Bi lagun espetxeratu dituzte, otsailean Albizturren agertutako hildakoaren harira

Ataria 2016ko ekainaren 2a

Otsailean aurkitu zuten hildakoaren gorpua Albiztur eta Bidania-Goiatz arteko errepidean.
Ertzaintzak ondorioztatu duenez, Azpeitiko enpresa batean lapurretan ari zela hil zen, erorita, eta Albizturko errepidean utzi zuten gorpua.

Albizturtik Bidania-Goiatzerako bide bazterrean, GI-2634 errepidean, agertu zen gizonezko baten gorpua duela hiru hilabete.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen atzo gertakari horren harira. Ikertzen hasi zirenean berehala baztertu zuten auto istripuaren hipotesia, gorpuak hainbat kolpe baitzituen. Beste bi lagun identifikatu dituzte, heriotzarekin zerikusia izan dezaketelakoan. Guztiei lapurreta delitu bat eta laguntza emateko beharra ez betetzea egotzi diete.

Ertzaintzaren ustez, hildakoa lau lagunekin joan zen otsailaren 25eko gauerdian enpresara. Pabiloiko gainaldetik erori zen, eta larri zauritu. Harekin zihoazenek bide bazterrean utzi zuten gorpua.

Atxilotuek 27 eta 32 urte dituzte, eta Oiartzunen atzeman zituzten. Azpeitiko auzitegira eraman zituzten atxilotuak eta epaileak espetxera bidali ditu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!