Irakurzaletasunari bultzada, 'Liburuen Altxorra' egitasmoaren bidez

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 15a, 11:53

Albizturko eskolan urriaren 5ean egindako dinamizazio saioa.

Gipuzkoako hainbat eskola txikietara bideratzen du ekimena Galtzagorri elkarteak. Albizturko eskolan hasi da aurtengoa.


Hamar urtetik gorako ibilbidea du Liburuen Altxorra egitasmoak. Galtzagorri elkarteak bideratzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta eskola txikietara zabaltzen da. Aurtengo ikasturtea Albizturren abiarazi zuten urriaren 5ean. Izaskun Jauregi Galtzagorri elkarteko kideak azaldu duenez, egitasmoak oinarrian «liburutegi mugikor moduan funtzionatzen duten liburu kutxa handi batzuk dira, eta bertan 150 liburu inguru izaten dira. Horietatik 50 inguru berriak izaten dira, eta guztiak Galtzagorrik egiten duen irakurketa mintegi batean eta kalitate irizpideen arabera hautatzen dira». Egitasmoak irakurzaletasuna sustatzea eta eskola txikiek dituzten gabeziei erantzuten laguntzea du helburu.

Proiektua abiatu zen eskola txikietan baliabide gabezi bat sumatzen zutelako, eta ezin dituztela liburu berriak ezta azken urteetakoak ere izan. «Ez da bakarrik liburuz hornitzea, baita irakurzaletasuna bultzatzea ere», azaldu du Jauregik.

Liburu kutxak ematen diren egunean, dinamizazio saioa egiten da. «Urtero liburu berriak daude, eta horren harira prestatzen dira dinamizazio saioak», esan du Jauregik. Uzta berriko lau edo bost izenburu aukeratu eta saioan batzuk irakurtzen dira, beste batzuetan hasiera bakarrik aurkezten da, nolabait amua botatzeko, beste batzuetan hitz jolasak ere egiten dira. «Gero haurrei animatzen zaie hilabete horretan zehar deskubritu ditzatela eramandako altxor berriak. Helburua gozatzea da». Ondoren, hilabetea bukatzerakoan, berriro dinamizatzailea joaten da beste saio bat egitera, eta haurrei galdetzera nola erabili dituzten liburuak.

Gipuzkoan 33 eskola txikietara joaten dira, horietatik 13 Tolosaldean: Albiztur, Bidania-Goiatz, Abaltzisketa, Amezketa, Altzo, Ikaztegieta, Aduna, Berrobi, Berastegi, Zizurkil, Larraul, Lizartza eta Alkiza.

Handitu diren eskola txikietan kutxa eraman beharrean, irakasleei aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie. «Garrantzitsuagoa iruditzen zaigu irakasleen prestakuntzan indarra egitea, azken finean beraiek direlako ezinbesteko eragile irakurzaletasuna sustatzerakoan», azaldu du Jauregik. «Normalean 20-30 liburu erakusten zaizkie eta horiekin zein dinamika egin ditzaketen haurrekin azaltzen zaie». Hamabi dira aholkularitza hori jasotzen dutenak, horien artean Tolosaldekoak diren Asteasu eta Ibarra.

Liburu berrien zain

Egitasmoaren balantzea «oso positiboa» dela dio Jauregik. «Irakasleek diote irakurzaletasuna bultzatzen duela, eta balio duela beraz bere jatorrizko helburua betetzeko. Umeek liburu berriak ezagutzeko balio du. Liburu berri horien zain daude».

Albizturko eskolan dinamizazio saioa «oso ondo» joan zela esan du Isabel Lakuntza irakasleak: «Ikasleak zain egoten dira. Ezagutzen dute Liburuen Altxorra, ezagutzen dute dinamizatzailea eta guretzat ekintza berezi bat izaten da. Irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat gauza egiten ditugu eta hau beste aukera atsegin bat izaten da». Dinamizazio saioan egindako aurkezpena «oso ondo aprobetxatzen» dela gaineratu du: «Ikasleei aurkezten zaizkien liburuek askoz ere arrakasta handiagoa izaten dute».

Liburuak adin guztietako ikasleek hartzen dituzte etxera eramateko eta irakurtzen dutenean itzultzen dute. Arau bakarra dute Albizturko eskolan: banaka eramaten dituztela liburuak etxera. «Galtzagorriko kutxa dugunean hortik hartzen dituzte. Bestela ere sistema berdina erabiltzen dugu eskolan dauden liburuekin. Azken finean etxeko irakurzaletasun hori bideratzeko balio du», esan du Lakuntzak.

Egitasmoak «arrakasta» duela eskolan dio Lakuntzak. «Liburuak kutxatik ateratzen ditugu, eta zabalik jartzen ditugu. Irakasleok ere eramaten ditugu gelara, eta irakurtzen ditugu bertan. Beti aukera berri bat da Liburuen Altxorra eskolan izatea. Haurrak hor ibiltzen dira liburuak hartuz, berriro kutxara itzuliz, azkenean eskura duten zerbait izaten da, eta aprobetxatzen dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!