Ander Malbadi: «Proiektua euskaraz aurkeztuta arantza txiki bat kendu dut»

Asier Imaz 2014ko api. 10a, 16:11
Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak ikasturte amaierako euskarazko proiektu onenak saritu dituzte. Ander Malbadiren (Albiztur, 1989) Igogailuen gida-sistemaren neurgailuak proiektuak lehen saria jaso du.

Nola azalduko zenioke ingeniaria ez den bati zure proiektua?
Ikasketa amaierako proiektua Oronan egin nuen; igogailuak egiten dituen Hernaniko enpresan. Trenak tren karriletan joaten diren bezala, igogailuek ere euren karrilak edo gidak dituzte. Gida horien egoera ezagutzeko neurgailu bat diseinatzea izan zen nire proiektua.   
Normala al da gida horiek oker egotea?
Teorikoki posizio batean egon beharko lukete, baina eskuz montatzen direnez, okertuta egon litezke, edo elkarrekiko orekarik gabe. Eskuz neurtzea ez da erraza, lau edo bost pisuko eraikinetan adibidez. Egoera hori ezagutzeko izango litzateke neurgailua; gidak banaka zuzen dauden, lerrokatuak ote dauden... jakiteko.     
Nondik sortu zitzaizun neurgailuaren ideia?  
Oronan bertan proposatu zidaten gaia. Azken finean, gabezi hori nabaritu zuena Orona bera izan zen. Gero, konfidentzialtasun handia egoten da horrelako enpresetan, eta ez dakizu ziurtasunez besteek nolako neurgailua daukaten. Ideiaren bat egin nahi baduzu, edo nondik joan daitezkeen jakiteko, patenteak ikusi behar dituzu.   
Emaitzarik aurkitu al duzu bide horretatik?
Asko landu den gaia da, baina azken urteetan ez da emaitza nabarmenik lortu.    
Gidak okerrak egonez gero...
Igogailu batean dardara edo zarata iturri izan daitezke gidak. Oso garrantzitsua da okerrak ez egotea, bestela kabina bibrazioekin hasten da erabiltzaileak nabaritu egiten du. Beldur sentsaziorik ez izatea garrantzitsua da.
Zure proiektutik zer baloratu zuen epaimahaiak?
Azkenean oso proiektu zabala eta anitza izan da. Nik hasieran ingeniaritza mekanikoa ikasi nuen, eta ondoren industriala. Proiektu horretan beste alor batzuk ere sartu behar izan ditut, informatika, elektronika... Aurkeztu nuenean horrek atentzioa deitu zien, eta nire ustez arlo desberdinak sartze hori baloratu egin dutela.  
Euskaraz egin arren proiektua, gaztelerara itzuli behar izan duzu.  
Pena bat da. Gaur egun jende askok ingenieritza edo zientzia ikasketak euskaraz egiten ditu, baina bada joera bat azken proiektuak gazteleraz egitearena. Euskaraz baino informazio gehiago dago gazteleraz, eta askotan erosotasun horretan erortzen zara. Nik arantza txiki bat neukan, izan ere, Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko beste proiektu bat aurkeztu behar izaten da, eta euskaraz egin nahi nuen, baina inporta ez bazitzaidan ingelesez egiteko eskatu zidaten. Horrela esanda, ingelesez egin nuen. Orain, beraz, euskaraz egingo nuela argi nuen. Hala eta guztiz ere, kopia bat gazteleraz egitea eskatu zidaten, eta horrek zalantzak sortzen dizkizu; 100 orriko dokumentua itzultzen bi aste pasatzea eta abar.
Lehendik ere nahiko lan izango ez bazenu bezala.   
Kontua da argi nuela, eta bi aste pasa behar baldin baziren dena itzultzen, ba pasa egin beharko zirela.  Eta horrela izan da. Nik ez baldin badut euskaraz egiten, jakinda euskararekin ditugun arazoak nolakoak diren, nola esan beste bati bere proiektua edo dena delakoa euskaraz egiteko. Euren multzo berean sartuko nintzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!