Abraham Olano Peñak beste behin antolatu du Mendi Bizikletako Herri Zeharkaldia. 23. aldia izango da aurten. Gainera, berrikuntzekin datoz, Jesus Mansok azaldu duenez: «Aurten ibilbidea aldatu egin da eta jaitsiera mendi bideetatik egingo da. Beste urteetako parte hartzaileek eskatu dute eta aurrera eraman dugu». Abraham Olanok eta Ekaitz Agirrek diseinatu dute ibilbidea.
Proba Olarraindik hasiko da. Ondoren San Esteban auzoraino joango dira eta handik Urkizu aldera igotzen hasiko dira. Erdi bidean Albiztur aldera joko dute, eta bertan izango dute lehenengo anoa postua, bai edatekoa eta baita jatekoa ere. Hortik Urkizuraino igoko dira eta han bigarren anoa-postua izango dute, oraingoan edatekoa bakarrik. Urkizutik maldan behera joango dira, mendi bideetatik, eta Olarrain auzoa izango da, ohi bezala, helmuga. Hor ere anoa postua izango dute Guztira 23 kilometro inguru egingo dituzte txirrindulariek.
Proba igandean izango da, eta 10:00etan emango diote hasiera. Edozeinek parte hartu dezake eta izena probaren aurretik eman behar da. Federatuta daudenak 10 euro ordaindu behar dute eta federatu gabe daudenak 15 euro. Azken hauek gehiago ordaindu behar dute seguruarengatik. Parte hartzaile guztiek oparia izango dute, eta hori berritasuna izango da ere: proban zehar atera zaien argazkia emango zaie. Horrez gain, probaren amaieran zozketa egingo da, tartean, mendi bizikleta bat.
Auzoko festak
Mendi bizikletako martxa Olarrain auzoko festen barruan antolatzen dute. Bihar, ostirala, afaria izango dute elkartean. Larunbatean proba prestatzen ariko dira. Gauean afaria egingo dute, bertsolariez lagunduta. Igandean, probaz gain, 11:30ean haurrentzako jolasak izango dira. Meza ere ospatuko dute, eta bazkariarekin emango diote amaiera ekitaldiei.