Azpiegitura proiektuak, Albizturko erronka hurbila

Asier Imaz 2013ko aza. 29a, 18:57
Albizturren hainbat proiektu ditu begiz jota Gregorio Iraola alkateak. 2013. urtean nahi baino denbora gutxiago eskaini dio udalari, ogibidieak ez baitio atsedenik eman. Hala eta guztiz ere, etorkizuneko Albiztur eraikitzeko urratsek ez dute etenik izan, eta Iraolak zehazten duenez, hori parte hartzearen bidetik egin dute.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra legealdia amaitu baino lehen onartu nahi du udalak. Une honetan, teknikarien esku aurkitzen da, «herriak egindako proposamenari forma emateko». Ondoren, udal batzarrak onartu beharko du bilkuran. Albizturko hirigintza planean herriaren etorkizuna dago jokoan, adibidez, eremu batean etxebizitzak egin daitezkeen edo ez, zein motatakoak eta abar zehazturik geldituko dira bertan. Horra iritsi bitarteko bidea luzea eta korapilotsua izan da. Gregorio Iraolak honela azaltzen du bilakaera: «Gu udalean sartu ginenean, legealdi honetan, plan orokorra lehen fasean zegoen, behin betiko onarpenaren zain. Gu sartutakoan gelditu egin genuen, eta dena berrikusi». Albizturko alkatearen esanetan, aurreko udalak planteatzen zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herriko «sektore nahiko batek» ez zuen gustoko. Horregatik gelditu zutela dio Iraolak: «Zerotik hasi bezala egin ginen. Parte hartze zuzeneko prozesu bat jarri genuen martxan. Alde batetik, herri batzarrak egin genituen; bestetik, eremuz eremukoak, eta azkenik, plangintzak eragina izango zuen lur sail jabeekin elkartu gara». Plangintza berria, adostasunean, bilera horietatik sortu dela dio Gregorio Iraolak.
Lehen urratsa martxan duen hirigintza proiektua Zubiaurre etxearen ingurukoa da. Albizturko herrigunera iristeko errepidean, estu gune bat dago Elane tabernaren inguruan. Hain zuzen ere, Zubiaurre etxearen ertz batek errepidea estutu egiten du. Iraolak herriaren «aldarrikapen historikoa» dela dio: «Gune arriskutsua da. Betidanik ezagutu duguna. Etxe hori erosi eta botatzeko nahia beti egon da hor, eta legealdi honetan hori lortu dugu». Udalak etxea erosi du, eta «herriarentzat baldintza mesedegarrietan, gainera», dio Iraolak. 2014an gauzatu nahi duten proiektuan kokatzen du Iraolak Zubiaurre etxea. Albizturrera doan bidea egokitu nahi dute urte horretan: bidea zabaldu, abiadura jaisteko sistemak jarri, zebrabideak, espaloiak…
Azpiegituren atala ez da amaitzen hor Albizturren. Gregorio Iraolak, badu beste proiektu bat buruan, nahiz eta oraindik hastapenetan egon: «Une honetan tratuan ari gara, lur sail baten inguruan. Lortzen baldin badugu, bertan herri konposta gunea jarri nahi dugu. Horrez gain, herri langilearentzat borda moduko bat egokituko genuke, orain duen lokala, pilotaleku azpikoa, egoera nahiko txarrean baitago». Tratua egin ahal izateko, lur aldaketa jarri du udalak mahai gainean. Herriarenak diren hiru eremu konposta gunea joango litzatekeen eremuarengatik. Baldintza hauek herri batzarretik pasatu zirela dio Iraolak, eta bertan onartu ondoren hasi zirela tratuan. Funtzionamendu modu horri garrantzi handia ematen dio Albizturko alkateak, eta udalaren kriterioa argia dela gaineratzen du Gregorio Iraolak: «Udala herriarena da, eta ez herria udalarena. Gu ez gara inoiz inor baino gehiago, eta inoiz inori ez diogu ezer inposatuko. Kudeatzaile bezala funtzionatzen dugu, ez botere bezala». Legealdi honetan horretan saiatu direla dio alkateak, «herri batzar filosofia bat jartzen, jendea erabakietan inplikatuz, edo behintzat, jakinaren gainean egon dadila. Horrela, parte izan dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!