Adunako VIII. Mendi Duatloia Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da. Bihar, larunbatean, jokatuko da, 15:00etan hasita, eta bertan erabakiko dira zirkuituko sailkapen nagusiko postuak.
Imanol Otermin antolatzaile taldeko kidea da, eta aurten erreleboen modalitatean lehiatu da. Azaldu duenez, Adunako ibilbideak badu bere zailtasun maila: «Teknikotasuna badauka. Bidexketako jaitsierak teknikoak dira, eta gorako zatietan ere badago lana». Eguraldiak ere eragina izan dezake, bereziki euria eginez gero: «Pinu artean dauden zati batzuetan, bizikletak pasatzen direnean, lokatz pixka bat egon daiteke». Hala eta guztiz ere, ziur dago Bidania-Goiatzekoan baino lokatz gutxiago egongo dela.
Hiru sektore izango ditu probak. Lehenengoan, parte-hartzaileek 3,66 kilometroko mendi lasterketa egingo dute, 118 metroko desnibel positiboarekin. Ondoren, mendiko bizikletaren txanda izango da: 14,5 kilometro eta 541 metroko desnibel positiboarekin. Azkenik, 1,83 kilometroko mendi lasterketarekin amaituko dute proba, 59 metroko desnibel positiboarekin.
Hiru modalitatetan parte hartu ahal izango da: banaka, erreleboetan eta errelebo mistoetan. Parte-hartzeari dagokionez, 90 bat izango direlakoan dago Imanol Otermin. Proba amaitzean banatuko dira lehen sariak. Ondoren, Aburuza sagardotegian afaria egingo dute, eta bertan banatuko dira Euskal Herriko Zirkuituko sari guztiak, sailkapen orokorra kontuan hartuta. Oterminek umorez kontatzen duen bezala, «ziurrenik Aburuzan proban baino jende gehiago egongo da». Hasiera batean 130 laguntzat eskatu dute lekua, baina ikusi beharko da, iaz adibidez, 136 afaldar izan ziren sagardotegian.
Herri oso baten lana
Duatloiaren antolakuntzan Adunako herritarren inplikazioa nabarmendu du Oterminek. Boluntario ugari aritzen dira lanean, dortsalak banatzen, bidegurutzeak zaintzen eta lasterketaren antolakuntzan laguntzen. «Uste dut herri guztia elkartzen garela hemen. Adunako proba herritarren artean antolatzen den lasterketa izaten da», azaldu du.
Adunako Udalaren laguntzaz gain, herriko bi sagardotegien eta tabernen ekarpena azpimarratu du Oterminek: «Ez gara diru eske joaten enpresaz enpresa. Gure artean egiten dugun gauza bat da, eta horretan abantaila eta zorte handia daukagu, herri guztiak egiten duelako bere ekarpena».