Albiztur, ia 500 urte atzera

Albiztur herriari buruz dagoen argazki zaharrena, 1890 urte ingurukoa, Elane familiak gordea.

Mikel Prietok idatzi duen 'Albiztur 1552: baserriak eta etxeak' liburuaren aurkezpena egingo dute, bihar

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbaterako Albizturren, udalaren eta herritarren artean, eta horien artean nabarmentzekoa da Mikel Prietok egindako Albiztur 1552, baserriak eta etxeak liburuaren aurkezpena. Urte hori oinarri hartuta herriko ehun baserri eta etxe ingururen historia bildu du Prietok.

Donostiarra izatez, Prietok badu lotura Albizturrekin, bertako Atxista baserriko Juan Zelaiak bere lurretan erleak jartzeko aukera eman baitzion orain 24 urte. «Juan Zelaiak hainbat istorio zekizkien baserriko bizitzari buruz eta nik banuen jakin-mina gaiari inguruan». Prontxio Martinez arotzarekin ere harremanetan jarri zen, eta honek konponketa lan asko egin zituenez Albizturko eta bailarako hainbat baserri eta etxeetan, asko lagundu zion «hainbat etxetan sartu eta jendea ezagutzen».

Albizturko etxe eta baserrien historia arakatzen hasi eta liburuak oinarri moduan hartzen duen dokumentu batekin egin zuen topo. «Etxea erre Ermandadea moduan itzuli daitekeen dokumentua 1552 urtekoa da. Eskritura horretan azaltzen dira urte horretan ermandadean bere izena eman zutenak, 80tik gora, eta gainera bere etxea zein zen. Garai hartako errolda moduan hartu daiteke, eta Albizturko lehen errolda osoa izango litzateke».

Hiru etxetan, familia bera bost mendetan

Liburuaren bitartez, esaterako, orain bost mende ahaideak Albizturren zituztenek, bere zuhaitz genealogikoa egiten hasteko aukera ematen du. «Errolda horretan agertzen diren etxeetan zeintzuk ziren jabeak eta zer familia zuten gutxi gorabehera, datu horiek jaso ahal izan badira», azaldu du Prietok. «Beraz erreferentzia hori eskaintzen du jendeak bere familiako historia edota bere etxearen historia egiteko».

Esaterako, Prietok jasotako informazioaren arabera ikusi ahal izan da gutxienez hiru baserritan, Urretahaundi, Urtukoetxea eta Goikoetxea, 1552 urtetik gaur egunera arte bakoitzean familia bera izan dela bizitzen.

Eskritura horretan azaltzen diren etxeetaz gain, garai hartako beste zenbait baserri eta etxeren berri jaso du liburuan egileak. Horretarako Aranzadi zientzia elkarteak egindako lana erabili du: «Tolosaldeko hamabi herritan dago aukera, norbaiten izen-abizenak jarri eta pertsona horren inguruan dauden eskrituren berri izateko, tartean XVI. mendekoak. Zortea baduzu, eskritura horietako bat testamentu bat edo ezkontza itun bat izan daiteke eta hor informazio asko azaltzen da». Hain justu, horrelako dokumentuei esker lortu du Prietok datu gehiago biltzea eta Ermandadean azaltzen ez diren etxeei buruzko informazioa jasotzea. «Denera ehun bat etxe dokumentatuta azaltzen dira liburuan, baina ez du esan nahi zeuden guztiak zirenik. Bestalde, nahiko harrigarria da ikustea liburuan azaltzen diren etxeetatik egun 20 falta direla».

Informazio iturriak

Aranzadik osatutako dokumentazio lanaz gain, beste hainbat iturri ere erabili ditu Prietok. Batetik, Seminarioko liburu sakramentalak, alegia, heriotza, jaiotza eta ezkontza agiriak. Bestetik, Oñatiko artxiboan ere aritu da informazio bila. Eta Prietok ere garrantzi handia ematen dio elizbarrutiko informazio iturri bati, hau da, herri bakoitzeko elizak izaten dituen liburuetako datuak. «Matricula parroquial izenekoak topatzeko aukera baduzu zuren herrian, momentu horretan zure herriko pertsona guztien zerrenda eskuratzen duzu, eta hori bihurtzen zaizu helduleku ezinhobea», azaldu du.

Aranzadi zientzia elkarteak bultzatutako Tolosaldea Historia Bildumaren 19. alea da Prietok osatutako liburua. Hain justu, lana egiteko Juantxo Agirre-Mauleonen emandako laguntza eskertu du. «Liburuaren azalean eta beste hainbat elementuetan bere parte-hartzea erabakigarria izan da», zehaztu du Prietok. «Esaterako, berak proposatu zidan etxe bakoitzeko argazki bat jartzea, eta horrela egin da». Biharko aurkezpenean, hain justu, Prieto eta Agirre-Mauleon izango dira, eta bertara joaten diren herritarrek liburu bat eskuratu ahal izango dute etxe bakoitzeko.

 

Mikel Prieto liburuaren egilea, Errekalde baserriko leihoaren azpian dago argazkian. «Prontxio Martinez bizi izan zen hemen», dio Prietok eta baserri hori jartzen du adibide moduan etxe bateko kanpoko itxurari begiratuta bakarrik hanka sartzea «oso erraza» dela azaltzeko: «Baserrian sartuz gero orduan hasten zara lehengoko arrastoak ikusten. Arkitekturaz asko dakien norbaitek esango du Prontxioren etxekoak XVI. mendeko leiho bikoitzak eta arku konopialak dituenak direla. Baina ez du ikusi barrutik eserlekuak dituela, hau da, elkarrizketa lekua zela, 'parlotero' bezala ezagutzen dena, eta XV. mendekoa izan daitekeela». Prietok, argazkian, burdinezko pasadore bat du eskuan, Albiztur inguruan bildutakoa: «Muruetxea baserriari buruzko informazioan hainbat burdinezko piezen argazkiak jarri ditut, 1552an errementariaren etxea zelako. Esanguratsuena pasadorea da, XVI. mendeko San Juan naoa eraikitzeko eredu gisa erabili dutena».

 

 

 

 

 

 

 

Azaroak 15eko egitaraua

18:00. Xalto pailazoa, Mikel Susperregirekin. Haurrei zuzenduta, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

18:00. Ondoko hilobiko tipoa antzezlana, frontoian, Iker Galartza eta Aitziber Garmendiarekin. Gazte eta helduei zuzenduta.

19:15. Albiztur 1552, baserriak eta etxeak liburuaren aurkezpena, udaletxe azpian. Mikel Prieto autorearen eta Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre-Mauleonen parte hartzearekin.

Ondoren. Afari-merienda: patata tortilla, gazta, edariak eta gaztainak frontoian.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!