Vertiz eta Maioz izan dira azkarrenak Adunan

Tolosaldeko Ataria

Gaur arratsaldean jokatu dute Adunako VIII. Mendi Duatloia. Gizonezkoetan Eneit Vertiz izan da lehena helmuga zeharkatzen; emakumezkoetan, berriz, Izarne Maiozek irabazi du.

Eneit Vertiz eta Izarne Maioz izan dira azkarrenak Adunako VIII. Mendi Duatloian. Gaur jokatu dutena Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izan da eta sailkapen orokorrean Eneko Gurrutxaga eta Izarne Maioz izan dira onenak.

Parte hartzaileak banaka zein bikoteka aritu dira lehian, eta hiru zati izan ditu probak: lehenengo 3,66 kilometro (118m+) egin dituzte mendian lasterka; segidan, 14,5 kilometro (541m+) mendian bizikletaz; eta, amaitzeko, beste 1,83 kilometro (59m+) egin dituzte mendian lasterka.

Gizonezkoetan Eneit Vertiz izan da azkarrena, eta haren atzetik helmugaratu dira hurrenez hurren, Eneko Gurrutxaga eta Pello Olaberria. Lehen herritarra, berriz, Asier Aburuza izan da. Emakumezkoetan, berriz, Izarne Maiozek irabazi du, bigarrena izan da Maitane Garmendia, eta hirugarren postua Larraitz Caballerok lortu du.

Banakako lehiaketaz gain, bi modalitatetan lehiatu dira erreleboetan: mistoak eta ez mistoak. Ez mistoetan Asier Altuña eta Koldo Herrera izan dira azkarrenak. Guztira 103 parte hartzaile aritu dira duatloian, horietatik 43 banaka lehiatu dira, eta 30 bikote izan dira —horietatik, lau izan dira mistoak—.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!