Carlos Ugartemendia, Albizturgo Batzorde Kudeatzaileko lehendakari

Jon Miranda Labaien 2015eko irailaren 16a

Atzo, Batzorde Kudeatzailearen bokalen izendapena onartu zuen Diputatuen Kontseiluak eta gaur 12:00etan egindako ezohiko bilkuran hartu dute kargua. Bokalen artean hautatu dute batzordeko lehendakaria: Carlos Ugartemendia.

Batzorde Kudeatzaileko lehendakari gisa, alkate baten eskumenak eta ahalmenak bere gain hartuko ditu Ugartemendiak.

Ekaina hasieran PSE-EEko zazpi hautagaiek zinegotzi karguari uko egin ondoren, Foru Aldundiak alderdi sozialistari eskatu zion zazpi lagun proposatzeko, Batzorde Kudeatzaileko kide izateko. Lan hori, ordea, bere gain hartu du herrian osatu den talde iraunkor batek. Udalgintzan eta herriko erabakietan parte hartzeko konpromisoa hartu du taldeak. Besteak beste, Batzorde Kudeatzaileko zazpi bokaletatik sei herritako talde eragileak proposatu ditu. Xabier Maiza izango da batzordeko zazpigarren bokala, alderdi sozialistaren ingurukoa.

Abuztu bukaeran Tolosaldeko Hauteskunde Batzordean jasotako sinestamenduak aurkeztu dituzte, gaur, zazpi bokalek. Batzorde Kudeatzaileko lehendakaria hautatu ondoren bukatutzat eman dute ezohiko bilkura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!