Herritarrek Santa Marinako eskola saltzea erabaki dute

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 11a, 11:50

Legealdiko azken herri batzarra egin da, eta udalaren diru kontuen berri eman dute

Legealdia aurki bukatuko da eta Albizturren azken herri batzarra egin dute. Zerrendan informazioa emateko hainbat gai zeuden, eta beste bat erabakiak hartzeko: Santa Marinako eskolak. Gregorio Iraola alkateak azaldu duenez, herri batzarrean eraikin hori saltzea erabaki zen. «Herrian egun egiten ari diren obrak direla-eta mailegua eskatu da, eta horri aurre egingo zaio Santa Marinako eskolak salduta», zehaztu du.

Santa Marinako eskolaren inguruan aurretik lanketa bat egin behar izan da. «Ikusi zen lurra ez zegoela udalaren izenean eta eraikina ez zela existitzen legalki», azaldu du Iraolak. Beste herri batzar batean aipatu zen gaia, eta bertan esan zen lehenengo eskritura kontu guztiak zuzentzea eta gero erabakiko zela zer egin. «Azken herri batzarrean izan zirenetik %90ek erabaki zuten saltzea. Konpontzeko gastu asko du, eta behin hori eginez gero ez zegoen garbi zer erabilpen emango zitzaion. Hirigunean egongo balitz erabilpenen bat bilatzea errazagoa izango zen, baina Santa Marina izanik erabilpena mugatua izango zen», azaldu du alkateak.

Santa Marinako eskolen salmentak lotura zuzena du udalaren diru kontuekin. «Jasoko den diruarekin eta udalak bere kudeaketan aurreztu duenarekin, errepidearen obrak egiteko erosi behar izan den Zubiaurreko etxea ordainduta geratuko litzateke». Egun Albizturko Udalak 54.000 euroko mailegua du. Aurreikusten dute mailegu hori kendu egingo dela, besteak beste, eskolaren salmentarekin. Hain justu, herri batzarrean jorratu zen beste gaietako bat udalaren diru kontuen egoera izan zen. «2011n udalean sartu ginenean balantzea -33.300 eurokoa zen, kaxan zegoen diru kopurua eta ordaindu behar zena alderatuta. Horri gehitu behar zitzaion aldundiaren fondoari itzulketa egin behar zitzaiola, 57.000 euro ingurukoa. Beraz, balantzea -90.300 eurokoa zen», azaldu du Iraolak. «2015. urteko ekainean, gutxienez 5.000 euroko soberakina utziko dugu udalean».

Oinezkoei lehentasuna

Errepidearen obren inguruko informazioa ere eman zen batzarrean. «Errepidean estuguneak zeuden lekuetan espaloia puskatu egiten zen. Beraz, obren helburua da oinezkoek bere lekua izan dezatela ibilbide guztian», azaldu du Iraolak.

Obra horiekin du zerikusia Zubiaurre etxea botatzearena. Izan ere, errepidea zabaltzerakoan hartutako erabakietako bat Zubiaurre etxea eraistea izan da. «Guk hutsik ezagutu dugun eraikina izan da Zubiaurre. Udal guztiek izan dute nahia Zubiaurre eraitsi eta errepidea zabaltzeko», zehaztu du alkateak. Zubiaurre etxea dagoeneko bota dute.

Lanak egingo diren beste puntuetako bat Alfaro eta Iriarte artekoa da. «Estua da eta oinezkoentzat txarra. Hor ibilgailuak banaka pasatzeko modua jarriko da». Bestea da plazako sarrera, elizaren eta udaletxearen artekoa. Hor semaforo bat jarriko da, ibilgailuak banaka pasatzeko. Bestalde, udaletxearen aurrea eta elizarena ere berdindu egingo da eta oinezkoentzat jarriko da, eta bertatik ibiliko dira bai ibilgailuak eta oinezkoak. Behin plaza ingurua oinezkoentzat jartzen denean, kontuan hartuko da nola aparkatzen duten ibilgailuek. «Egiten ari garen obra guztia oinezkoengan pentsatuz egindakoa da», esan du Iraolak. Lanak nahiko aurreratuta daudela dio eta beste hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten du.

Herriko iturriko ur jarioaren inguruan ere hitz egin zen herri batzarrean. «Aurreko batzarrean jendea kexatu zen herriko iturrietatik ez zela beti ura berdin etortzen, eta aipatu zen posible zela norbaitek herriko iturrieko hodietatik ura hartzea. Beraz, ikusi genuen gaia landu behar zela», azaldu du alkateak. Horrela, galdetu zen bi lekutan ea ura hartzen zuten, eta kasu batean esan zuten ezetz eta prest zeudela norbait joan eta begiratzeko, eta bestean esan zuten hoditerira puntu bat hartuta zutela, baina aspaldi ez zutela hortik ura hartzen. «Herri batzarrean esplikatu genuen landutakoa, eta bidezkoa ikusten da hoditik hartuta dagoen puntua kendu egin beharko dela», zehaztu du Iraolak.

Ostiralean egin zen herri batzarra eta 20tik gora herritar izan ziren bertan. «Kontuan hartuta zer eguraldi egin zuen, nahiko ondo dago», azaldu du Iraolak, eta gaineratu: «Azken lau urte hauetan ohitura hartu genuen herriko erabaki nagusienak ahal zen neurrian herritarren parte hartzearekin hartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!