Hauteskundeak 2015. Emaitzak

PSE-EEk alkatetza lortu du Albizturren

Ataria 2015ko mai. 24a, 20:27

157 boto txuri baino ez dituzte lortu herritarrek, eta sozialistek, berriz, 13 eskuratu dituzte. Ondorioz, emaitza historikoa lortu du PSE-EEk, lehen aldiz alkatetza bat izango baitu Tolosaldean.

PSE-EEK lortu ditu Albizturko zazpi zinegotziak 13 boto eskuratu eta gero, eta, beraz, berea da alkatetza. Hain zuzen, Patricia Ainhoa Val izango da Albizturko alkate datorren legealdian.

Beste zerrendak, PPrenak, ez du botorik jaso. Azkenean 157 boto txuri izan dira, baina 13 bozkarekin PSE-EEk ziurtatuta zuen ordezkaritza udalean, hau da, boto baliagarrien %5era iristen zen, erroldako beste guztiek txuri bozkatu arren. Lau boto baliogabe izan dira.

Haizalde gazte elkartetik gutuna bidali zieten herritarrei Albizturren udal hauteskundeetan izango zen egoeraren inguruan. Elkarteko Ander Malbadik azaldu duenez, «bagenekien ez zela erraza egoera. Azkenean, helburu nagusiena behintzat jendearengana iristea zen, eta hori lortu da. Orain lau urte baino parte hartze handiagoa izan da eta boto zuriak %90 izan dira. Azkenean %5a hori lortzeak ahalbidetzen dio PSE-EEri alkatetza, baina garbi gelditzen da herri honen gehiengoaren babesa ez duela. Babes hori gabe hartuko dute alkatetza».

Foru hauteskundeetan 8 boto lortu ditu PSE-EEk, eta kopuru berdina lortu izan balu udal hauteskundeetan, ez zen %5era iritsiko, eta beraz ez zen izango udalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!