Albizturgo gestora osatuko duten zazpi bokalen izendapena onartu dute

Ataria 2015ko ira. 15a, 13:10

Imanol Lasa foru bozeramaileak eman du Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakiaren berri.

Hiru eguneko epean, ezohiko bilkura egingo da batzordea sortzeko. Bertan, bokal kudeatzaileek kargua hartuko dute, eta beraien artean bozketa egingo dute presidentea aukeratzeko. Boto gehien erdiesten dituena izango da, hain zuzen, Tolosaldeko udalerrian alkatetzaren eskumenak eta ahalmenak bere gain hartuko dituena.

Joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan 249 erroldatik 170 herritarrek eman zuten botoa. Aurkeztu zen hautagaitza bakarrak, PSE-EErenak, 13 bozka lortu zituen eta 157 boto txuri izan ziren. Alderdi sozialistak aurkeztutako hautagaiak zinegotzi aukeratu zituzten, baina Tolosaldeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi zioten uko egiten ziotela karguari.

Hauteskunde legean aurreikusten den bezala, Foru Aldundiak PSE-EEri eskatu zion zazpi lagun proposatzeko, Albizturren udal gobernu eta administrazioa hartu zuen kudeaketa batzordeko kide izateko. Hamabost kidez osatutako herritar talde batek hartu zuen ardura hori. Talde horrek proposatuak dira Batzorde Kudeatzailean arituko diren zazpi lagunetako sei eta alderdi sozialistak aurkeztu du Xabier Maiza bokal lanetarako.

Albizturgo udalerrian Batzorde Kudeatzailea eratuko duten bokalen izendapena gaur onartu du Diputatuen Kontseiluak. Imanol Lasa, foru bozeramaleak azaldu du goizean egindako agerraldi batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!