Albizturtik oasi baten bila

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 4a, 09:44
Ander Malbadi, zutik, eta Ander Dorronsoro, eserita, atzean Oasis Raid probara joango diren autoa dutela.

Ander Dorronsoro eta Ander Malbadi Oasis Raid izeneko proba solidarioan ariko dira, Aizalde Raid Team izenarekin.

Iazko Ikaztegietako festetako larunbatean, goizeko hiruretan, hitzartu zuten bidaia bi gazte albizturtarrek. Ander Malbadik galdetu zion Ander Dorronsorori Oasis Raid proban parte hartuko al zuten, eta azken honek erantzun: «Joango ez gara ba!».

Hainbat proba solidario daude, eta horietako bat da Oasis Raid, Marokon egiten dena. «Proba horietan akaso ezagunena Mongolian bukatzen dena da», azaldu du Malbadik. «Aspaldi genuen amets hori, noizbait Mongoliara joatekoa, baina askoz prestakuntza gehiago behar da horretarako, lanetik jai gehiago eskatu, ekonomikoki ere esfortzu handiagoa egin... Lagun baten bitartez ikusi nuen bazirela alternatiba batzuk ibilbide motzagoa zutenak».

Proban parte hartzeko baldintzetako bat 15 urte baino gehiago dituen ibilgailu bat erabiltzea da. «Hasiera batean ibilgailuren baten bila ibili ginen, baina azkenean nire Renault Kangoo-arekin joateko baimena eman ziguten», azaldu du Dorronsorok. «Geroztik ordezko piezak begiratzen eta erosten ari gara pixkana. Modelo arrunta da, ez da 4x4 horietakoa; trakzioa bi gurpiletan du eta hori ere justu-justu...».

Ibilgailuekin egiten den orientazio proba bat da Oasis Raid, eta gutxieneko tekniko batzuk eskatzen dituzte. Horietako bat da autoaren karterra babestea, «batez ere pistetan edozein harrirekin zulo bat egin dezakezulako eta bertan geratzen zara», esan du Malbadik. «Ordezko gurpilak ere exijitzen dituzte, trabatuta geldituz gero zintak bertatik ateratzeko...». Probaren helburua da antolatzaileek emandako koaderno batzuen bitartez orientatu eta ibilbide bat egitea hainbat egunetan. «Helburua ez da lehenbizi iristea, iristea baizik. Ez da lasterketa bat, ez da rally bat, raid bat baizik», zehaztu dute. «Kilometro dezente dira egin behar direnak eta ezin da erabili gps-a. Joan eta etorri Albizturtik 5.000 kilometro inguru egingo ditugu», gaineratu du Malbadik.

Parte hartzaileak Madrilen elkartu behar dira, martxoaren 24ean, eta gero Algecirasera abiatuko dira. Madrilen egiaztapen lanak egingo dizkiete. «Benetan proba Marokon hasiko dira. Badakigu proba Essaouiran bukatuko dela, kostan, baina ibilbidea ez dago guztiz itxita. 2.000 kilometro inguru izango dira zazpi etapatan».

Ez dute behin ere horrelako proba batean parte hartu aurretik. «Batez ere autoa nola prestatu behar dugun begiratzen aritu gara, hori da gure kezka nagusiena, autoa baldintza egokietan egotea. Beste guztia abentura da eta galtzea ere abenturaren parte izango da». Gaua antolakuntzak prestatuko dizkieten kanpamentuetan igaroko dute.

Materiala biltzen

Proba solidarioa da Oasis Raid, eta horrek esan nahi du hainbat material eraman behar dituztela, gero ibilbidean zehar banatzeko. Felicidad Sin Fronteras elkarteari emango zaio, eta eskola materiala, ortopedia materiala eta arropa eramango dituzte. 25 kilo eraman behar dituzte eta deialdia egin dute nahi duenak material mota hori beraiei emateko.

Material hori biltzen laguntzeko crowdfunding proiektu bat jarri dute martxan, Karena.eu plataforman, Aizalde Raid Team izenarekin. «Batez ere ortopedia materiala izango da zailena lortzen, eta horretarako erabiliko dugu batez ere jendeak egiten dituen ekarpenak», azaldu du Malbadik.

Ibilbidean zehar material hori utziko dute. Eskola batean eskola materiala, herri batean arropa eta osasun zentro baterako ortopedia materiala. «Dena pixka bat lotuta izan arte ez dugu ibili izan nahi ate joka materiala biltzeko. Orain badugu asmoa hainbat lekutara joateko. Badugu lagun bat kopia denda batean lan egiten duena, eta galdetu diogu ea badituen saldu ezin den materialik, akatsen bat duelako, baina gure proiekturako guztiz baliagarria dena».

Crowdfunding kanpainarako hainbat aukera jarri dituzte, jaso nahi dituzten 500 euroak lortzeko. «Bideo bat egin dugu proiektua aurkezteko, eta gero erraztasunak jarri ditugu jendeak laguntza emateko», esan du Malbadik. «Crowdfundingaren filosofia da dirua eskatzea eta ordainetan zerbait eskaintzea. Era guztietako laguntzak jarri ditugu. Lehenengo multzoan 1 euro edo 2 euroko laguntzak dira, eta ordainetan argazki bat edo bideo bat emango da diru laguntza iritsi zaionarekin ateratakoa. Hurrengo laguntza motari begira, iruditu zitzaigun erakargarria izan zitekeela guri abentura honetan laguntzea, eta horregatik pentsatu dugu laguntza mota hori aukeratzen duenari, babesle moduan bere logo edo izenarekin pegatina bat jartzea autoan. Multzo horretan 5, 15, 30 eta 50 euroko laguntzak daude. Azken aukerak, 75 eta 100 euroko laguntzak, 50 euroko laguntzaren luzapen moduko bat dira, eta eskaintzen dugu gurekin kafe bat hartzea eta azaltzea nola izan den abentura edo ordubete inguruko hitzaldi-solasaldia egitea bidaiari buruz».

500 euro horiek lortzeko bide onetik doa kanpaina, atzo arratsalderako 415 euro lortuta baitzituzten. Probara abiatu baino astebete inguru lehenago itxi nahi dute kanpaina, eta gogora ekarri dute 500 euro horiek lortu beharreko gutxienekoak direla crowdfundinga balekoa izateko.

Prestaketei dagokionez, Gabonak arte lasai ibili direla diote; ordudanik hasi dira gehiago mugitzen. Bideoa egin dute, umore ukituarekin, eta bertan gonbidatu berezi bat ere izan dute. Euskaraz egin dute bideoa eta Karena.eu plataforma ere proiektua euskaraz azaltzeko aukera ematen zuelako aukeratu dute, besteak beste.

Proiektuari edo taldeari Aizalde Raid Team jartzeak ere badu bere arrazoia. «Aizalde Albizturren dagoen baserri bat da, eta gaztetxoagoak ginenean hor genuen gure biltokia, gure gaztetxea, eta horren omenez jarri diogu izena», esan du Dorronsorok. Herriko askok bazekiten asmoa zutela joateko, baina ez zekitenak bideoa ikustean adarra jotzen ari zirela uste zuten. «Hemendik esan benetan goazela Marokora eta benetan goazela Anderren autoarekin», baieztatu du Malbadik.

Komunitatea

TOLOSALDEKO ATARIAren webguneko Komunitatean, Aizalde Raid Team taldeko kideek euren bidaiari buruzko informazioa eta kronikak bilduko dituzte: ataria.info/komunitatea/aizalderaidteam

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!