Inklusioz beteriko pinu apaina

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 15a, 11:42

Albizturko eskolako eta Azpeitiko Garagune zentroko kideak, egindako pinuarekin batera.

Albizturko eskolak eta Azpeitiko Garagune zentroak egitasmoa burutu dute elkarrekin.

 

Albizturko eskolak eta Azpeitiko Garagune zentroak proiektu bat burutu dute aurreko astean: kafe kapsulekin pinua egin dute eta eskolaren kanpoan jarri. Garaguneko zentrora adimen urritasuna duen jendea joaten da, eta Azpeitikoan hezitzailea da Olatz Cordoba, Albizturko eskolako ama ere badena. Hain justu, pinua egitearen proiektua aurreko ekimen baten jarraipenetik dator, Isabel Lakuntza eskolako irakasleak azaldu duenez: «Olatzek esan zigun bisita egingo zigutela, eta azkenean ipuin bat kontatzera etorri ziren. Ipuina prestatu bitartean, guk gure aldetik ezgaitasuna landu genuen. Etorri ziren eguna oso aberatsa izan zen. Ipuina irakurri, eta gero elkarrekin marrazten aritu ginen kanpoan, eta hamaiketakoa egiten ere egon ginen. Balantzea oso positiboa izan zen».

Hortik etorri zen bigarren egitasmoa, pinua egitearena, hiru egunetan landu dutena. «Izugarria izan da. Guretzako ikustea nola sartzen diren Garaguneko erabiltzaileak eskolan, nola hartzen dituzten ikasleak, nola hitz egiten dieten. Gure eskolari asko eskaini die», azaldu du Lakuntzak.

Bere aldetik, Cordobak ere egitasmoaren oso balantze ona egin du: «Ikustea zentroko erabiltzaileak nola etortzen diren, beren aurpegiak ikustea, beren irribarrea, eta ze gustura etortzen diren... Albizturrera goazela esan eta oso gustura jartzen dira. Eskolako irakasleek aurretik ikasleekin egin duten lanketa ere nabarmentzekoa da». Garagune zentroan erabiltzaile bakoitzarekin plan bat osatzen da, bere helburuak, beharrak, ilusioak,... jasoz eta horiek landuz. Bide horretan garrantzi handia ematen diote inklusioari, eta horren adibide da Albizturko eskolarekin egindako egitasmoak. «Komunitatean hemen gaudela ikusi, eta balio dugula hainbat gauza egiteko», zehaztu du Cordobak.

Orain Albizturkoek bisita itzuli behar diete Azpeitikoei. Garagune zentroa Antxieta etxean kokatuta dago, eta eskolan garatzen duten proiektuetako bat arkitektura denez, horrekin lotura eginez osatuko dute Azpeitira egingo duten bisita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!