtasuna hazten da normalean. (Zergatik daukagu, bestela, administrazio publikoari euskara galdegiteko seta? Berez euskaldunena ere badelako, baina ez digulako gure kulturaren hizkuntzan hitz egiten). Baina Azurmendirentzat gaur egungo estatu ereduak hiritar otzanak, isilak eta bertsio ofizialen sinesleak sortzen ditu, kulturaren bitartez ere bai. Horregatik, Azurmendik indar handiagoa ikusten die gizarte mugimendutik datozen iniziatibei, euren kezkei eta interesei zuzenean heltzen dielako, estatuarengan delegatu beharrean.
Gero, zuriak eta beltzak baino, grisak izango ditu hor ere. Estatuarekin elkarlanak ez du zertan txarra izan autonomia mantenduz gero. Baina bere kasu pertsonala argigarria da: EHUn irakasle izan da urte luzez, baina JAKINeko taldea askoz bereago du.

Joxe Azurmendi: «Nazioa hizkuntza bat hitz egiten dutenen multzoa da». Hizkuntza oinarrian?

Azurmendik berak dioela: «Nazioaz galdetzean norbere nazioaz galdetzen da». Azurmendiren belaunaldia izan zen euskal nazionalismoan hizkuntzaren garrantzia azpimarratu zuena, Txillardegi eta beste gutxi batzuen aurreko lana hartuz. Horregatik, Azurmendik nazioaz idazten duenean hizkuntza presente dauka normalean. Baina ez, nazio baten oinarri ezinbestekoa ez da hizkuntza propio esklusibo bat izatea, hor daude herrialde hegoamerikarrak edo Ameriketako Estatu Batuetan, gaztelerarekin eta ingelesarekin. Azurmendik hori bere lanetan argi uzten du; nazioek elementu desberdinak har ditzakete oinarrizkotzat, baina Azurmendiren lanaren atzean dagoen kezka Euskal Herriari hizkuntzak nolako oinarria eman behar dion pentsatzea da, konkretuki.

Azurmendi nazionalismo etnizistaren barruan kokatuko litzateke?

Seguru nago batek baino gehiagok multzo horretan sartuko lukeela. Oker, nire ustez. Batetik, nazionalismo etniko-itxi-esentzialista eta nazionalismo zibiko-ireki-integratzaile bereizketa guztiz zentzugabea, are interesatua, delako. Gaur egungo ikerlari gehienek baztertzen dute, kontua ez baita zein elementutan oinarritzen zaren, zein praktika daukazun baizik. Esate baterako, espainiartasunaren oinarria Konstituzioan dagoela azpimarratzen da Kataluniarekin eztabaidan. Hori guztiz zibikoa litzateke, berez. Baina ikusten duzu praktikan Konstituzio hori mugiezina, itxia, esentziala bailitzan ulertzen dela «nahi edo nahi ez, katalanak hiritar espainolak dira eta hala izango dira» gisako esaldietan. Espainiar Konstituzioa oraintxe bertan jatorriaren mito «etniko» bat da kasik, demokrazian sakontzea ahalbidetzen duen elementua baino.
Bestetik, Azurmendik jarrera itxi, determinista hori oso goiz salatu zuelako euskararen inguruan. 1967an argitaratzen du Zergatik eta zertarako euskaldun? artikulua. Polemika bizia izan zen, hain zuzen, euskaldun batek euskaldun zergatik izan behar duen galdetzea absurdoa zelako. «Nire amak titia euskaraz eman zidan eta horregatik» eta antzeko argudio «etnikoak» erantzun zizkioten. Azurmendik, ordea, argi uzten du horrek ez diola balio. Eta bere erantzuna harrigarri gaurkoa da: euskarak pentsamendu bakarraren kontra eta baztertuen alde lan egiteko balio du, euskaldunen egoera horixe bera delako; gaur egun ahalduntzeko balio duela esaten du Lorea Agirrek, besteak beste, ideia horretan sakondu eta beharrezko zen feminismoa sartuz. Hor ez dago ezer etnikorik.

USTEAK

Estatu-nazioen aroa amaitzear dago?

Egia esan, praktikan inoiz ez da estatu-nazioen arorik egon, estatu gehienak plurinazionalak edo multietnikoak direlako. Eredu horren isla Frantzia izan ohi da, baina argi dago hor ere badituztela euren arazoak nazio frantsesarekiko leialtasun osoa ezartzeko. Egia da 80. hamarkadako hainbat teorikorentzat eredu bakarra zela eta sinesten zela munduko nazioak horretarantz joango zirela, kultura gero eta homogeneoagoa zabalduz euren mugetan. Gaur egun aukera hori bazterturik dago ikerlari gehienen artean; hori bai, oraindik estatu ia denak homogeneizatzaileak dira eta kultura politikoan oso txertatuta jarraitzen du estatu-nazioen ideiak. Teorian gaindituta dago, beraz, baina alternatibak ez dira ezagutzen.

«Nazionalismoa atzerakoia da», «Nazionalismoa banatzailea da» diote batzuek. Zer diozu?

Normalean horrelako topikoak 70. hamarkadan zabaldu ziren nazioak ulertzeko modutik datoz. Bereizi egiten ziren nazionalismo aurrerakoiak eta atzerakoiak. Lehenengoak, Hirugarren Munduan ematen ziren nonbait, mugimendu antikolonialisten barruan, eta helburua estatu modernoak sortzea izango zen, amerikarren edo sobietarren babesean. Atzerakoiak, berriz, jada sortuak dauden estatuetatik bereizteko mugimenduak lirateke; teorian estatu berri horiek demokratikoak eta zibikoak zirenez, ez zegoelako arrazoi «aurrerakoirik» horietatik alde egiteko.

Esan beharrik ez, ikuspegi horrek bere kritikak izan zituen eta 90erako zalantzan zegoen estatu moderno batzuen garapena. Baina gure artean hainbat pentsalarik ideia haiek hartu, komeni zen gisan moldatu eta espainiarra ez beste nazionalismo guztien aurka egiteko erabili zituzten. Savater, Arteta eta konpainiak askotan errepikatzen dituzte ideia horiek, «zertarako muga gehiago, garapena mugak ezabatzen ari bada?», «zergatik euskaraz, garapena ingelesez badator?» galdetzen dute Espainiaren mugak patriotikoki zaintzen dituzten kontzienteki elebakarrek. Absurdo hutsa da.

Nazionalista izan daiteke independentista izan gabe?
Nazionalismoa estatu propioa eraikitzera doan mugimendu gisara ulertzen baduzu, nekez. Baina esan dugu, nazionalismoa zuk naziotzat duzun horren autonomia eta garapena bermatzeko mugimendu gisara ulertuz gero bai, zauden estatuak hori ahalbidetzen badu. Independentista ez-nazionalista ere imajina liteke eta Katalunian ikusten da. Identitate nazional espainiarra duten askok egiten dute estatu katalan baten alde. Izan ere, norberaren identitate nazionalean eragina du zauden estatuak, baina ez doaz batera. Edo estatu dezente xamar batean ez lukete zertan batera joan.

Nazionalismo guztiak berdinak al dira?

Bistan da ezetz. Zuk zure nazioa arrazaren edo azalaren kolorearen arabera definitzen baduzu nekez irekiko duzu komunitatea elementu horiek ez dauzkatenentzat. Aldiz, nazioa auzi batzuen aurrean dagoen sentikortasunaren arabera definitzen baduzu askoz malguagoa da etorkizun proiektuan parte hartzeko aukera.

ABERTZALETASUNAREN OINARRIAK, DAR-DAR

Arangurenek esan zuen: «Euskadi, Basque Country. Sinboloen esanahia aldatu, patrimonializatu edo prostituitu dute. Zilegi al da?»

Sinboloak patrimonializatzea eta prostituitzea zilegi den edo ez, ez dakit. Horrelako adibide asko daude historian zehar. Adibidez, berez Andaluziako ijitoen kultura den flamenkoa espainiar kultura gisa saltzen da nazioartean. Ni haserretzen nauena inkoherentzia da, hori ez dut zilegi ikusten. Ez dut zilegi ikusten saltzea zuretzat Euskadik zazpi probintzia dituela komeni denean eta gero zure jardunean izena Autonomia Erkidegoarekin berdintzea.

Andoni Olariaga pentsalariaren iritziz: «Denok gara abertzaleak, komunitate edo familia handi baten kide. 2 proiektu daude, ez dago erdigunerik».

Esaldiak bide ematen digu «munduko hiritarraren» mitoa aztertzeko. Lehengoan txio bat irakurri nuen: «Konturatzen al zarete italiarrez ari dena italiarra dela, alemanez ari dena alemana, baina espainiarrez ari dena, munduko hiritarra?» Txiste bat da, baina gauza asko esaten du. Izan ere, saldu zaigu hemen abertzaleek soilik dutela aberri bat, komunitate bateko partaidetza, eta besteak ez direla aberri txiki horren mugetan ixten. Baina inork ezin du inongo kide ez izan. Jende multzo batekin partekatutako erreferentziak izango dituzu ezinbestean, ezin zarelako gizartetik eta kulturen eraginetik at hezia izan.

Kontua da aberria guztiz normalizatuta dagoenean ikusezin bihurtzen dela (sudur puntan daukazun eta ikusten ez duzun galtzerdia bezalaxe), naturalizatu egiten dela. Halako aberriko kideari iruditzen zaio bere herrialde konkretuko kontuak mundu osoan berdinak, unibertsalak direla. Michael Billig-ek «nazionalismo banala» deitu dio horri. Norberarena unibertsala, bestearena partikularra. Baina benetan, munduko hiritar asko dago bere herrialdea munduaren zilbortzat izan eta haren muga mentalak inoiz igaro ez dituena. Euskaldunok hori horrela ez dela ezinbestean ikusten dugu, beraz akats bera errepikatzeko aukera gutxiago dugula esango nuke. Hala behar genuke behintzat.

Azkenaldian abertzaletasunaren inguruko hausnarketa berriak ari dira mahai gaineratzen, eta paradigma aldaketa datorrela dirudi. Lehengo ideia batzuek ez dirudi gaurko balio dutenik. Nola ari zara bizitzen eztabaida hau?

Interes handiarekin. Urte gutxitan gauzak asko aldatu dira gurean eta kanpoan ere planteamendu berriak daude. Eskozian eta Katalunian eman diren eztabaidak ikaragarri aberastu dute nazionalismoaren edo independentismoaren arloa. Horri gehitzen bazaio gurean haize berriak datozela, batez ere feminismoaren eta beste korronte batzuen eskutik, panorama interesgarria daukagu benetan. Aspaldian ez bezalako eztabaida dago euskararen edo independentziaren harira eta gotortuta zeuden hainbat ideia zalantzan jartzeko balio izan du.

Futbolak naziogintzan eragin gehiago duela dirudi banderak baino. Espainiar izaera igo egiten da Espainiako selekzioak arrakasta izatean. Zer diozu?

Futbolak, Olinpiar Jokoek,… gaur egun kirol gehiena masa-espektakulua den heinean balio du naziogintzarako. Euskal Selekzioak, Rafa Nadal, Fernando Alonso… eurak nahi edo ez, sinbolo bihurtzen dira. Baina ez da zerbait berria, XIX. mendean literatura eta pintura nazionalak goratzen ziren jende eskolatuaren artean. Orain kirolak gain hartu die, baina antzeko logikak daude azpian.

Independentismoaren erdigunean ekonomiaren gaia jarri behar dela diote batzuek. «Estatua behar dugu hobeto bizitzeko». Zer esango zenuke Azurmendiren lana oinarri? Edo bestela, zure iritzitik.

Aldaketa bat eman dela iruditzen zait independentismoan, nahiz eta intuizio soil bat izan. Lehen iraultzaren subjektua, iraultza egingo zuen taldea definitzen zen lehenengo eta gero bidea. Orain agian gehiago lehenesten da proiektua bera, independentziarako bideak berak subjektua sortuko duenaren esperantzan. Noski, horrek jende ahalik eta gehienarengana heldu beharra dakar proiektuan partaide ahalik eta gehiena egoteko. Ekonomiak horretarako indar handia dauka: Nor ez du kezkatzen argiaren fakturak, jatekoa izateak, lanak,…? Baina izaki ekonomiko soilak ere ez gara, baditugu beste ertz batzuk eta ekonomian soilik oinarritzeak ez die irtenbiderik ematen. Bi egon daitezke oso ados proiektu ekonomikoan, baina bat goitik behera matxista bada eta besteak esperantzak baditu etorkizuneko gizartea feminista izateko, ezinbestean talkak egongo dira. «Hobeto bizitzea» bera definitzea da gakoa eta horretan dihardute eztabaidan gaur egun.

Baina badira ogiari garantia gehiago eman behar zaiola diotenak, identitatea eta batzen gaituzten sinboloak ahaztu gabe hala ere. Garrantzia dute identitateak eta sinboloek?

Sinboloak beti sortuko dira. Ezin da ezikusiarena egin gizakiaren alde sozialarekin eta horrek sortzen dituen identitate eta sinboloekin. Ez da zertan kontua maila nazionalean planteatu. Tolosaldean badago bizitza komun bat, jendea elkarreraginean dago eta horrek gauzak sortzen ditu. Hartu Babarrunaren Astea. Esan nahi al du horrek asteko gauza guztietan parte hartu behar duela Tolosaldekoa den orok? Ez. Baina Tolosaldekoa den ia edonork jakingo du Babarrunaren Astean zer ohitura dauden, sariketa izango dela, kalean giroa egongo dela, tabernetan otorduak, parranda… Donostiar bati ia ezer esaten ez dion sinbolo batek Tolosan esanahia dauka eta horrek identitate jakin bat bideratzen du. Ez noski tolosar guztientzat berdina, batzuk sariketara joango dira, besteak otorduetara eta besteak etxean geratuko dira Tolosako babarruna Albizturkoa dela eta boikotean. Baina denek izango dute erreferentzia puntu gisara.

Abertzaletasunaren imajinarioan zeuden sinboloak zaharkitzen ari direla dirudi. Sinbolo berriak beharko genituzke? Zein ikusten dituzu interesgarri?

Zaharkitu dira gizartea bera aldatu delako. Erreferentziak aldatu dira. Euskaldun zintzo baserritarra jada ez da existitzen. Ikurrinak hasieran zeukan erreferentzia galdu du (hala nahi izan delako). Eta sinbolo berriak etorriko dira, kontua da nondik etorriko diren. Zerutik etorri zain egongo gara, euskaldun guztiona izan behar zuen Euskararen Txantxangorri txiki ahul hori bezala? Ala gu hasiko gara sortu nahi dugun mundu hori praktikan jarri eta ikurrak proposatzen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!