Herritar talde batek babestuko du Albizturgo udal gestora berria

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 2a, 10:59

Talde eragilean dabiltzan sei herritarrek eta PSE-EEko kide batek osatuko dute gestora

Tolosako hauteskunde batzordeak bidali ditu Albizturgo udal gestora osatuko duten zazpi pertsonen sinestamenduak Gipuzkoako Foru Aldundira. Orain erakunde horri dagokio hurrengo pausoa ematea. Aldundiak onespena eman ondoren, udal talde berria osatzeko kargu hartze bilkura egingo dute udaletxean eta martxan jarri ahalko da udal berria. 15-16 herritarrez osatutako taldea osatu dute eta talde horrek babestuko du udal gestora. Bertatik atera dira gestoran parte hartuko duten sei herritarren izenak; hauteskundeak irabazi zituen PSE-EEko kide batek ere hartuko du parte udal taldean.

Zinegotzi lanak egingo dituzte zazpi lagunen izenak, oraingoz, ez dituzte jakinarazi nahi izan. Ez dute oraindik erabaki gestoraren lehendakaria, eta beraz alkate lanak egingo dituena, zein izango den. Hala ere, Albizturgo iturriek jakinarazi dutenez, «talde anitza, zabala eta independentea» izango da gestoran parte hartuko duena. PSE-EEk kide bat izango du gestoran eta hura ere «gertukoa» izango omen da.

Maiatzaren 24an sozialistek bakarrik aurkeztu zuten zerrenda udal hauteskundeetan, eta hauek alkatetzara ez iristeko boto txurien kanpaina bat abiarazi bazuten ere, azkenean gobernatzeko boto nahikoak eskuratu zituzten, 13 hain zuzen. 157 boto txuri atera ziren, baina boto baliagarrien %5era iritsi zen PSE-EE eta, beraz, alkatetza lortu. Hala ere, ekainaren 13an alderdi sozialistak uko egin zion zinegotzi aktak jasotzeari.

Albizturgo udalbatza osatu gabe geratu zela jakinarazi eta herritarrekin batera, gestora bat osatzeko proposamena luzatu zion alderdi sozialistak foru aldundiari.

Talde eragilea martxan

PSE-EEko zazpi kideek zinegotzi izateari uko egin ondoren, herri batzar jendetsua egin zuten Albizturren. Gregorio Iraola, jarduneko alkateak aipatu bezala, «printzipio nagusi bat azaldu zen garbi: herritik kudeatu nahi genuela udala eta ez kanpotik». Helburu horrekin osatu da herrian talde eragilea eta 15-16 lagunek osatzen dute. «Genero, adin, jatorri eta pentsaeraz anitza den taldea da». Hain zuzen, talde horren babesa izango dutela jakinda eman dute sei herritarrek gestoran izen emateko pausoa. Iraolak baieztatu duenez, bera ez da sei herritar horietako bat izango.

Talde eragileak udalean jardungo duen gestora babestu eta lagunduko du eta herritarren parte hartzea dinamizatuko du. «Jarraituko dugu herri batzarrak egiten baina talde iraunkor bat egongo da konpromiso handiagoz herriko kontuetan lanerako prest», esan du Iraolak. «Berria da hautatu dugun bidea, baina aurreko legealdian egindako ahaleginaren emaitza da parte hartzean eta komunikazioan sakontzeko urratsak egin genituelako. Hala ere, kultura berri bat da eta pixkanaka denok ikasi behar dugu beste era batera funtzionatzen».

Talde eragilea abian jartzearekin batera arautegi bat onartu dute. Erabakiguneak zein diren eta gune bakoitzean nork parte hartu behar duen zehaztu dute. «Bide luzea egitea espero dugu eta talde horrek balio beharko luke etorkizunean udalerako hautagaitzak osatzeko, azkenekoan gertatu zaiguna berriz ez errepikatzeko», dio Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!