Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetuko dute

Tolosaldeko Ataria

Adunako industrialdeko sarbidea erraztuko da, eta N-I errepidean istripuren bat gertatuz gero ordezko ibilbide bezala erabili ahal izango da. Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu berri du obren lizitazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak bide azpiegituretako hainbat proiekturen lizitazioa onartu du. Besteak beste, Andoain eta Zizurkil lotzen dituen GI-3610 Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzea eta Sorabillako N1-445-2 adarrean biribilgunea eraikitzea erabaki da.

Alde batetik, Adunako ibarreko bidearen azken zatia hobetzeko obren lizitazioa onartu da. Proiektuaren helburua da GI-3610 errepidean, Andoain eta Zizurkil artean, segurtasuna hobetzea. Jarduketa horri esker, Adunako industrialderako sarbidea erraztuko da, eta N-I errepidean istripuren bat edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ordezko ibilbide bat eskainiko da. Gainera, oinezkoentzako ibilbideak egokituko dira, joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen.

Obrak lizitatzeko oinarrizko aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko epea hamabi hilabetekoa.

Biribilgunea Sorabillan

Sorabillan, bestalde, N-1-445-2ko bide-adarrean biribilgune bat eraikitzea aurreikusi dute. Proiektuaren helburua da aipatutako bidegurutzean mugimenduak erraztu eta bide-segurtasuna hobetzea, ibilgailuen mugimenduak hobeto antolatuz eta zirkulazio arinagoa eta seguruagoa erraztuz.

Egingo diren lanei dagokionez, halaber, oinezkoentzako segurtasuna hobetuko da zonaldean dauden autobus geltokietara irisgarritasuna erraztuz. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 770.000 euro ingurukoa da, eta gauzatzeko ezarritako epea 20 astekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!