Herriko Etxe taberna eta jatetxea, berriro zabalik

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 9a, 11:35

Naiara Delgadok eta Ibon Barandiaranek hartu dute udaletxe azpian dagoen Herriko Etxeren ardura.

Abenduaren 20ean zabaldu zuten Herriko Etxe taberna-jatetxea Naiara Delgadok eta Ibon Barandiaranek. Albizturko Udalak ateratako lehiaketa irabazi ondoren jarri dute martxan bere proiektu berria. «Eguberriak zetozen eta hasieran taberna bakarrik ireki genuen, pintxoekin eta, herritarrei zerbitzua ematen hasteko», dio Delgadok.

Martxan jarri eta martxa hartu dute biek. «Pixkana joan gara zerbitzu gehiago eskaintzen eta jendea ezagutzen», dio Barandiaranek. «Eskaerak etorri ahala joan gara eskaintza zabaltzen: pintxoetatik hasi eta jatetxera, plater bat edo beste sartzen joanez». Albiztur izanik, babarrunak derrigorrezko eskaintza da Herriko Etxen. «Babarrunak ahal ditugun hoberen egiten saiatzen ari gara», diote, eta kritika onak jasotzen ari direla gaineratu dute.

Aldaketa bat egin nahi zuten beren bizimoduan. «Nik lan gutxi nuen eta Ibon pixka bat erreta zegoen bere lanean azken urteetan. Herriko Etxe hartzeko aukeraren berri izan genuen, eta ikusten genuen bizimodu aldaketa bat behar genuela eta lehiaketara aurkeztu ginen», azaldu du Delgadok.

Barandiaran ostalaritzan aritutakoa da jatetxeko barra batean lanean eta platerak garbitzen sukalde batean. «Behin ere ez nintzen aritu lan guztiak egiten, hau da, sukaldatu, taberna lanak, garbiketak... Eskarmentu pixka bat banuen, baina hemen ari naiz ezagutzen ostalaritza bere osotasunean», esan du. Delgadok gaineratu duenez, «beti gustatu izan zait sukaldea. Etxe batean aritzen nintzen egunero sukaldatzen, eta gure etxean ere biok aritzen gara sukaldean. Hemen ez da etxean bezala, noski, dena beste neurri batean egin behar da, baina hasi gara martxa hartzen, ikusi dugu balio dugula eta aurrera goaz».

Bertako produktuen eta etxeko sukaldaritzaren aldeko apustua

Behin Eguberriak igaro eta gero, ohiko martxa izango duen ordutegi eta eskaintzarekin hasi dira. Astean zehar 10:00ak eta 21:00ak bitarte irekiko dute eta eguneko menua emango dute. «Eguneko menuan betiko janaria jarriko dugu, eta ez dira faltako babarrunak bere sakramentu guztiekin», dio Delgadok. Berezitasun bezala, haragirik jaten ez dutenentzat proteina begetala duten jakiak izango dira aukeran, hanburgesa begetala, tofua, edo seitana, esaterako. Asteburuan, ostiral eta larunbat gauetan, afariak emango dituzte, plater konbinatuak eskainiz. «Postreak etxekoak izango dira. Sukaldaritza etxekoa egiten dugu, eta bertako produktuen aldeko apustua egin nahi dugu».

Bigarren jangela bat dago eta hor haur txoko bat jarri nahi dute. «Bezeroentzat eskainiko dugun zerbitzua da, haurrek bertan jolastu ahal izateko», dio Delgadok. «Horrez gain, zenbait arratsaldetan arte tailerrak eskainiko ditugu. Arlo horretan aditua naiz, eta horrekin jarraitu nahi dut eta herriko haurrei ere aukera hori eman».

Ostalaritza zerbitzuez gain, ekitaldiak ere antolatu nahi dituzte. «Kontzertuak, bakarrizketak, bertso-afariak, ipuin kontalariak... antolatzeko asmoa dugu, jendea gustura egoteko eta tarteka gauza bereziak izateko», azaldu du Barandiaranek.

Duela gutxi zabaldu arren, dagoeneko izan dute jendea bertan bazkaltzen eta kanpotik etorritakoak ere babarrunak jatera. «Jendearekin oso harreman ona izaten ari gara eta gustura gaude», dio Barandiaranek. Hori bai, aurreko telefono zenbakia bertan behera utzi die telefono konpainiak eta oraingoa 943 69 84 57 izango da. 677 34 06 85 zenbakia ere erabili daiteke erreserbak egiteko. Bestade, aurki martxan jarriko dute herrikoetxejatetxea.blogspot.com webgunea eta facebook orrialdea ere izango dute.

Barandiaranek eta Delgadok azaldu dutenez, «herritarrek eskertu dute berriro ere Herriko Etxe zabalik egotea. Albiztur herrigunearen erdi-erdian dago, udaletxearen beheko solairuan. Abuztutik itxita egon da eta sekulako falta somatu dute herritarrek, herriguneari bizia emateko diolako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!