Kudeaketa batzordea osatzeko asmoz herri batzarra egingo dute gaur

Imanol Garcia Landa 2015eko ekainaren 26a

Talde eragileak deituta, udaletxeko bilera gelan egingo da, 21:00etan.

Albizturko Udalaren osaketa prozesua aurrera doa. Azkeneko herri batzarrean sortu zen talde eragileak udal funtzionamenduari buruzko hausnarketa bat egin du eta horren berri emateko herri batzarra deitu du gaurko. 21:00etan hasiko da batzarra eta udaletxeko bilera gelan egingo da. Talde eragiletik azaldu dutenez, «herri batzar honen helburua da talde eragilea sendotzea eta bertatik kudeaketa batzordea eratzea».

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan, Albizturren zazpi zinegotziak eskuratu zituen PSE-EEk, guztira 13 boto jasoaz. Bestalde, 157 boto txuri izan ziren. Gipuzkoako PSE-EEk hauteskundeetan lortutako zazpi zinegotzien aktak jasotzeari uko egin zien, eta horren ondorioz ez zen udalbatza berria osatzeko osoko bilkurarik egin, eta beraz, egun, Albizturko Udala jardunean dago.

Aktei uko egin aurretik alderdi sozialistatik harremanetan izan ziren Gregorio Iraola jardunean ari den alkatearekin, eta zer asmo zituzten azaldu zioten. Tartean, zinegotzietako bat izendatzea bere esku izango zela azaldu zuten. Herri batzarra egin zen egoeraren berri emateko eta bertatik talde eragile bat sortu zen, udalbatza eta udal berriaren osaketa prozesua bideratzeko. Talde eragile horrek deitu du gaurko herri batzarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!