Albizturtarrak hondakin bilketa sistema berriarekin hasiko dira

Asier Imaz 2014ko eka. 5a, 16:44
Hondakin bilketa sistema berria ekainean edo uztailean iritsiko da Albizturrera. Herri batzarrean erabaki zuten aldaketa hori nolakoa izango den. Horrez gain, 2013ko zenbakiak, Santa Marinako eskola edo herrian egin beharreko proiektuak izan zituzten hizpide.


Albizturko Udalak garrantzi handia ematen die herri batzar hauei, eta bere funtzionamenduari. Gregorio Iraola alkateak, parte hartzea hitz bat baino gehiago dela erakutsi nahi du: «Gauza bat aldarrikatzen duguna da, eta bestea, praktikara eramaten dena. Orain arte udala beti kanpotik ikusi dut, herritar moduan, eta entzuten da udalak irekia eta parte hartzailea izan behar duela». Ideia horiek izatetik gauzatzera, ordea, aldea dagoela dio Iraolak: «Parte hartzea esaten dugunean, ez dugu esan nahi udalak informatu bakarrik egin behar duela; udaleko erabakietan parte hartu behar dela, baizik». Herritarrak aktibatze horrek filosofia, pentsaera eta kultura aldaketa bat dakar berarekin, alkatearen hitzetan. «Bi gauza desberdin dira informatiboa eta parte hartzailea, eta hori argi bereiztu nahi izan ditugu beti», gaineratu du Gregorio Iraolak.
Albizturren herri batzarrak deialdi bidez egiten dituzte. Herritarren artean batzarreko gai zerrenda banatzen dute, eta gai bakoitzaren inguruko informazioa. Modu horretan herritarrek aurretik prestatzeko aukera dutela dio Iraolak. Herri batzarra iristen denean, udaletxean elkartu eta zerrendari tiraka hasten dira. Gai bakoitza eztabaidatzeko denbora zehaztuta dago. Adibidez, Santa Marinako eskolaren gaiari 15 minutu eman zizkioten. Iritziak eta proposamenak aztertu ondoren, bileran dauden herritarrek bozkatu egiten dute. Azkenik, hortik ateratako emaitza bere egiten du udalak.
Lau gaiko zerrenda
Azken herri batzarrean lau gairen inguruan elkartu ziren herritarrak. Udal ordezkariak oso gustura gelditu ziren jendearen erantzunarekin. Lehen puntuan Santa Marinako eskolaren gaia izan zuten mahaian hizketagai. Eraikina udalarena da, baina eskriturak oraindik egin gabe daude. Berarekin zer egin galdetu zitzaien herritarrei, konpondu eta egokitu, subastara edo salmentara atera... Herri batzarrak, ordea, erabaki hori aurreragorako uztea erabaki zuen. Lehenik eskriturak eta paperak egoki jarri behar zirela esan zuten albizturtarrek, ondoren zer egin erabakitzeko.
Zerrendan bigarren gaia 2013ko zenbakiak ziren. Puntu hau erabat informatiboa izan zen, kontuak herritarrei erakustea baitzuen helburua. Urtea 31.000 euroko aurrezkiarekin bukatu du Albizturko Udalak.
Hirugarren puntuan hondakinen gaia aztertu zuten, baita erabakiak hartu ere. Horien arabera, Albizturren organikoa atez ate biltzea adostu zuten. Herri konpostajea egingo dute. Udaletxeko langileak posteetatik hartuko du organikoa, eta konposta gunera eramango du. Baserrietan nola egin aztertzeko, lanketa egiteko gelditu ziren.
Plastikoa eta papera orain arte bezala, hau da, edukiontzi urdinen eta horien bidez. Errefusari dagokienez, neurgailu edo kontrol sistema bat ezarriko dute. Horrek, bakoitzak zenbat aldiz erabiltzen duen kontrolatuko du, eta helburua, herritar bakoitzak sortzen duen araberako kuota ordaintzea izango litzateke.
Organikoaren atez ateko bilketarekin ekainean edo uztailean hasiko direla esan du Albizturko alkateak. Errefusa neurtzeko sistema, aldiz, iraila aldean jarriko dutela dio Iraolak.
Hondakinen kudeaketaren eztabaida bideratzeko, zenbakiak mahai gainean jarri zituen udalak. Egun, mankomunitateari 28.000 euro ordaintzen dizkio Albizturrek urtean. Herritar bakoitzak 93 euro jartzen ditu. Hurrengo urtean, ordea, gauzak aldatu egingo dira, eta egungo sistemaren kostua 55.000 eurora igaroko litzateke. Udalak ez luke laguntzarik jarriko, eta herritar bakoitzak 327 euro jarri beharko lituzte. Hondakinen bilketa gaika ongi eginez gero, kostu hori 20.000 eurora jaitsiko litzateke. Herri batzarrean, bigarren aukera honen alde egin zuten albizturtarrek.
Batzarreko azken gaiaren barruan hiru puntu zeuden. Alde batetik, 2014rako herrian egin daitezkeen lanak zehaztu zituzten. Horietatik batzuk jadanik eginak dituzte. Adibidez, udaletxeko teilatua eta konposta gunea. Herriko langilearen lokal berriari dagokionez, Gregorio Iraola alkateak jakinarazi du,  eraikina joango litzatekeen lurraren inguruko negoziaketak amaitzear daudela. Bestalde, azken gaiaren barruan, herri basoen inguruko informazioa eman zien udalak albizturtarrei. Azkenik, Tolosaldea Garatzen izan zuten aztergai herritarrek. Kuota aldaketa bat egon dela azaldu zuen udalak, eta hori herritarrek ongi ikusi zutenez, Tolosaldea Garatzenen sartzea erabaki zuten. Ondorioz, Albizturko Udala berriro ere eskualdeko garapen agentziaren kide izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!